Aisialdirako ortuak, baita sektore pribatuan ere

Ortu bat jarri nahi duenak horretarako lursailik ez badauka, oso zaila da proiektu hori martxan jartzea. Horretaz jabetuta, Ricardo Villarrek Huertas Ludicas (aisialdirako ortuak) enpresa jarri zuen martxan. Gorlizen, Sopelan eta Erandion 100.000 metro koadro ditu Villarrek. 60 metro koadrotik hasi eta 140ra arteko metroak dituzten ortuak aloka ditzakete horretarako interesa dutenek, Villarrek sortutako enpresa horri esker. Eta arrakasta badu: 230 bezero inguru dituela azaldu du. 50 eurotik abiatuta aloka daitezke lur eremu horiek. Baldintza bakarra ezartzen die enpresa horren arduradunak: “Erabat debekatuta dago tratamendu kimiko oro”. Beraz, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egiten du haren enpresak ere. Horretarako, ikastaroa ematen diete ortu bat jarri nahi dutenei, baita aholkuak eman ere. Batez ere, hirietan bizi direnek alokatzen dituzte ortu horiek, Villarrek azaldu legez. “Ortuarekin ia harremanik izan ez duen jendea da. Hala ere, deigarri gertatzen zaie”, esan du. Informazioa nahi duenak Huertasludicas.es webgunean jaso dezake.