Andreen izana bistaratzea

Andreen izana bistaratzea

Uxue Gutierrez Lorenzo

Historia gizonek kontatuta, gizonentzako kontatuta eta gizonengan fokua jarrita eraikia eta partekatua izan dela; hala uste dute Orozkoko Museo Etnografikoko kideek, eta baieztapen hori eraldatzeko asmoz ondu dute Emakumeok erakusketa.

Museoak, aspaldiko partez, erakusketa iraunkorra berritzea erabaki du, eskualdeko andreak lehen lerroan jarrita. Martxoaren 25ean inauguratu zuten esposizioa, eta zortzi panelez osatuta dago. Panelak museoaren hiru solairuetan sakabanatuta daude, eta denen artean osatzen dute emakumeen bizipenen inguruko erradiografia. Beheko solairuan panel bakarra jarri dute, erakusketaren aurkezpen gisa: Historian emakumeak ikusarazten. Gainerako solairuetan ikus daitekeenaren aurrerapena da lehen panela, Orozko inguruko andreen aurreneko lagina.

Atarikoa igarota, lehen solairuan lau panel aurkituko ditu bisitariak. Panel bakoitzean, gai bana; denak ala denak Orozko inguruko emakumeen bueltan. Erromeriek eguneroko itogarritik ihes egiteko zuten balioaz mintzo da Ezinezko amodioak panela. Andrazkoek egiten zituzten, eta aitortzarik jaso ez duten bi ogibideren inguruko informazioa dago irakurgai Heriotzaz haragoko zaintza eta Txerri hiltzea paneletan. Lehenak, hildakoen arima eta ohorea zaintzen zuten emakumeen funtzioa gogorarazten du; bigarrenak, berriz, emakumeek txerrien hilketan zuten funtsezko zeregina balorean jarri nahi du. Izan ere, Nerea del Campo museoaren arduradunaren hitzetan, emakumeek egiten zituzten hilketaren lanik “itogarri eta nekagarrienak”, betiere egindako lanagatik aitortzarik jaso gabe: “Haien eginkizuna oharkabean gauzatzen zen”. Bitartean, ordea, gizonek hiltzen zituzten abereak, eta eginkizun “oroigarria” euren gain hartzen zuten.

Lehen solairuko laugarren panelak, berriz, emakumeen lan zama bikoitzari egiten dio erreferentzia; emakumeek etxeko lanak eta baserriko lanak uztartzen zituzten: “Emakumeek etxearekin duten harremana ez da etxeko lanak egitera eta familia artatzera soilik mugatu; izan ere, baserria, etxeaz gain, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera gunea ere bazen”, ohartarazi du Del Campok.

EMAKUMEOK ERAKUSKETA

Erakusketaren hirugarren eta azken zatia hiru panelek osatzen dute. Emakumeek egindako soldatapeko zenbait lan aipatzen dira azken zatian. Del Camporen ustez, emakume horiek etxetik kanpo egiten zituzten lanez “ezer gutxi” heldu da gaur egunera, baina jasotako apurrak kontatzen saiatu dira museoko kideak: “Emakume jaiotze hutsagatik haien arduratzat jotzen ziren lanak alde batera utzita, ezer gutxi dakigu beste lan batzuei buruz; batez ere, ordainduei buruz”.

Bi kasu sakon aztertu eta azaldu ditu museoak. Emakumeak, gaztainak eta elurra panelak eskualdeko andreak okindegi nahiz burdinoletan beharrean aritzen zirela azaltzen du, betiere lan osagarriak egiten. Emaginak ere baziren haietako asko. Del Campok ez du aipatu barik utzi nahi izan andre askoren nahitaezko patua: ezkontza eta familia osatzea. “Euskal bizimodu tradizionalean, emakumeen bizitza bideratzeko funtzio nagusia ezkontzea zen, familia bat osatzeko eta ugaltzeko”. Zeregin horren berri ematen du Ezkontzara bideratutako bizitza panelak.

Oro har, Orozko eta inguruko emakumeen bizipenak eta lanbiderik ohikoenak jaso ditu museoak, helburu argi batekin:”Garaia da emakumeen lana ikusarazteko eta baloratzeko, batez ere, gure landa eremuko emakumeen garrantzia aldarrikatzeko”.

EMAKUMEOK ERAKUSKETA

Hutsunea betetzeko

Historiaren kontaketan, eta herriari transmititzen ari zaion iraganeko jakintzan, emakumeek egindako lana falta zela sumatu zuten museoko kideek. Hutsunea abiapuntu, ikusgaitasunaren mesedetan egin dute erakusketa. “Historia gizonek kontatu digute, eta haiek egindako lana besterik ez dugu ikusi orain arte”.

Kontakizunaren fokua eskualdeko emakume “anonimoetan” jarri dute, ahanzturan galdu eta famatu bihurtu ez diren andrezko guztien bizipenetan: “Anonimoak diogunean, emakume ezezagunak direla esan nahi dugu, gure ingurukoak. Askotan ahaztu egiten ditugu ingurukoak, eta protagonismoa ezagunak diren gutxi batzuek dute. Emakume horiek ere asko lortu dute eta egin dute, baina haien izenak ez dira ezagunak”. Izena bainoago, izanean arreta jarrita, Orozkoko emakume baserritarrak nortzuk izan ziren eta zer egin zuten jasotzen du Emakumeok-ek.

EMAKUMEOK ERAKUSKETA

Erakusketa iraunkorraren parte bilakatu da emakumeen bizimodua ardatz duen esposizioa. Izan ere, azken urteetan Orozkoko Museo Etnografikoa edukiak aldatzen ari da. Eraldaketa horretan, erakusketa iraunkorraren bigarren eta azken fasea izan da Emakumeok erakusketa osatzen duten zortzi panelen txertaketa. Aldaketaren muina Orozkoren iraganari erreparatzea izan zen, eta museoaren solairuetako bakoitzean eskualdeko iraganeko bizimoduaren inguruko azalpenak jarri zituzten. Orozkoko haraneko ondare historikoa lehen solairuan, haraneko bizitza tradizionala, berriz, bigarren solairuan, eta Gorbeiako lurralde garaietako biztanleen bizi ohituren inguruko informazioa, azken solairuan. Aldaketaren lehen fase horretan jasotako informazioa, berriz, gizonezkoen ogibideei lotuta zegoela iritzi zuen museoak, eta betiko erakusketa zein historia “osatzeko” modua da Emakumeok erakusketa.

Berdintasuna bermatze aldera, iaz hasi ziren erakusketa ontzen. Del Campok kontatu du elkarlanean jardun direla museoa eta Orozkoko beste zenbait eragile. Matxintxu Orozkoko emakumeen elkartea, Aunia elkartea, Orozkoko Udaleko Berdintasun zinegotzia eta Orozkoko Udaleko berdintasun teknikaria izan dira museoarekin batera prestaketa lanetan jardun diren talde eta erakundeetako kideak. Behin gaia, irudiak eta idatzizko edukia erabakita, abenduan bukatu zuten dena prestatzen. Inaugurazioa, berriz, joan den astean egin zen: martxoaren 25ean.

EMAKUMEOK ERAKUSKETA