Natalia Salazar Orbe
SOS Kurkudi plataformak hirigintza osasungarriaren aldeko adierazpen bat argitaratu du. Leioako domingotarren ordenako komentuaren lurzorua bereziki babesteko eta ez-urbanizagarria izaten jarraitzeko lanean dabil talde hori. Manifestu horri unibertsitateko eta osasungintza arloko 40 profesionalek baino gehiagok eman diote babesa; besteak beste, EHUko bi errektore ohik, dekano batek eta zenbait ikerketa taldeko arduradunek sinatu dute agiria.
Duela hamabost urtera arte, zortzi moja domingotar ziren komentuko egoiliar bakarrak. Beste inor ez zen bizi inguruan. Paisaia eta ingurumen aldetik eraikina dagoen tokiak duen interesa eta garrantzia direla eta, eremu horri eta izen bereko mendi magalari babes bereziko neurriak aitortu zizkien Leioako hirigintza antolamendurako plan orokorrak (HAPO). Babes neurri haren ondorioz, ingurua ezin zitekeen urbanizatu; ez orain arte, behintzat. Izan ere, HAPOa aldatzea onartu zuen udalak iaz. Espazio horretan kirol instalazio pribatuak egitea erabaki zuten, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu zuten. Eta hainbat herritar ere erabakiaren kontra agertu ziren; besteak beste, SOS Kurkudi plataforma.
Udalak arrazoitu zuen mojak joan zirenez geroztik eraikina utzita dagoela. Herritarrek kirola egiteko azpiegiturak nahi dituztela-eta, eskaera horri erantzuteko irtenbide gisa planteatu zuen proiektua.
Plataformak salatu duenez, ordea, HAPOaren aldaketa horrek babesgabe utziko du babes bereziko neurriak zituen 47.474 metro koadro lurzorua. Alberto Santo Tomas plataformako kideak azaldu du haien ezinegona: “Plataformak kezkaz begiratzen dio Leioan gertatzen ari den natur inguruneen urbanizatzeari. 50.000 metro koadro babesgabe utzi nahi dituen HAPOaren birmoldaketari dagokionez, uste dugu herrian dauden babes bereziko lurzoru ez urbanizagarri apurretakoa denez gero, zeharo interesgarria dela etorkizuneko belaunaldientzat gordetzea”.
Eztabaidarako bidea
Kurkudiko afera zertan dagoen azaltzeko plataformak Bilbon egin zuen agerraldian, Santo Tomasek jakinarazi zuen “kualifikazio handiko hainbat irakaslek” eman diotela babesa adierazpenari. Aditu horien esku hartzeari esker, uste dute “oso beharrezkoa den eztabaida abiaraziko dela, politika desarrollistak lehenbailehen bertan behera utzi beharraz sentsibilizazioa sortzeko”. Haren ustez, “ez da zilegi Amazonia kontserbatzearen alde egotea, ez bagara gai geure herriko ingurune naturala zaintzeko”.
Ildo beretik mintzatu ziren harekin batera agerraldian izandako eta dokumentuaren alde sinatu zuten EHUko bi irakasleak ere: Ibone Ametzaga biologoa eta Garapen Iraunkorrari buruzko masterraren zuzendaria, eta Maite Ruiz Ekonomia eta Enpresa Zientzian fakultateko irakaslea eta ECTI ikerkuntza taldeko kidea. Ametzagaren esanetan, “biodibertsitatea da gure bizi asegurua”. Haren iritziz, “ezin da eremu natural gehiago galdu, gure ongizatearen oinarria delako. Biodibertsitsatearen galera da egungo osasun arazoen jatorria, eta udalak giltzarria dira lurraldearen kudeaketari dagokionez”.
Ruizek, berriz, kritikatu egin zuen udalak gauzatu nahi duen hirigintza proiektua justifikatzeko argudio gisa iraunkortasuna aipatzea: “Garapen iraunkorreko helburuen testuinguruan ba al du lekurik era honetako egitasmo batek? Zilegitasua eman al dakioke, ikuspegi sozialetik zein ingurumenarenetik, eremu paregabe batean gimnasio pribatu bat eraikitzeko proiektuari?”, galdetu zuen. Haren ustez, “kezkatu egin beharko gintuzke zergatik utzi nahi duten babesgabe bere garaian babestu nahi izan zen Kurkudi mendiaren eremua”.
Aberastasun ekologikoa
40 adituk baino gehiagok sinatu duten agiriaren arabera, Kurkudiko proiektuak “ez dio erantzuten interes publikoko helburu bati, ezta Leioako herritarren behar kolektiboei ere”. Gogora ekarri dute birkalifikazio prozesuak eragiten dion lursailetan Bizkaiko ekosistemen zerbitzuen katalogoan identifikatutako eta deskribatutako zenbait ekosistema daudela; hala nola “larreak, heskaiak, sastrakak, hostozabalen basoak, ur ibilguak eta laboreak”.
Sinetsita daude ekosistemak mantendu, kontserbatu eta indartu egin behar direla, eta “aztarna ekologikoa minimizatu eta osasuna eta ongizatea bermatu”. Azaldu dute kapital naturala kontserbatzeak, besteak beste klimaren erregulazioa, karbonoaren finkatzea, lurzoruaren emankortasuna, polinizazioa, kutsatzaileen iragazketa, ur garbiaren hornidura eta uholdeen kontrola ahalbidetzen dituela. Horrez gain, adierazi dute zerbitzu horiek ondorioak dituztela ekonomian, osasunean, gizarte harremanetan, askatasunean, segurtasunean eta baita biziraupenean ere.