“Gakoa da denok batera salbatzea hondora doan itsasontzi hau “

Datorren asteko eguenean ospatuko dute Artagan gainean, Bilbon, Begoñako Amaren jaia. Hango basilikan dagoena da Bizkaiko zaindariaren irudirik ezagunena, jende gehien erakartzen duena. Askok ezagutzen du herrialdeko mendirik garaienean, Gorbeiako gurutzepean dagoen brontzezko erreplika ere. Baina oso gutxik dakite Bizkaiko golkoan, itsaspean, badela beste bat.

“Italian, Genevan, bada halako irudi bat, eta baita Mexikon ere, Amildegietako Kristo izenekoa. Eta hemen antzeko zerbait egin gura zuten CEVAS Centro Excursionista Vizcaino de Actividades Subacuaticas elkarteko kide Juan Marrak eta Tomas Crespok. Bizkaian gehien gurtutako irudia Begoñako Amarena denez, erabakia erraza izan zen”, gogoratu du Alberto Santolariak (Bilbo, 1968). Asmo horrekin zebiltzala CEVASeko presidente Luciano Reguera hil zen Gaztelugatxe inguruan, urpean. Jazoera horrek bere kideen ametsari hauspoa eman zion, eta 1963ko irailaren 15ean jarri zuten Gaztelugatxe eta Aketx arteko urpean Begoñako Amaren irudi hori. Joaquin Lucarini eskultore italiarrak egin zuen. “Ekitaldi handia izan zen, jende ugari elkartu zen ikustera. Itsasontzian eraman zuten eta Pablo Gurpide Bilboko gotzaina ere etorri zen”, dio Santolariak. Itsas mailatik zortzi metroko sakoneran dago.

Nakusarbe ingurumen dibulgaziorako taldeko kide eta EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerlaria da. Irudia Bermeo eta Bakio artean ezaguna dela dio. Eskualdeko arrantzaleek, adibidez, gerturatu eta itsasontzietatik lore eskaintza egiteko ohitura izan dute, arrantzara abiatu aurretik. Santolaria eta gainontzeko urpekariak 1,20 metro garai den eta ia tona bateko pisua duen brontzezko irudia garbitzen ari dira azken asteetan, 2013ko urteurren biribilerako. Eta, bide batez, gainontzeko bizkaitarren artean ere horren berri zaldu gura dute. Abuztuko Andra Mari egunean, kasurako, ETBko Euskadi Directo saioan garbiketa beharrak urpetik bertatik erakutsi zituzten, zuzenean.

Ia bost hamarkada hauetan Begoñako Amaren irudi horrek paregabeko ikuspegiaz gozatu du. Gaztelugatxe ingurua biotopo babestu izendatuta dago. Santolariaren esanetan, paisaia aldetik sekulako altxorra da. “Nik ezagutzen ditudan kostalde guztietan ez dauka parekorik. Istmoa, uhartea, itsasoak harkaitzetan sortu dituen formak… Liluragarria da”. Baina, biologikoki, oso aberatsa den arren, ez dauka Bizkaiko golkoko gainontzeko kostaldearekin ezberdintzen duen ezaugarririk. “Inguru honen balioa ez da daukana, zelan gordeta duen baizik; hori da garrantzitsua”. Izan ere, kutsaduratik babestuta dagoen bazterra da Bakio eta Bermeo arteko hori. Ez dauka gertu isurketarik, ez antzekorik. “Gizakiaren eragina ez da handia; euskal kostaldean daukagun inguru landugabeena da”.

Baina badu arriskurik. Santolariak gogorarazi duenez, gaur egun ingurumenak bizi dituen erasoak globalak dira. “Ez dugu kutsadurarik antzeman, baina mundu osoan itsasoko egituran gertatzen ari diren aldaketek eragina izan dezakete Gaztelugatxen ere. Munduko beste muturrean kutsatzen denak, gurean eragina dauka, eta guk egiten dugunak, beste muturrean. Biotopoak ez du munduko gaitzetatik babesten duen hormarik edo hesirik”, dio Santolariak. Herbehereetako esnean Londresko kutsadurak duen eragina jarri du adibide modura. Baita Petronorrek isurtzen dituen partikulek nola Burgosen (Espainia) Muskizen edo Santurtzin baino eragin gehiago duten, haize korronteen eraginez.

Hala, Santolariaren esanetan, biotopo babestuaz berba egiten dugun arren, planeta osoko kontzientzia ezinbestekoa da: “Planetaz kezkatzen garenean, ez dugu hurkoarekin errietan ibili behar. Gakoa da denok batera salbatzea hondora doan itsasontzia. Biotopoa ez da Bizkaiko parte bakarrik, planeta osokoa baizik”. Beraz, Gasteizen, Senegalen edo New Yorken bizi direnek Gaztelugatxe zaintzen lagundu behar dutela dio, haiek egiten dutenak hemen ere eragina duelako. “Eta kontrara: Guk haien inguruak zaintzeko eta mantentzeko behar egin behar dugu”.

Kontzientzia hartze eta jarrera aldaketa horiek ez dute zertan oso jendetsuak izan. Hala dio Santolariak, behintzat: “Ekonomiaren makrojoeren azterketak erakutsi du herritarren %20k ohiturak aldatzeak merkatua bera aldatzen duela. Adibidez, herritar kopuru horrek Coca Cola edateari utziko balio, enpresak itxi egin beharko luke, nahiz eta gainontzekoek edaten jarraitu, dagoeneko ez delako errentagarria”. Hala, ingurugiroari kalte egiten dioten jarreran eta kontsumoak herritarren %20k aldatzea lortuz gero, dena aldatuko litzateke, Santolariaren ustez.

Arriskuan dagoena egitura dela dio. Alegia, itsasoa bere osotasunean. Hobeto azaltzeko, lehorreko adibide bat jarri du. “Harizti batean haritzak dira egitura. Haritzez gain badira beste espezie batzuk, milaka. Baina haritzak kenduz gero, ez daukazu hariztirik. Haritza galtzen bada, gainontzeko espezie guztiak atzetik joango dira. Pagadi baten kasuan, beste horrenbeste. Egitura bakoitzak bere ekosistema dauka, eta, hori aldatuz gero, dena hondatzen da”.

Santolaria 1990eko hamarkadan urperatu zen lehenengoz Gaztelugatxe inguruan, unibertsitateko ikasle zen garaietan. 1991n eta 2008an ibili da itsaspe hori ikertzen. Bestelakoan, hainbatetan itzuli da astialdi sasoian edo taldeko kideekin dokumentalak grabatzera. Dio urperatze batetik bestera aldaketak nabaritu dituela. “Baina natura aldakorra denez, normala da. Kaltegarriak izan daitezkeen aldaketetan jarri behar da arreta”. Eta halakorik ere aurkitu dute. Kostalde horretan Gelidium corneum alga da nagusi, baina igarri dute udari aurre egin ezinik ibili dela. “Ohartu gara urpeko baso horiek gutxituz joan direla, edo dentsitatea galduz behinik behin. Aldi baterako kontua izan daiteke, baina uste dugu tenperatura igotzearen eta argia ugaritzearen ondorio izan daitekeela”. Alegia, tokiko faktore batek barik, aipatutako aldaketa globalek eragin dute; kasu honetan, klimarenak. Eta urpeko Begoñako Amak ezer gutxi egin ahal izango du hori ekiditeko, bere bizilekua babesteko.