‘Ortutik mahaira’ esaera gauzatuz

Naturarekiko harremanak onurak ekar ditzakeela inor gutxik jarriko du zalantzan. Hori dela eta, askok eta askok goraipatzen dituzte ortu ekologikoen edo aisialdirako ortuen abantailak.

Besteak beste, Durangaldean ortu horien proiektuaren ideia plazaratu zuen Urkiola Landa Garapen Elkarteak. Bertako kudeatzaile Juan Mari Totorikak argi azaldu du, haren ustez, proiektuak dauzkan onurak: “Lehenik eta behin, kontaktu bat errazten du nekazaritzarekiko. Kaletarrek ez dute horrelakorik izaten. Bestalde, garrantzitsua da jasotzen diren produktuak osasungarriak direla. Izan ere, landaketak ekologikoak izan behar dira: hori da ezartzen den baldintzetako bat. Familien arteko giroa ere sortzen da ortuotan, horiek lantzeko. Eta ortuetako erabiltzaileen artean ere giro ona sortzen da. Aisialdirako oso lagungarriak dira. Horrez gain, gizarteratze prozesuan dauden taldeentzat ere leku bat gordetzen da. Gazteak nekazaritzara hurbiltzeko modua ere badira. Proiektu hauek beti dira onuragarriak”.

Eskualde horretan daukate esperientzia gehien alor horretan. Izan ere, Iurretan bi urteko ibilbidea egin dute udalak alokatuak dituen 5.000 metro koadroko lur eremuan jarriak dituzten aisialdirako ortuek. Iturburuko ortuak dira. 70 metro koadroko lursailetan banatuta dago eremu hori, eta bertako lurrak lantzen dituzten herritarrek bost urteko kontratua daukate eginda udalarekin, doan. Denbora hori amaituta, berriz ere lursail horien zozketa egingo dute. Izan ere, horietako lursail bat eskuratzeko itxaron zerrendak daude.

Iurretakoa izatea —bertan erroldatuta egotea— beste baldintzarik ez dute bete behar aisialdirako ortuak eskuratu nahi dituztenek. Landatzeko orduan, ordea, ekoizpena ekologikoa izatea da bete beharreko nahitaezko baldintza. Eta hori berma dadin badago kontrola egiten duen arduradun bat. Ramon Zearreta teknikaria da ortu horien koordinatzailea eta zuzendaria: “Lurra produktu naturalekin ontzeko gomendioak ematen dizkiet erabiltzaileei, eta kasu egiten didate. Tratamenduren bat egin behar badute ere, produktu naturalak erabilita egin behar dute… Hori guztia azken produktuaren kalitatea bermatzeko egiten dugu. Horretan denek egin behar didate kasu. Dena den, frogatuta dagoenez nire gomendioekin oso produktu onak ateratzen direla, erabiltzaileek ez dute ezer asmatu edo azpijokorik egin behar”.

Lursail horiek lantzen hasi orduko, gainera, ikastaro batean parte hartu behar dute erabiltzaile guztiek. Nekazaritza ekologikoa edota lurra zelan maneiatu ditu ardatz, besteak beste, ikastaro horrek.

Lurretako gehienak edozein herritarrek eskura ditzake. Badago, hala ere, urritasun fisiko edo psikikoren bat dutenentzako eremu bat. “Terapia okupazionala da landu daitekeen beste alor bat. Udal guztietako Ongizate Sailek era horretako ortuekin lotura izan beharko lukete, eta marjinazio arriskuan daudenak mundu honekin harremanetan jarri”, uste du Retolazak.

Beste bi lursail Iurretako eskola umeek lantzeko dira. “Neska-mutilak irakaslearekin etortzen dira nekazaritza praktikatzera. Zer non landatu behar duten azaltzen die irakasleak, eta gero karteltxoak jartzen dituzte zer landatu duten jakiteko. Gazteek mundu honekin harremanak hasteko oso modu ona da, eta jantokian jaten duten letxuga nondik sortu den jakitea ere onuragarria da”, azaldu du Retolazak. Horrez gain, nekazaritza sektorean murgiltzeko asmoa dutenentzat ere baliagarriak izan daitezkeela uste du. “Hau tranpolin bat izan daiteke etorkizunean nekazaritza ekologikoan aritu eta bide horretatik lanbide bat garatu nahi dutenentzat. Hori ere bada beste helburuetako bat”, esan du.

