Adostasun bakarra adostasun premiaz

Gaur gauerdian bukatuko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Domekan bozkatzera deituta daude 948.409 bizkaitar; 2009an baino 4.409 gutxiago. Datozen lau urteetan lurralde historiko honek legebiltzarrean izango dituen 25 ordezkariak aukeratuko dituzte.

Azken hamabost egunetan hainbat gairi buruz hitz egin dute bateko eta besteko hautagaiek. Bizkaiko Hitza-k lau alderdi nagusietako ordezkari banari seina galdera egin dizkie, besteak beste, hauteskunde osteko akordioez, ekonomiaz eta hizkuntza politikaz. Hona hemen erantzunak.

ANDONI ORTUZAR

EAJ

“Frogatuta dago AHTa duten hirietan BPGa %2 hazten dela, turismoari esker”

1.Guztiekin akordioak lortzen saiatzeko konpromisoa hartu dugu. Herri honen etorkizunerako garrantzia duten hiru gai daude, eta horietan jarrerak gerturatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu: krisi ekonomikoari aurre egin eta enplegua sortu, bakea eta elkarbizitza eraiki eta egoera berrirako, bake garairako, Euskadirentzako autogobernu estatus berria lortu.

2.Gobernura iritsiz gero, lehenengo egunean bertan jarriko dugu martxan gure lehen neurria: alderdi politiko guztiak deituko ditugu ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea helburu izango duen akordio zabala lortzeko. Ez dago beste biderik. Erakunde publikoak zein pribatuak, finantza erakundeak, enpresak eta merkataritza erakundeak helburu horren bila jarri nahi baditugu, alderdi politiko guztien arteko akordioa behar dugu.

Gure ekoizpen ereduak 1980ko hamarkadan erakutsi zuen krisitik irteteko balio duela, baina gaurkotu egin behar dugu. Oraingo krisiaren gakoak orduko berberak dira, baina merkatu globalera egokitu behar ditugu. Horregatik, sekula baino garrantzi handiagoa dauka gure ekoizpen eredua nazioartekotzeak. Tamaina guztietako enpresei atzerrira irteten lagundu behar diegu; horrela lortuko dute haztea. Ez daukagu zalantzarik: ekonomia hazten hasten den unean, kontsumoa, ekoizpena eta enplegua ere haziko dira, eta duela hamar urteko mailara iritsiko gara.

3. Edozer aldatzeko, lehenengo errespetatu egin behar da. Euskal herritarrok duela 30 urte geure buruari eman genion administrazio egitura ereduak erakutsi du balio duela eta gure ingurukoak baino hobeto funtzionatzen duela. EAJn argi dugu, baita ere, ereduak egokitzeko beharra duela, gaur egun ekonomia larri dagoelako. Baina ez dugu onartzen alderdi batzuek legea aldatu behar dela esatea, zer eta Jaurlaritzan egon diren bitartean neurri bat bera ere hartu ez dutela. Udal askok eta hiru foru aldundiek egitura doitzeko hainbat neurri hartu dituzte azken urtean; Jaurlaritzak, berriz, 2009an baino egitura handiagoarekin bukatuko du legegintzaldia.

4. Posible izan da orain arte, eta posible izango da aurrerantzean ere. Ongizate Estatuaren oinarriak dira guretzat gainditu ezin diren lerro gorriak: pentsioak, gizarte zerbitzuak, osasuna eta hezkuntza. Horiei eusteko konpromisoa hartu dugu, eskubide bat direla uste dugulako eta ez opari bat. Baina ez dezagun geure burua engaina: Ongizate Estatua izateko modu bakarra ekonomia haztea, enplegua sortzea eta kontsumoa berpiztea da. Modu horretan bakarrik erantzungo diogu guztion artean behar dugunari.

5. Azken 30 urteetan Euskadi modernizatu egin da instituzioen eta alderdi politikoen elkarlanari eta laguntzari esker, ulertu dugulako Euskadi Europaren pare jarriko luketen azpiegiturak behar genituela. Museoez, kongresu jauregiez eta metroaren, tranbiaren eta errepideen pareko komunikazio azpiegiturez ari natzaizu. Abiadura handiko trenak duela hogei urtetik eginda egon behar luke. Europarekin batu behar gaituen trena da. Badakigu Euskal Hiria deitzen duen horren alde egingo duela, gure herriaren kohesioaren alde. Gainera, frogatuta dago abiadura handiko trena duten hirietan BPGa %2 hazten dela turismoari esker.

6. Euskararen hazkunde progresiboa ekarriko duen hizkuntza politika proposatzen dugu. Euskara gero eta azkarrago hazten ari da. Gakoa adostasuna da. Duela lau urte, XXI. Euskara Plana adostu genuen, eta berreskuratu egin behar dugula uste dut, etenik barik benetan elebiduna den gizarte batera iristeko. Horretarako, ezinbestekoa da euskararen irakaskuntza bermatuko duen hezkuntza sistema izatea. Asko aurreratu dugu; familiek gero eta konfiantza handiagoa dute seme-alabek euskara ikasiko dutela bermatzen duten ereduetan. Lopez eta Basagoitiren gobernuak A ereduaren aldeko kanpainak egin ditu, baina D eredua hobesten duen gizarte bat aurkitu dute aurrean.

