N. S. O.
1937ko apirileko sirena hotsek beste herri batzuetan ordurako eragina zuten sarraskia iragarri zuten Gernikan ere. Herria suntsituta geratu zen. Hondamendia eragin ondoren, frankismoa ezarrita, herria berreraikitzeko lanei ekin zien Francisco Francoren erregimenak. Errautsetatik herria eraikitzeko lan haren zati handi bat Espainiako Errepublikaren aldeko presoek egin zuten, behartuta, Sare plataformako kide Ibon Meñikak gogorarazi duenez: “Gernikan apirilaren 27tik aurrera gertatu ziren gauza guztiak ere badira 26ak markatu zuenaren ondorengoa”. Preso haiek eraiki zituzten etxeak eta lekuak ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute bihar, 12:00etan, Merkurio plazatik abiatuta, eta Sarek antolatuta.
Duela 84 urteko apirilaren 26 hartan Kondor Legioak eta hegazkin italiarrek suntsitu zuten herria, bonbardaketen bidez. “Francok bere zaintzapean hartu zuen, eta estatua arduratu zen berreraikuntzaz, Direccion General de Regiones Devastadas y Reparaciones delakoaren eskutik”, ekarri du gogora plataformak. Meñikak azaldu du Francoren erregimenak horretarako langileak behar zituela: “Gerra irabazi zuenez, preso errepublikazaleak erabili zituen eraikuntza lanetarako. Eskulan merkea ziren; erdi esklabo gisa aritu ziren”.
“Bizi-bizirik” dauden lekuak
Gernikazaharra historia taldeak egindako ikerketen arabera, presoek hainbat leku eraiki zituzten. “Gainera, egungo Gernikan nahikoa esangura edo presentzia dute; bizi-bizirik daude. Besteak beste, udal azokara daraman Artekale kalea eraiki zuten. Feriala deitutakoa ere, berdin: Merkurio plaza eta tabernen kalea hartzen duen lorategi hori guztia preso errepublikazaleek egin zuten. Eta gaur egun etxebizitzak diren hainbat eraikin ere haiek egin zituzten”, adierazi du Meñikak.
Herriko eta eskualdeko presoez gain, Espainiako Estatuko hainbat lurraldetako presoak zeuden bertan lanean. Sarek azaldu du lan eginda zigorrak arintzen zituztela: lan egindako bi eguneko, zigor egun bat libratzen zuten. Garai hartako egoeraren eta gaur egungoaren arteko lotura egin du Meñikak: “Preso horiek urrunduta eta sakabanatuta zeuden. Dispertsioari buruzko ezagutza handia izan dugu ondoren ere”.
Preso batzuk Gernikara eraman zituzten; zigorra amaitu zutenean “esku hutsik zeudenez”, Gernikan geratu ziren bizitzen. “Euren familiak ekarri zituzten, eta horien ondorengo asko bizi dira Gernikan”, azaldu du. Hori bakarrik ez: “Haien ondorengo batzuk errepresaliatuak izan dira. Beraz, nolabait, honek guztiak badu lotura herriko historiarekin. Eta horren ezjakintasun handia dagoela sumatzen dugu”.
Egoera hori iraultzeko antolatu dute biharko ibilbide gidatua. Eta informazio guztia biltzen duen eskuorria ere osatu dute. “Mapa hori kale eta eraikin horietako postontzietan sartuko dugu, bertako bizilagunek jakin dezaten bizi diren lekuak preso errepublikazaleek eraiki zituztela frankismoak indarrez behartuta. Gutxienez, guri dagokigu gure historia ezagutzea”.
Biharko oroimen ibilbidean historiako pasarteekin batera uztartuko dituzte arte adierazpenak: bertsolariek parte hartuko dute, eta testu errezitatu batzuk egongo dira. “Gero, guk oroigarri sinboliko bat jarriko dugu Artekalen, iltzatuta: preso errepublikazaleak Gernika eraikitzen ari zireneko argazki bat”. Gernikak ezagut dezan izendatuko dute, “preso errepublikazaleek eraikitako Gernika batean bizi garela jakin dezagun”.
Memoriaren mapa
Preso errepublikazaleek eraiki zituzten guneak ezagutaraziko dituzte bihar, Memoriaren mapa, Preso errepublikarrek eraikitako Gernika ibilbidean. Blokeetan banatu dituzte eremuok eta egingo dituzten geldiuneak.
Eraikinak eta eremuak
A blokea. Gaur egun Bakearen museoa dagoen eremua. Telegrafos eta epaitegia zeuden han. Gaur egungo Gernika Gogoratuzen egoitza; garai hartan, Seccion Femeninaren egoitza izan zen.
B blokea. Gaur egun udal langileek materiala uzten duten lekua atxilotuak polizia etxetik epaitegira bidali aurretik izaten zituzten lekua izan zen.
C Blokea. Arkupe tabernaren ingurua. La Cofradia deitutako aisialdirako lekua izan zen.
D blokea. Jons eta Falange Española Tradicionalistaren gazteen egoitza zegoen lekua; gaur egun, EPA dago bertan.
Lorategiak. Ferialeko lorategiak.
Ur hornidura. Oiztik ura ekartzeko hoditeria.
Don Tello. Don Tello kaleko harrizko zoladura.