Abantoko Udalak hondakin organikoak jasotzeko bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu du. Bilboko Deustua auzoan bezala, edukiontzi marroiak izango dituzte Abantoko Gallarta auzoan. Eta deustuarrek bezala, izena eman beharko dute parte hartu gura dutenek. Hondakinak bereizten irakatsiko diete, eta edukiontzia zabaltzeko giltza emango diete parte hartzea erabakiko dutenei.
Deustuan izandako “arrakasta” ikusita, Bizkaiko herri guztietara zabaldu gura izan du Bizkaiko Foru Aldundiak ekinaldia. Udalen esku dago parte hartu edo ez, eta foru aldundiak baietz erabakitzen dutenei diru laguntzak emango dizkie martxan jarri ahal izateko. Oraingoz, Abantoko Udalak ez du erabaki zenbat edukiontzi izango diren, baina bai epeak: 2013ko martxoaren 1ean hasiko dira, eta 24 hilabetez egongo da martxan. Aurretik Barakaldok ere bat egin du ekinaldi horrekin, eta bi udalerriotan Ezkerraldeko Udalen Mankomunitateak kudeatuko du zerbitzua, hark baitauka zaborren bilketarako eskumena.
Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen ahaldun Iosu Madariagak Igorreko zabortegia ixteko epeak beteko direla iragarri du batzar nagusietan. 2013ko udaberrian hasiko dira behar horiekin, martxoko azken egunetan, eta urtea bukatu orduko behin betiko itxita egongo dela iragarri du Madariagak, “nahiz eta zabortegia beteta egon ez”.