Leninek hartu nau autostopean

Agian ez da zilegi pentsalari baten obra oso sakonki ezagutu barik artikulu batean aipatzea. Baina batzuetan irakurgaia hain da akuilagarria ezen ideiak lotzera eta hitzak bilbatzera bultzatzen zaituen eta, ohartu orduko, zutabeko idazpuru bihurtu duzu. Horixe gertatu zait niri Leninekin aste honetan. Bere diskurtsoen bilduma liburu bat irentsi dut egun bitan eta harritu egin nau, ehun urte joanda ere, bere hitzen gaurkotasunak.

1919.eko azaroaren 22an esan zuen: “Milioika lagun bizi dira menpeko nazio ez-burujabeetan, eskubideak ukaturik. Orain arte, inperialismoaren nazioarteko politikaren objektu izan dira: kultura eta zibilizazio kapitalistarentzat ongarria baino ez”. Pasarte hori irakurrita paperetik desitsatsi ditut begiak. Stop. Neure buruari gelditzeko esan diot. Autostop. Mapetan agertzen ez den herrialde batekoa izatearren eta inork ulertzen ez duen hizkuntza bat dantzatzen duelako nire mihiak, neure baitan, askotan entzuten dudan marmarra delako hori. Eta hauteskundeetan gaude. Eta hauteskunde guztiak inflexio puntu diren arren, hauek askoz ere angelu zorrotzagoa margotzen dute. Eta horregatik denagatik hurrupatu dut liburuxka; zukutu dut. Eta idazten hasi naiz.

ETAk, behingoan, armak utzi ditu; demokratek, behingoan, herriari utziko diote legebiltzarrari eman nahi dion kolorea ematen; euskal gizarteak (antza), behingoan, ulertu du kapitalismo basatiak nora garamatzan… Une benetan garrantzitsua bizi dugu eta, Leninen hitzak beste behin ekarriz hona, “garaipena ez dagokio alderdi bati, herri osoari baizik”. Herriak gidatu behar du politikagintza, ez alderantziz. Autostop. “Hauteskundeak gudu-zelaietako bat baino ez” direlako, herriaren parte hartzea ezinbestekoa da, baita urriaren 21aren ostean ere. Norbanakoen gogoetatik taldekako eztabaidetara jauzi eginez, herri mailako ekintzetara ailegatzeko. Autostop. Herriak hartu behar du lema eta Ajuria Enearen norabidea zehaztu. Eraikuntzak behetik gora altxatzen direlako; goitik behera onartzen den gauza bakarra euria delako. Autostop.

Argi dago solidaritatea eta ikuspegi ezkertiarra globalizatzeko abagunean gaudela eta, Leninen aburuz, “absurdoa da kapitalismoaren aurkako iraultzan nazioen auzia ahaztea”. Entzun dezatela entzun behar dutenek, herri mailako gogoeta pizteko. Geldi gaitezen, ingurura begiratu. Stop. Ondo goaz? Zein da herri lez martxan jarri behar dugun estrategia? Leninek zihoen iraultzarako armak momentuan-momentuan aukeratu behar direla. Para gaitezen, eta hausnar dezagun. Autostop.

Orain bai. Orain, ekin.