Auzoaren lekuko” izateaz gain, “bertako zaharrena” ere bada Zaratamoko Burbustu auzoan dagoen haritza. Laurehundik gora urte dauzka eta bertako bizilagunek Aldundiak Bizkaiko arbola bereizi izendapena eman diezaion nahi dute. Horretarako, lanean hasi dira. Facebook-en orri bat egin diote eta udala ere hasi da lanean.
Jon Ibon Izagirre bertako baserritar batzuen semea da. Auzoan izendapena lortzeko ekinean hasi zen. Aldarrikapena herri osoak jaso du orain.
Izagirrek azaldu du haritzarekiko sentimendu hori nondik datorren: “Bizkaian, norbaitek arbola batekiko maitasuna ez sentitzea da azaltzen zaila; kontuan hartu, gainera, gurea haritz bat dela”. Burbustuko zuhaitzak, baina, historia luzea du, eta historia luzea gordetzen du.
“Haritz trasmotxo bat da. Bere garaian, ikatz begetala egiteko eta auzoko meatze jarduerarako zura eman zuen. Izan ere, nekazaritzan jarduten zuen auzoa izateaz gain, gurean burdinaren meatzaritza ere landu zen”, azaldu du, zuhaitza “testigantza horren zati bat” dela gaineratuta.
Sentimenduak ere ukitzen ditu, ordea, Burbustuko haritzak. “Nire izeko-osabek haritzaren barruan sartuta jolasten zuten. Gaur egun, dagoeneko, ezin daiteke barruan sartu, itxita dagoelako. Festak ospatzen genituenean, alkohol botilak hartuta bertara joan eta bedeinkapen antzeko bat egiten genuen jai giroan, abadea bera ere bertan zegoela. Tradizioa zen”, esan du Izagirrek, arbolak gorde dituen bizipen guztiei aipamen eginez.
Zuhaitz sendoa da Zaratamokoa. Lau metrotik gorako diametroko enborra du. Bizkaiko arbola bereiziaren izendapena lortzeko ezaugarri hori baliagarria izan daitekeela uste duela azaldu du Izagirrek. Dena den, balio historikoak eta kulturalak ere kontuan hartzen direla dio. Hori dela eta, foru aldundiak haritza aztertu dezan nahi dute, eta izendapen hori jasotzeko modua duen erabaki.
Zerrenda zabaltzeko eskaera
Kantabrian (Espainia) hainbat zuhaitzek dutela izendapen hori eta Bizkaian oso gutxi direla esan du Zaratamoko bizilagunak. Horri ere aztertu beharrekoa deritzo. Garai eta Muxikako arteak, Arimekortako hagina eta Artzentalesko haritz hibridoak besterik ez dute izendapen hori. Batzar Nagusiek ere duela zenbait hilabete eskatu zioten foru aldundiari duela 15 urtetik itxita duen zerrenda hori zabal dezan.