Landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo da etzi Muxikan

Landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo da etzi Muxikan

Ibai Maruri Bilbao

Lurgaia fundazioa tokiko arbola espezieekin basoa sortzen ari da Muxikako Undabaso inguruan, eta espezie inbaditzaileak auzolanean kentzeko deialdia egiten dute utero. Aurtengoa, etzi egingo dute. “Urtero kentzen ditugu, baina hurrengo urtean berriro agertzen dira. Lan izugarria da. Kentzea ez da behin betiko konponbidea, oso erraz birsortzen direlako. Ikusi dugu hainbat espezieren kasuan tokiko basoa landatzea dela egokiena, hartara ez dutelako hedatzeko tokirik izango”, esan du Lurgaiako Kristina Jeronimok. Undabason sortzen ari diren basoa hazi artean, espezie horiek kentzen jarraitu beharko dute.

Sasiakazia (Robina pseudoacacia), krokosmia (Crocosmia x crocosmiiflora), buddleja (Buddleja davidii), Monterreyko pinua (Pinus Radiata) eta Ameriketako haritza (Quercus rubra) dira domekan kendu beharko dituzten espezieak. Lanean hasi aurretik, berbaldi bat eskainiko diete parte hartzaileei. Gizartean, oro har, espezie inbaditzaileen inguruko kontzientzia falta dela uste du.

Sasiakazia ugari

Sasiakazia asko dagoela nabarmendu du Jeronimok. “Arbolak ematen dituen hazien bidez eta sustraietatik oso erraz eta asko hedatzen da, eta inguru guztia bete”. Artaziekin kenduko dituztela esan du: “Oso gazteak dira oraindik, eta horrela kendu daitezke”. Nabarmendu du eurek landatutako haritzak, urkiak eta enparauak haztean desagertzen hasiko dela, sasiakaziak eguzkia gura duelako, eta arbola horiek itzala egingo dietelako.

Krokosmia oso lore polita dela dio, eta asko ipini izan dela baserrietako lorategietan. Arriskutsua da, erraboilaren zatirik txikienarekin hedatzen delako. “Kentzeko, kontuz ibili behar da: landareaz gain, erraboila ere osorik kendu behar da. Bidean eroriz gero, bi urtean sekulako hedadura hartzen du”. Buddlejak ere artaziekin kenduko dituzte. Pinua eta Ameriketako haritza kentzeko, eraztunaren teknika erabiliko dute: azalean mozketa egiten diote, azala baino barrurago, eta hortik ustelduko da.