Bizkaibus eta Bilbobus autobus zerbitzuetako kioskoen etorkizuna kolokan dagoela salatu dute UGT sindikatuak eta Bildu koalizioak. Barik txartela martxa jarrita, arrisku hori ikusten dute. Bizkaibusen 42 kiosko daude herrialde osoan banatuta, eta Bilbobusenak, beste lau. Kiosko horietako beharginen lana ere kolokan dagoela deritzote.
UGTren arabera, Bizkaiko Garraioen Partzuergoa “praktikan, lanik gabe” uzten ari da Bilbobus eta Bizkaibuseko ehun behargin inguru. Behargin horiek, oraingoz, kioskoetan Creditrans, Gizatrans eta Hirukotrans txartelak saltzen dituzte. Erabiltzaileei Barik txartel berriari buruzko informaziorik ematen ez dietela uzten salatu du sindikatuak, gainera. Hori guztia foru aldundiaren eta Bilboko Udalaren begi onez egin dela dio. UGTk salatu duenez, erakundeek “nahiago dute komertzio pribatuek, estankoek eta kioskoek egitea Barik txartelaren karga, langileei dagokien” lanaren kalterako.
Erabiltzaileei eurei ere neurri horiek “eragozpenak” sortzen dizkiela dio sindikatuaren garraio sailak. Izan ere, gogora ekarri dutenez, erabiltzaileak ohituta daude bidaia txartelak erosten dituzten kioskoetan bertan Bilbobus eta Bizkaibusen langileen ahotik informazioa jasotzera.
Kabinen “lan soziala”
Bildu koalizioak ere antzeko iritzia plazaratu du. “Kabina horiek defendatuko ditugu aldundiak utzi egin dituelako. Bezeroen arretarako, gainera, oso puntu garrantzitsua izan daitezke”, azaldu du Aitor Torre batzarkideak.
Kiosko horiek ez direla desagertu behar deritzo Torresek, “lan sozial bat ere” egiten dutela arrazoituta. Haren arabera, lan horietan ari diren 68 beharginetako asko “gidari lanetatik atera zituzten beharginak dira”. Horietako askori kioskoetako lana eman zietela esan du “osasun arazoak edo ezintasunen bat tarteko”.
Bilboko Udalak, berriz, erantzun du UGTren eta Bilduren ohartarazpenak ez dituela ulertzen. Hain zuzen, ez dakite zergatik dioten txartelak saltzeko kabinen etorkizuna arriskuan dagoela. Bilbobusen kioskoetan Barik txartela saltzen dutela argitu dute, eta, gutxi barru, txartelok kargatzeko aukera ere eskainiko dutela iragarri.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du salaketa horien inguruan bere iritzia azaldu. Kritika egin dio, ordea, Bilboko Metroari. Izan ere, Kantabriako (Espainia) Castro herrian “milaka txartel” oparitu izana leporatu dio. Txartel horiek oparituta, Bilboko Metroaren zuzendaritzak BEC erakustazokan dagoen aparkalekuaren erabilera sustatu nahi izan du.
Foru aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailaren ustez, “justifika ezina” da Kantabrian txartelak oparitzea “bizkaitarren diruarekin”, eta, inguruko herrietan, Meatzaldean, esaterako, antzeko sustapenik ez egitea.
Barik txartela, eskuragarri
Bilbotrans txartelaren erabiltzaileek dagoeneko eskura dezakete Barik txartel pertsonalizatua, ezer ordaindu gabe, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Horretarako, hitzordua eskatu behar da, eta erabiltzaileak Bilbotrans txartela baduela azaldu beharko du, izena eta bi abizenak emanez.
Gainontzeko erabiltzaile guztiek ere eskuratu dezakete dagoeneko Barik txartela, bulegoetan eskatuta. Horretarako, ordua eskatu behar da honako telefono zenbaki honetan: 901 12 31 23.