Maialen Arteaga
Bilbo eta Urduña lotuko dituen trenbide berri baten beharrik ba al dago? Hori dute aztergai Javier Castroviejo eta Alexander Perez gazteek. Biak EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Zibileko ikasleak dira, eta, irakasgai baterako egin beharreko lan gisa, inkesta bat zabaldu zuten sare sozialetan. Oraindik ez dute amaitu, baina argi daukate erantzuna baiezkoa dela. Espero baino oihartzun handiagoa izan du beren lanak.
“Bagenekien aldirietako lineek azkenaldian gorabehera asko izan dituztela, eta, hortik abiatuta, biok trenzaleak garenez, honekin aurrera egitea pentsatu genuen. Hasieran, gaueko tren zerbitzua aztertzea ere pentsatu genuen, baina aukeratu dugun linea lokalagoa eta hurbilagoa zela pentsatu genuen ondoren”, esan du Castroviejok. Errazagoa egingo zitzaielakoan, horrekin egin zuten aurrera. Gorabehera edo gabezia horiek askotarikoak direla argitu du Perezek: “Makinisten falta aspalditik datorren arazo bat da, eta pandemia egoerarekin oraindik gehiago okertu zen. Zerbitzua eskaintzeko langilerik ez zegoenez, azken momentuan tren zerbitzu batzuk bertan behera gelditzen ziren, eta erabiltzaileek ordubete lehenago izaten zuten horren berri”. Bestelako hutsuneak ere badaude, Castroviejok gehitu duenez: “Mantentze lanen falta, inork erabiltzen ez dituen geltokiak, ibilbide luzeak… Asko dago hobetzeko”.
Perezen eta Castroviejoren proposamena argia da: soilik beharrezko geltokietan geratuta, Bilbo, Hego Uribe eta Aiaraldea lotuko dituen tren linea diseinatzea. “Zerbitzua hobetzeko modu bat da: egunero lantokitik etxera mugitzen den jendeak desplazatzeko modurik azkarrena behar du, eta egungo lineak beharrezkoak ez diren geldialdi asko egiten ditu”, azaldu dute egoera gazte biek. Adibide argi bat aipatu dute segidan: Basauriko San Miguel auzokoa. Han dagoen tren geltokia ia ez da erabiltzen, eta hori azaltzen duten arrazoiak adierazi dituzte: “Tren bidaia batek balio duena ikusita”, jendeak nahiago izaten duela metroraino joateko beste garraiobide bat hartu, transbordoa egin, eta metroa hartu, auzoan bertan trena hartzea baino.
Zaletasunak bultzatuta
Hutsuneek baino gehiago, trenetarako zaletasunak eraman ditu ikerketa abiatzera. “Egia da trenek beti izan dutela kutsu erromantiko bat, baina, kutsu horregatik baino gehiago, garraiorik erosoena eta seguruenetakoa dela uste dugu. Gainera, gaur egungoak oso ekologikoak dira”. Renfek eta Iberdrolak Bilboko trenentzat duten hitzarmena jarri dute adibide gisara. “Ibilbide ertainetako tren gehienak elektrikoak dira, eta, hitzarmen horri esker, tren horiek eguzki energia edo eolikoa besterik ez dute erabiltzen”, zehaztu du Perezek.
Ikerketak hipotesia baieztatzen badu, proiektua gauzatzeko momentu ona izan litekeela uste dute: “Urrian Renferen aldiri trenen eskuma emango du Espainiako Gobernuak; hau da, Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu. Garai ona da proposamenetarako”.
Inkesta da ikerketaren iturria. “Adina izan da galdetu dugun lehenengo gauza, eta ona izango litzateke gazte eta helduentzat deskontuak egotea. Adina galdetu ostean, desplazamenduen arrazoia zein den galdetu dugu: ea lanerako den, ikasteko, aisialdirako…; mugitzen diren”. Herritarrak galdetegia betetzera animatu dituzte. “Googleren esteka bidezko galdetegi erraz bat da, minutu batean egitekoa”, argitu du Perezek.
Inkesta betetzeko epea ez da amaitu, baina ondorio batzuk ateratzeko balio izan die jada. “Datuak begiratzea baino ez dago. Gehienek geltoki nagusietan hartzen dute trena, eta haientzat interesgarria izan daiteke proiektu hau”, esan du Catroviejok. “Potentzial handia” izan dezakeen trena dela uste dute; batez ere, goizeko eta arratsaldeko puntako orduetan.
“Geltokiak kenduta, denbora asko aurreztuko litzateke. Bilboko C3 linean, adibidez, Arbiden [Arrigorriaga] 11 bidaiari baino ez dira izaten egun batean. Trena gelditzen eta martxan jartzen denbora asko galtzen da”, adierazi du Perezek.
Ikerketaren prozesua
Inkestaren lotura Castorviejoren Twitter kontuan dago eskuragarri (@javier_cstbev). Ikerketaren prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu bertan, datuak eta ondorioak gaurkotuta. Erantzun asko jasotzen badituzte, erakunde publikoei helaraziko diete emaitza: “Oso harrera ona izan du. Uste baino urrunago iritsi da. Ilusio handia egingo liguke ikasgelako proiektu modura hasi den zerbait horren urrun iristeak”.