MARIBI UGARTEBURU

EH Bildu

“Diru sarrerak gutxitzen direnean lurralde erakundeak taifa erreinu bihurtzen dira”

1. Prest egongo gara indar guztiekin berba egiteko, inor baztertu barik. Erabakitzeko eskubidea, herri honi dagokion oinarrizko eskubide demokratiko legez, zelan egikaritu: hori izango da hurrengo epealdian adostu beharreko giltzarri handi bat. Bakearen inguruan eta normalizazio politikoan urrats eraikitzaileak egiteko prest egotea izango da akordatu beharreko beste gai handia, Aieten nazioarteko eragileek marraztutako norabidean. Hirugarrenik, justizia soziala erdigunean ipiniko dugu, eta norabide horretan akordioak landuko ditu.

2. Onura publiko orokorrera bideratuta ez dauden azpiegitura erraldoien gastuak etengo ditugu, eta horrekin zerga erreformari ekin, progresibitatea eta ekitatea printzipio nagusi modura hartuta. Diru publikoen erabilerak bi ardatz nagusi izango ditu: eskubideei dagozkien gastuak blindatzea eta Enplegurako Inbertsio Funts estrukturala sortzea, ikerketa eta berrikuntza, ekonomiaren dibertsifikazioa eta enplegu berri iraunkorren sustapena lehenetsiz. Bestetik, eredu produktiboa aldatu beharra dago oinarrizko kontzeptu hauen inguruan: lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa eta duintzea, hiru sektore produktiboen berrorekatzea, industriaren dibertsifikazioa, ikerketa eta berrikuntza ardatz modura hartuta, eta eskualdeak ipintzea garapen integralerako erabakigune sareko nodo printzipal modura.

3. Egungo krisiak agerian utzi du zerga alorrean eskumen arauemailea lurralde historikoek izatea oztopo bihurtzen dela. Diru sarrerak gutxitzen direnean lurralde erakundeak taifa erreinu txiki bihurtzen dira, bakoitza bere pastel zatiaz kezkatuta.

4. Posible da. Dirua egon badago eredu sozioekonomiko duina eta bideragarria izateko. Baina diru hori ondo banatzea falta da.

5.Garraio azpiegiturak euskal herritarrek dituzten benetako mugikortasun premien arabera egokitu behar dira, EAEko eskualdeak kohesionatzen dituztenak lehenetsiz. Hori horrela, AHTko lanei berehala atzerapen bat ematea proposatzen dugu, gizartean horren premia estrategikoari buruzko eztabaida sakona sustatuz, erreferendum batean bukatzeko. Metroaz, trenbide sarea hobetzeaz, eta, oro har, mugikortasun eredu iraunkorra diseinatzeko lehentasunak ezartzeko, garraio agintaritza bakarra sortzea proposatzen dugu.

6. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa. Oinarri horiekin, honako jarduera estrategiko hauek proposatzen ditugu: euskal hiztunon komunitatea normalizatzeko adostasun soziala eta politikoa lortzea. Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategiko berria diseinatzea eta inplementatzea, gainerako erakunde publiko eta euskararen gizarte erakundeekin elkarlanean; eta euskararen legeria eta arkitektura juridiko berria garatzea, berezkotasuna, ofizialtasuna, lehentasunezko izaera, ezagutzaren unibertsaltasuna eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

JOSE ANTONIO PASTOR

PSE-EE

“Aurreko Jaurlaritzak AHTa lozorroan izan zuen abertzale erradikalak ez haserrarazteko”

1. Euskadiko ekonomia berreskuratzen lagundu nahi duten talde guztiekin akordioak egiteko prest gaude, kalitatezko enplegua sortzeko garapen ekonomikoa babestu nahi dutenekin. Hala ere, zalantza sendoak ditugu alderdi batzuek hori egin nahi ote duten; horren adibidea dugu zelan Bilduk Gipuzkoa laborategi bihurtu duen eta bertako ekonomia geldituta daukan. Gu ez gaude gizarte duin bat eraikitzeari uko egiteko prest. Badakigu zerbitzuak mantentzea ez dela erraza, kudeaketan austeritatea eta eraginkortasuna ezinbestekoak direla, baina seguru gaude egungo egoera gainditzeko modu bakarra zerbitzu publikoak mantentzea dela.

2. Orain arte indarrean jarri ditugun neurriei eutsiko diegu, eta indartu. Enpresak babesten jarraituko dugu, esportazioaren hazkundea sustatuko dugu —Patxi Lopezen bidaiekin dagoeneko %50 hazi da— , eta unibertsitatean inbertitzen jarraituko dugu. Une honetan Euskadik BPGaren %2 baino gehiago bideratzen du I+G+Bra; Europako batez bestekotik gora. Une honetan enplegua da gure lehentasuna, eta, besteak beste, Sozietateen Zerga bidez bildutako dena ekonomia aktibatzeko erabiliko genuke. Urtero langabezia saria bukatu zaien 8.000 langabe kontratatzeko konpromisoa hartu dugu. Enpresa ertain eta txikiei ere lagunduko diegu, urtero 2.000 gazte kontratatzeko, formazioa emateko.

