Maialen Arteaga
Bost urte igaro dira Elorrioko Eixu artisau elkartea jaio zenetik. Ordutik, hainbat azoka eta tailer antolatu dituzte inguruko udalerrietan. “Batzeko eta gure ofizioa indartzeko beharra ikusi genuen; ekoizpena beste era batekoa bilakatzeko asmoz”, esan du Itziar Arbulu Eixu elkarteko kideak. Egin ezazu edo Ekintza adierazten du elkartearen izenak, eta aditz horri Elorrion x letrarekin hain erabilia den ahoskera eman nahi zioten. Hein batean, izaerari eta izanari lotutako izen bat da, Arbuluk dioenez: “Taldearen esentzia aktiboa edo ekintzailea izatea nahi dugu; ez ditugu 100 bazkide izan nahi, baizik eta daudenak aktiboak eta ekintzaileak izatea, eta horri egiten dio erreferentzia izenak”.
Izenaren beste aldean artisautzaren mamuak daude. Ofizio nekeza dela iruditzen zaio Arbuluri: “Artisautza ez da mundu erraz bat, eta, ofizio gisa hartzeko, tartean ibilbide bat dago, apurka-apurka beste sektoreko ofizioa utzi eta honetan murgilduz zoaz”. Artisauen sareak ehundu nahi dituzte, eta sorkuntza herritarrengana hurbildu; horren adibide da igandean Elorrion antolatuko duten artisau eta sortzaileen azoka. Hainbat diziplinako lanak egongo dira etzi ikusgai: bitxiak, ukenduak, egurrezko diseinuak, ilustrazioak, poltsak… 10:00etatik 15:00etara egongo dira. Bitarte horretan, umeentzako ekitaldi bat ere antolatu dute.
Salto egiteko ausardia
Egun, zazpi lagunek osatzen dute taldea, eta gehienak emakumezkoak direla kontatu du Arbuluk. Ez daki horren arrazoia zein den, baina emakumezkoak artisautzarekin lotuago daudela iruditzen zaio: “Esango nuke ekintzaileagoak edo ausartagoak garela. Artisautza ofizio zaila da, eta, zaila izan arren, gustuko dugun ofizio horretara jotzeko ausardia handiagoa izaten dugu. Agian, gizonek lan gorpuztuagoak eta egonkorragoak behar dituzte; emakumeok salto hori ematen dugu”.
Kide bakoitzak iturri desberdinetatik jaso du diziplinaren jakintza: “Taldeko bik Arte Ederretatik jaso zuten, beste batek bitxigintza ikasi zuen Donostian, eta gainerakoak autodidaktak gara”. Artisautzak asko du autoikaskuntzatik, haren ustetan: “Balio aldaketa bat da, etxetik hasi eta beste inguru guztietara doana. Ez da aparteko material berezirik behar sortzaile izateko: etxean ditugun gauzak zakarrontzira bota beharrean, norbere eskuekin beste erabilera bat eman ahal diegu”. Ulerkera horren transmisiorako, azokak giltzarri direla azaldu du: “Aurrez aurreko harremana oso garrantzitsua da guretzat; salmentengatik baino gehiago, egiten duguna erakusteko eta irakasteko. Horregatik saiatzen gara azoketan gure sormen prozesua bertatik bertara erakusten”.
COVID-19ak artisauen birika diren azokak ere mugatu ditu. Horren erakusle dira datuak. “Elkartearengatik izango ez balitz, iaz lau edo bost azoka besterik ez ziren antolatuko, normalean 50 inguru egiten direnean”, zehaztu du Arbuluk.
“Bertan behera utzita” daudela sentitzen du Eixuko kideak. Diru laguntzak ematen badira ere, iruditzen zaio ez direla nahikoa, eta neurri murriztaileak multinazionalen alde eta komertzio txikien kontra hartu direla. “Saltoki handiak irekita egon dira, eta gure azokak bertan behera geratu dira, aurten ere bai”. Argi dauka azoken eredu aldaketa bat egon behar dela, eta elkarteek horretarako lan handia egin dutela azaldu du: “Iaz hamar azoka antolatu genituen, segurtasun neurri guztiekin. Oso harrera ona izan zuten, eta herritarrek asko gozatu zuten. Neurriak hartu behar dira, baina, noski, neurriak hartu eta eredua aldatu baino errazagoa da bertan behera uztea”.
Etzikoaz gain, beste batzuk ere badituzte zehaztuta: Mutrikun (Gipuzkoa), Atxondoko Arrazola auzoan eta Elorrioko Urarka kalean. “Posible dela erakutsi dugu, eta berriro erakutsiko dugu”.