Lurraz gain, txabola bat jarri du udalak erabiltzaile guztien esku. Barruan orturako hainbat tresna dituzte. Ura ere bai. Mahukarik ez dago, ordea. Erabiltzaileek ureztontziak erabili behar dituzte txabolan ura jaso eta landareak ureztatzeko. “Joan-etorria, eurentzako osasungarria izateaz gain, uraren erabilera mugatzeko modu bat ere bada”, azaldu du Retolazak.

Inoiz nekazaritzarekin harremanik izan ez duten pertsonak izanik, batez ere fruitu edo barazkiren bat jasotzen duten erabiltzaileak “pozarren” jartzen direla azaldu du ortuon koordinatzaileak. “Dantza irakasle bat dago erabiltzaileen artean, eta 82 urteko haren ama. Azken hori egunero dator ortura. Gogoan dut marrubi bat jaso zuen lehengo aldia. Maiteminduta zegoen. ‘Zapore zoragarria izan du!’, esaten zidan. Marrubi bat besterik ez zen, ez kilo bat marrubi!”.

Markina-Xemein, hurrengoa

Iurreta izan da Bizkaian era horretako proiektu bat martxan jarri duen lehenengoa. Durangaldean hainbat udalek daukate asmoa mahai gainean. Batzuek aurreratuago, beste batzuek utziago, baina askok abiatu nahiko lukete. Eskualde horretatik kanpo, Lea Artibairi dagokionez, Markina-Xemeinen lanean hasi dira jada.

Udalak 9.000 metro koadroko lur eremua eskuratu du. Hala ere, prozesu luzea daukate oraindik aurretik, Karmelo Jaio Ingurumen zinegotziak aurreratu duenez: “Helburu nagusia da 2013ko udaberrian martxan hastea. Aurten jakingo dugu zenbateko eskaera dagoen”. Lurrak egokitu egin behar dituzte, horretarako plangintza bat eratu… Datorren udaberrirako hasterik ez badute prozesua beste urtebete atzeratuko litzatekeela azaldu du zinegotziak. Izan ere, urteko zikloa galduko lukete.

Iurretan bezala, han ere 70 metro koadroko lursailetan banatu nahi dute eremu osoa. “80 lagun ingururentzako lursailak aterako zaizkigu, beraz”, azaldu du Jaiok. Eta ortuak bost urterako alokatzea aurreikusi dute.

Banaketa zelan egin ere pentsatuta daukate: lursailen erdia langabeentzat izango da, eta %25 erretiratuentzat. Gainerako %25a herritarren esku utziko dute, Markina-Xemeinen bizi eta bertan erroldatuta daudenentzat, hain zuzen ere.

Proiektu horren barruan “ardatz nagusienetako bat da landatutakoa ezin dela merkaturatu”, esan du, bestalde, Jaiok. “Hemendik ateratzen diren produktuak norberaren kontsumorako izango dira. Jarraipen serio bat egingo diogu arlo horri, oso garrantzitsua deritzogulako. Ez dugu nahi konpetentziarik sortzerik bertoko baserritarrekin”, esan du.

Landaketari dagokionez ere, bete beharreko baldintza batzuk ezarriko dituzte. Hain zuzen, nekazaritza ekologikoa landu beharko dute. “Hemen sekula ortu bat ikusi ez duenik badagoela kontuan hartuta, nahitaezkoa izango da guztiek ikastaro batean parte hartzea”, azaldu du.

Iurretan zein Markina-Xemeinen proiektuan buru-belarri ari diren arduradunek argi daukate era horretako proiektuei ekin beharko lieketela herri guztietako udalek. Bizkaian ortu horien kultura handirik ez dagoela adierazi du Retolazak. “Industria izan da gure diru sarrera nagusia. Baserriak ahaztu egin ditugu. Orain, berriz ere ekin diogu era horretako espazioak sortzeari, beharbada, gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz”, ondorioztatu du.