3. Uste dugu ezinbestekoa dela euskal erakundeen inguruko akordio berri bat, eraginkortasuna eta austeritatea lortzeko. Lurralde Historikoen Legeak sakoneko berrikusketa bat eskatzen digu, eta Euskadik, gainera, Udal Lege baten premia dauka, udalen eginbeharrak zehazteko. Legegintzaldi honetan lortu ez badugu, Bizkaiko Foru Aldundiak oztopatu duelako ez dugu lortu. Hori da Lurralde Historikoen Legea berritu behar den froga.

4. Posible da, honako arlo hauen inguruan behar eginda: administrazioaren funtzionamenduan austeritatea indartu, iruzurraren aurka egingo duen eta ondare handiek gehiago ordainduko duten zerga sistema indarrean jarri, eta enpresak zuzenean lagundu ekonomia indartzeko, hartara enplegua sortzeko eta bide batez zerga bilketa handitzeko.

5. Lehentasuna lehiakortasuna da, eta, horretarako, azpiegiturak ezinbestekoak dira. Horien artean, AHTa da garrantzitsuena. Aurreko Eusko Jaurlaritzak lozorroan izan zuen, abertzaletasun erradikala ez haserrarazteko, baina Patxi Lopezen gobernuak erabat babestu du. Une honetan arazoa Raxoiren gobernuak egin behar duen zatietan dago. Gure esku dagoen guztia egingo dugu atzerapenak ekiditeko.

6. Bi hizkuntzen arteko oreka lortu gura dugu, euskarak aurrera egitea gizarteak apurka bere sentitu duelako. Izan ere, aldaketa sakonak poliki-poliki egiten dira gizarte guztietan. Legegintzaldi honetan Euskara Askatasunean manifestuaren proposamen guztiak bete ditugu, euskarari lotutako proiektuak babestu ditugu eta euskarak behar duen bake linguistikoa lortu dugu.

ANTON DANBORENEA

PP

“Ez du zentzurik Nafarroako ikastolak finantzatu eta gurean murrizketak egiteak”

1. Hitzarmenak egitekotan, arlo ekonomikoan serioak diren alderdiekin egingo genituzke, ez beste inorekin. EAJz eta PSE-EEz ari naiz, noski. Patxi Lopezen alderdiaz gutxiago, inoiz ez direlako oso serioak izan. Bildurekin ezinezkoa litzateke akordiorik egitea. Aurrekontuak doitu behar ditugu, eta Euskadiren defizita gutxitu; euroaren irizpideak bete behar ditugu, Europan eta euroan jarraitu nahi dugulako. Akordioek oinarri hori izango lukete.

2. Patxi Lopezek harro hitz egiten du Eusko Jaurlaritzak I+G+Bn inbertitzen duenaz, baina ahaztu egiten zaio guk behartu genuela esfortzu horri eustera eta behar izanez gero inbertsio horretarako zorpetzera. Administrazioaren inbertsio zuzenak enplegua sortzen du. Obra horiekin enpleguari eusten zaio, eta berria sortzen da. Horrez gainera, ekoizpen eredua aldatu behar da. Garai berrietara egokitu behar da, eta atzerriko enpresekin lehiatzeko moduan egon. Horretarako, baina, finantzabidea behar da.

3. Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen eskumenak finkatu behar dira, eta azken horiek Euskal Finantza Kontseiluan duten egitekoa definitu. Baina ez dugu begi onez ikusten Euskadi zentralizatzea, foru aldundien kaltetan.

4. Osasunean eta hezkuntzan kudeaketa hobetu daitekeen arren, bi horiek ukitu barik badago non murriztu: Ibarretxe plana zabaltzeko sortutako enbaxadak hor daude. Ez du zentzurik Iparraldeko eta Nafarroako ikastolak finantzatzeak eta gure eskola publikoetan murrizketak egiteak. Zertarako behar ditu lau kanal ETBk? Nondik kendu asko dago.

5. AHTa da Euskadin enplegua sortzen ari den inbertsio bakarra. Foru aldundien eta Jaurlaritzaren aurtengo inbertsioen %33 ordezkatzen du, baina dirua Espainiako Gobernuak jartzen du. Baina aurreikusita zeuzkaten gainontzekoak bertan behera utzi dituzte. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sei errepide zeuzkan aurreikusita, eta bi baino ez dira egiten ari. Guretzat ezinbestekoa da inbertsioa enplegua sortzeko. Metroaren 3. linean ere inbertsioa handitzea lortu dugu, eta horri eustea eskatzen dugu.

6. Gure apustua euskaraz askatasunean hitz egitea eta ezagutzea da. Denek dute bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea. Baina uste dugu inposizioa txarra dela euskararentzat. Erabilera sustatzeko proiektuak lagunduko ditugu: adibidez, Euskaltzaindiarentzako diru laguntzak handituz. Gizarte elebidun baten alde gaude, bai, baina askatasunetik.