2005tik, sortu zenez geroztik, ibilbide luzea egin du Olgetan proiektuak. Plateruena kafe-antzokiaren eta Berbaro elkartearen eskutik sortutako. Proiektu hori hobetzeko asmoari eutsita, berritasunak iragarri dituzte aurtengo ikasturterako.
Batetik, ludotekaren formatua aldatu egingo dutela iragarri dute. Leku horretan umeek gustuko dituzten jostailuak, jarduerak, lagunak eta aukerak aurkituko dituzte, proiektuaren sustatzaileen arabera. Baliabide horiek guztiak haien garapen prozesuan lagungarriak izango direla deritzote.
Hiru eta zortzi urte arteko umeentzat pentsatuta dago ludoteka. Astelehenetik eguaztenera egongo da zabalik, urriaren 29tik apirilaren 7ra bitartean, 17:00etatik 19:00etara. Marrazketa, sinbolizazioa, antzerkia, eraikuntza eta irakurketa landu ahal izango dituzte umeek. Jarduera bereziak ere izango dira, besteak beste, tailerrak, ipuin kontaketak eta jaialdiak.
Eta hainbat gai landuko dituzte, gainera, asteburuetako ikuskizunei begira. Izan ere, Irrien Lagunak klubarekin elkarlanean, asteburuetarako hainbat ikuskizun aurreikusi dituzte Olgetan proiektuaren barruan. Umeei “euskaratik eta euskaraz, euskal kulturako esparru guztiak” ezagutarazi nahi dizkiete. Proiektu horretarako “garrantzitsuak diren balioak sustatuko dituzte: osasuna, Tiritatxoren laguntzarekin; natura, Largabista basozainaren bitartez; esperimentazioa, Marikalanbrerekin; elkartasuna, Patakon eta Ane piratekin, eta euskal kultura, Martinbertso–rekin, besteak beste”.
Hileko lehenengo domekan izango dira ikuskizunok, abenduaren 2tik aurrera, 17:00etan, Plateruenan. Sarrerak bertan eros daitezke. Bonuak hartzeko aukera ere izango da.