Ibai Maruri Bilbao
Erromatarren garaitik bizirik iraun duen gaztainadi bat topatu dute Zallan, Gorrieta inguruan. Ordukoa dela esan diete, behintzat, herriko baserritarrek Euskal Herriko Hazien Sareko kideei. 2016tik Enkarterri inguru horretako ortuarien eta fruta arbolen aniztasuna ikertzen dabiltza sareko kideak, eta joan den zapatuan aurkeztu zituzten azken urtean topatutako berritasunak. Tokiko fruta arbolak ere banatu zituzten, bakoitzak bere lurretan landatzeko.
Gaztainondo motza da topatu duten gaztainondo mota. “Modu berezi batean ustiatzen edo lantzen den gaztainondoa da. Metro eta erdiko edo bi metroko garaieran inausten da, eta hortik gora botatzen ditu adar berriak”, azaldu du Joseba Ibarguengoitia biologo eta sareko kideak. Gaztainadi horiek abeltzaintzarako, zurgintzarako eta elikadurarako erabiltzen ziren. Adibidez, gaztainondoekin egiten ziren hesietarako makilak, habeak eta teilaturako zura. “Txertatutako gaztainondoak dira, txertatze puntuak topatu ditugu eta”. Eta hori egiten ari dira sareko kideak ere, gaztainondo berriak lortzeko: Extremaduratik (Espainia) ekartzen dituzte gaztainondoak, eta haiei txertatzen dizkiete hemengoak.
Gaur egun basogintzak Bizkaian bizi duen krisialditik irteteko alternatiba egokia iruditzen zaio Ibarguengoitiari gaztainondo motzak landatzea. “Garai batean, gurean, oso garrantzitsua zen gaztainondoen ustiaketa. Orain Extremaduran ikusten ari gara motor ekonomiko indartsua dela. Ezagutza badugu, eta tradizioa ere bai”. Gaztainadi landatu berria izan edo aurretik egondakoa izan, aldea dago, baina Ibarguengoitiak esan du 5-10 urtean ekoizpen betean egon daitekeela. Euskal Herrian, daborduko Nafarroako Gobernuarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin egin dute lan gaztainadiak landatzen, eta, orain, Bizkaiko Foru Aldundiaren interesa piztea lortu dute: duela pare bat aste Enkarterriko sei foru basozain eta Zallako baso ingeniari bat sareko kideekin joan ziren Gorrieta inguruko gaztainadi ustez erromatarra ezagutzera, eta interesa agertu dute formakuntza saio gehiago jasotzeko.
Hala ere, hedapen horretan herritarrak dira, gaur-gaurkoz, aliatu nagusiak: tokian tokiko baserritarrak eta baso jabeak. Joan den zapatuko aurkezpenean banatu zituzten gaztainondo berriak, sagarrondo eta gereziondoekin batera. Tokiko arbola motak ziren guztiak. Izan ere, sarekoek tokian tokiko aniztasuna berreskuratzea eta sustatzea dute helburu. Ibarguengoitiak azaldu du ortuari batek eta fruta arbola batek zer baldintza bete behar dituzten tokikoa izateko: “Ortuarien kasuan, belaunaldi bat egin behar dute etengabe landatuta. Fruta arbolek bi, eta, gazteak badira, aurrekoak izan behar ditu bi belaunaldi. Akademiak esaten du belaunaldia 30 urte direla; beraz, ortuariek 30 urte behar dituzte; arbolek, 60”.
Tokiko baserritarrekin egiten dute berba ikerketetan; haien ezagutza biltzea da helburua. Ibarguengoitiak esan du ezagutza horiek mantentzen dituzten adineko gero eta gutxiago geratzen direla, eta haiei esker jakin dute Zallako inguru batzuk gereziondoz beteta egoten zirela sasoi batean. “Zallan ekoizten zituzten Bilbon jaten zituzten gereziak. Udaberrian ikuspegia zoragarria zen arbolak loratzen zirenean; Jerteko bailarari [Extremadura, Espainia] inbidiarik ez izateko modukoa”.
Azken aldian gehiago ibili dira fruta arbolekin: bereziki, gaztainondoekin. Baina Zallako tipula morearekin hasi zituzten ikerketak. Hazia gordetzeaz gain, haren inguruko ezagutza biltzea ere izan da euren helburua. “Noiz erein behar den, nolako hazitegietan, noiz landatu ortuan, zenbat ureztatu eta nola ongarritu, izurriteei nola egin aurre, noiz bildu… Erein, landatu eta bildu: beti ilbeheran”. Errezetak ere berreskuratzen dituzte. Tipularen kasuan, jakin dute Zallan garai batean oso jaki preziatua zela garara igotzen zenean egiten zen gara tortilla.
Haziak gordeta
Hazien aniztasun hori gordetzeko bide bi erabiltzen ditu sareak: landaketa eta hozkailuetan gordetzea. Sareak Araban du hazi gordailu nagusia, Gasteizen, Olarizuko lorategi botanikoan. Bizkaian, Zeberion dute gordailu txikiago bat, Maskilu elkartearen egoitzan. Zallan bertako baserritarrek gordetzen dituzte, euren ortuetan landatuta. Izan ere, sareak Enkarterriko herri horretan egin du proiektu gehien. Halere, ez da bakarra. Bizkaian bertan, Karrantzan, Urduñan eta Busturialdean ere ibili dira tokiko hazi, ortuari eta arbola motak biltzen. Ibarguengoitiak aitortu du aniztasuna asko galdu dela, baina leku batzuetan hobeto mantendu dela. “Busturialdean gorde dira, esaterako, Gernikako piperra, Gernikako indaba, Busturiko tomatea, Nabarnizko kuiatxoa…”.
Aniztasun hori gordetzearen premiaz ohartarazi du. Arboletara jo du berriro, azaltzeko zergatik den garrantzitsua: “Pinuen izurritearekin ikusi dugu zer gertatzen den mota bakarra landatzean. Landatu dituzten pinu guztiak mota berekoak direnez, denak jo ditu gaitzak, eta pinudi osoak hil dira”. Mota ezberdinetakoak landatuz gero, mota batzuetakoak gaixotu daitezkeela eta beste batzuetakoek hobeto euts diezaioketela azpimarratu du Ibarguengoitiak. “Gauza bera gertatuko da klima aldaketarekin ere: mota batzuk besteak baino hobeto egokituko dira baldintza berrietara, baina non aukeratu izan behar dugu horretarako”.
Hazien erregistro parte hartzaileak ere egiten dituzte. 2018an egin zuten Zallako tipula morearena. “Industrian patenteekin bezala, landareak ere erregistratu egiten dira. Kataluniako enpresa batek Zallako tipula morea izena patentatu zuen, [Espainiako] Estatuan produzitzen duen tipula bat merkaturatzeko. Hori salatzeko egin genuen erregistro parte hartzailea, sinbolikoki bertoko nekazariekin haiek belaunaldiz belaunaldi gordetako eta landatutako landare mota baten historia, izena eta jabetza pribatizaziotik babesteko”. Bospasei ortuarirekin egin dute dagoeneko.