Itzaleko herriarentzat erakusleiho izpi bat

Itzaleko herriarentzat erakusleiho izpi bat

Maialen Arteaga

Galdamesko ondarea, natura eta historia lantzen dituen proiektu bat abiatuko dute gaur: Bat-batean Galdames zikloa. Zenbait historialari eta herriko beste hainbat aditurekin bisita gidatuak egin ohi dituzte Galdamesko txokoetan. 2016an antolatu zuen udalak lehenengo aldiz, eta ordutik urtez urte hitzaldiak eta bisitak berritzen ibili dira. Pandemiaren egoera zela eta, iazko aldia bertan behera utzi behar izan zuten; aurten, testuingurura egokitzeko aukera izan dute. Maiatzeko ostiral bakoitzerako hitzaldi bana antolatu dute udal frontoian, eta gaur izango da lehenengo saioa, 19:30ean hasita, Ikusmira Ondarea taldeko Amaia Apraizen eskutik. Hurrengo astekoa Carlos Glaria historialariak emango du, Galdames, ikasgela irekia izenburupean.

Zer berezitasun eta garrantzi du herriarentzat proiektu honek? “Galdamesek aberastasun handia du; altxor asko ditu gordeak barruan, baina herri ezezaguna da”, azaldu du Glariak. Aberastasun hori askotarikoa dela azpimarratu du: “Euskal Herriko historiaurrea ulertzeko leize handienetarikoak daude Galdamesen; Erdi Aroko arrasto asko ere badaude, eta meatzaritzarekin ere lotura handia dauka”. Hortik dator Bat-batean Galdames izenaren metafora. “Galdamesek sorpresa asko ematen ditu, eta aberastasun horiek ezagutzen ez dituena asko harrituko da. Herria ezagutu eta deskubritzeko programa bat da”. Galdames itzalean geratzeko hainbat faktore daudela uste du Glariak, eta horietako bat garapen ekonomikoa dela esan du. Haren iritziz, inguruko herriek garapen ekonomikoa izan dute; Galdamesek, aldiz, ez: “Herri handiz inguratuta dago, eta ingurukoen garapen horrek ez dio eman duen beste itzuli. Galdames uharte baten antzera gelditu da”. Aberastasun historikoaz berba egitean jendea “topikoetan” erortzen dela esan du; harago begiratu nahi du.

Garapen urri horrek beste albo kalte batzuk eragin dizkio herriari. “Oso jende gutxi bizi da hemen; komunikabide duinik ere ez dago, ikastetxerik ere ez…”. Horiek guztiak katebegi balira bezala elikatzen dira. “Gazteek inguruko eskoletan ikasten dute. Herrian ikastetxerik ez izateak ondorio kaltegarriak ditu: gazteek inguruko udalerrietara emigratzen dute, eta horrek biztanleria gutxitzea dakar”. Demografian ez ezik, hezkuntza edukietan ere eragina duela dio. “Herri batean eskolarik ez badago, bertako gaiak —historia, kultura…— ez dira lantzen. Herri guztiek eskolak izan beharko lituzkete”.

Memoriarako, hezkuntza

Hezkuntzak garrantzi handia du historiaren transmisiorako, eta transmisio hori Galdamesen memoriarako bermea dela uste du Galariak. Horregatik, aurtengo zikloan lehenengo lerrora ekarri nahi izan dute hezkuntzaren gaia. Apraizen gaurko hitzaldian, hezkuntza eredua izango dute hizpide, eta Glariasenean —datorren astekoan—, ikasgeletatik kanpoko hezkuntza jorratuko dute. “Araututako eskolatik kanpo ere, Galdamesko kaleak eskola dira. Halabeharrez, herria ikasgela ireki bat da”.

Baina “irekitasuna” ezingo dute aurten guztiz gauzatu. Segurtasun neurriak direla eta, bisita gidaturik gabe egingo da zikloa, eta horrek dinamika bera aldatzen duela uste du: “Pena handia da bisitak egin ezin izatea, ez bakarrik gidariak esaten duen hori begiz ikusteko; ikusleen arteko harremana ere askoz zuzenagoa da bisitetan, gehiago hartzen dute parte. Baina, zikloa egin ahal izateko, gozamen hori alde batera utzi beharko dugu”.

Dena den, begietatik irensteko formatuan egituratu dituzte solasaldiak. “Gaiak modu bisualean planteatuko ditugu, erakargarria izan dadin: diapositibak eta argazkiak izango ditugu lagungarri, eta antzerkitxo bat ere egingo dugu”. Udal frontoia toki handia denez, hitzaldietara joateko ez dago aurrez izena eman beharrik, baina ikusle kopuru mugatua egongo da segurtasun distantzia bermatzeko. Galdamesko gazte eta helduak bertaratzera animatu ditu, euren herria ezagutzeko.