Ibai Maruri Bilbao
Bilbon aspaldiko aldarrikapena da Artxanda ingurua “berpiztea, suspertzea eta biziberritzea”. Bilboko Udalak “horretarako” plana osatu du. 8 milioi euro inbertituko ditu, besteak beste, parke berri bat sortzeko eta Enekuri gainetik Ergileta gainera joango den sei kilometroko pasealekua egiteko. Jarduera ekonomikoa ere sortu gura du inguruan. Bilbotarrentzako “topaleku, arnasgune eta aisialdirako toki garrantzitsuetako bat” izatea da asmoa. Izan ere, pandemiaren ondorioz, azken urte honetan agerian geratu da Bizkaiko hiriburuak premiak eta gabeziak dituela arlo horretan. Horrez gainera, udalak egindako inkesta baten arabera, bilbotarren %90ek gura dute Artxanda hiriaren birika izatea; gazteenek kirolerako erabiliko lukete, eta nagusiagoek, berriz, gastronomia kontuetarako.
Azken urteetan pauso batzuk eman dituzte Artxanda ingurua herritarrentzat erakargarriago egiteko. Esaterako, BI-3741 errepidean biribilguneak ipini zituzten, ibilgailuen joan-etorria lasaitzeko. Iaz, 1936ko gerrako biktimak omentzeko eskultura dagoen parkea berriro moldatzeko lanak amaitu zituzten. Orain, udalak azken bultzada eman nahi dio proiektuari. Horretarako, lehenengo, Sondikarekin akordioa sinatu beharko du. Izan ere, Artxanda bi udalerrien topaleku da gaur egun: San Roke baseliza dute mugarria. Aurki, 135.000 metro koadro emango dizkio Sondikak Bilbori, doan. Ondoren, obrak Bilbok ordainduko ditu, eta emaitza bilbotarren, sondikatarren eta bizkaitar guztien gozagarri izatea da helburua.
Enekuriko eta Ergiletako gainak lotuko ditu, eta sei kilometro izango da luze: Artxanda mendia alderik alde zeharkatuko du. Aurten esleituko dituzte obrak. Bilbo goi-goitik ikusteko begiratokiak izango ditu, baita atsedenerako lekuak ere. Errepidearen parean eraikiko dute, eta ibilgailuen joan-etorria lasaitzeko tarte horretan guztian orduko 30 kilometroko muga ezarriko dute —50ekoa eta 60koa da orain—. Era berean, errepidearen asfaltoa aldatuko dute, oinezkoentzako kaleetan ipintzen dutenaren antzekoa. 2023rako amaituta egotea espero du udalak. Aurtengo udal aurrekontuan milioi erdi euro dago jasota horretarako.
Artxandako futbol zelaia dagoen inguruan, 66.700 metro koadroko parke handi bat sortuko dute. Funikularraren geltoki ondoko begiratokitik San Roke ermitara arte hedatuko da. Topaleku parkea izango du izena bukatzean, helburua hori baita: adin guztietako jendea eta mota askotako interesak dituena elkartzea eta bertan euren gozamenerako aukerak topatzea. Hori dela eta, hainbat erabilera izango ditu: berotegi botaniko bat, aintzira artifizial bat, uraren gaineko zurezko zaldainak eta umeen joko naturalizatuak dira gaur-gaurkoz han ipintzea aztertzen ari diren proposamenak. Guztira, bi milioi euroren aurrekontua izango dute berdegune berria atontzeko lanek, eta hori ere 2023rako amaitua izan gura du udalak. Oraindik zehazteko dago zer gertatuko den gaur egun inguru hartan dauden aparkalekuekin.
1936ko gerran, Bilbo tropa frankisten eskuetan erori aurretik, Artxanda mendian izan ziren borroka odoltsuak. Gudu haietako eta ondoren hiriburuan gerrak utzitako biktimen omenez Hatz marka izeneko eskultura bat dago funikularraren geltoki ondoko parkean. Horrez gainera, Bizkaiko hiriburua babesteko eraiki zuten Burdinazko Hesiaren aztarnak ere badaude Artxandan. Udalak hesia berreskuratu nahi du, eta haren ezagutza zabaltzea da planaren beste zutabeetako bat: asmoa da bisita gidatuak antolatzea, berreraikuntza birtualak baliatuz. Gerra karlistetako aztarnak ere badaude inguruan, tropa karlistek Bilbo liberala setiatuta izan zuten garaietakoak, hain zuzen.
Udalak Artxandari balioa handitu nahi dio. Horretarako, ingurua dinamizatzeko jarduera batzuk sortu nahi ditu plan honen bitartez. Besteak beste, hondokoak jartzeko aukera aipatu dute: gune pedagogikoak; abentura parkea, naturako aisialdian oinarritua; kirol jarduerak egiteko eta gorputza entrenatzeko lekuak, Artxandako udal kiroldegiaren osagarri; kalitatezko gastronomia esperientziak bizitzeko jatetxeak edo tabernak; formatu txikiko zuzeneko ikuskizunak, tailerrak, tokiko produktuen azokak eta abar. Zer eta non egin daitekeen zehaztu gabe daude oraindik.