Bizkaia gura, Villaverde Turtzioz hartu

Bizkaia gura, Villaverde Turtzioz hartu

Ibai Maruri Bilbao

Velasco abizen soil bat baino gehiago da: Gaztelako erresuma izandakoan leinurik garrantzitsuena da. “Espainiako erresumetan izan den familiarik indartsuena da”, azaldu du Goio Bañales historialariak. Euskal Herriarekin ere izan zuten harremana. Haien artxiboan Bizkaiarekin zerikusia duten agiri batzuk eskuratu ditu Bañalesek. Hain zuzen ere, Toledoko Espainiako Nobleziaren Artxiboan 1385etik 1704ra bitartean idatzitakoak. Enkarterriko Museoarekin Bizkaiari buruzko dokumentuak. Friasko etxeko artxiboa (Velasco etxea) ikerketa lana ondu du. Enkarterrimuseoa.eus web orrian eskuratu daiteke PDFa. Hurrengo argitalpenean velascotarrek beste agiritegi batzuetan dituzten agirien ikerketa lana onduko dutela esan du, oraingo hau osatzeko. “Garai hartako agiriak irakurtzea astuna izan daiteke askorentzat, baina Enkarterriko eta Bizkaiko historiarekiko interesa dutenek ere kontu bitxiak topatuko dituzte”. Besteak beste, Villaverde Turtzioz zergatik dagoen Kantabriako (Espainia) erkidegoaren administraziopean jakin gura dutenek argitalpenean datu garrantzitsuak topatuko dituzte.

Bañalesen ustez, velascotarren familia kantabriarra izan daiteke sortzez. Baina, indarra hartu ahala, Gaztelako errege-erreginen gortera batu ziren. “Gaztelako erresuma izandako herri guztietan dago velascotarren dorreren bat. Haien indarraren erakusle zen”. Gero eta ondasun eta jabetza gehiago izatea zuten helburu. Beraz, Bizkaiko jaurerria ere begiz joa zuten. Juan I.a Gaztelako errege eta Bizkaiko jaunak Lope Otxoa Avellanedari eman zion Villaverdeko ibarra —gaur egun Villaverde Turtzioz udalerria—, 1385ean Aljubarrotako (Portugal) guduan eskainitako laguntza eskertzeko. Villaverde Bizkaiko jaurerriko ibar bat zen XII. mendetik, Enkarterriko merindadekoa. 1440ko irailaren 13an, Diego Avellanedak Pedro Fernandez de Velasco Gaztelako kondestableari —erresumako aginte gorena, erregearen atzetik— saldu zion ibarra, 500.000 marabediren truke. “Eskumen guztiekin saldu zion. Beraz, ibarreko herritarrak ere bere mendeko izatera igaro ziren. Hark zuen ibarrean justizia ezartzeko eskumen osoa. Modu horretan, velascotarren jabego pertsonal izatera igaro zen”, azaldu du Bañalesek.

Lutxanako gaztelua

Gaur egun Kantabria diren Sobako eta Ruesgako bailarekin batu zuten gerora velascotarrek Villaverde, eta, harrezkero, lurralde haiei lotua egon da. Ibar bi haiek Espainiako Santanderko probintziaren parte —Kantabriako autonomia erkidego, gero— izatera igaro zirenean, Villaverde ere bai. Eta horrela jarraitzen du gaur egun ere. Ibarreko herritarrek eta euren jaun berriek izan zituzten gatazkek osatzeko dute argitalpenaren zutabeetako bat. “Badago agiri adierazgarri bat, XVIII. mendekoa: Enkarterriko eskribauek Villaverden ere jardun nahi dute, Enkarterri delakoan. Baina Velasco etxeko jaunak esaten die ezetz, berea dela Villaverde eta berak izendatzen dituela ibarreko eskribauak. Alkatea ere hark izendatzen zuen, bere izenean justizia ezarri zezan”.

Barakaldoraino

Argitalpenean Bizkaiko beste toki batzuetan erositako jabetzen agiriak ere badaude. Baina bigarren zutabe nagusia Barakaldoko agiriek osatzen dute. Izan ere, behin Villaverde eskuratuta, Bizkaian hedatzen hasi ziren. Esaterako, Atxuriagako dorrea erosi zuten Galdamesen. Hori baino garrantzitsuagoa: Zallan, Balmasedaren mugakide ziren lurrak ere eskuratu zituzten. Bañales historialariaren esanetan, “Gaztelatik Bizkaira ekartzen ziren salgai guztiak Balmasedako aduanatik sartzen ziren, harik eta Urduñakoa ireki zen arte. Beraz, Gaztelaren eta Bizkaiaren arteko merkataritza kontrolatzen zuten”.

Are gehiago, Lutxanako gaztelua ere eskuratu zuten: Barakaldon. “Dorre izugarri bat zen, pasabide batekin beste dorre bati lotua. Itsasadarrera arte sartzen zen, eta handik Bilboko portuko merkataritza guztia kontrolatzen zuten”. Aiaratarrena zen Barakaldo, baina salazartarrekin gudua galdu ondoren, velascotarrei eman behar izan zieten. Horri buruzko agiriak hurrengo argitalpenean agertuko direla iragarri du. Oraingo honetan velascotarrek barakaldarrekin izandako harreman korapilatsua jaso dute: zer zer herritarrena eta zer jaunena; horrek tirabirak sortu zituen.

Aiaratarrekin izandako hartu-emana aztertzea garrantzitsua dela esan du Bañalesek. Bizkaia eta Araba artean zona zabala menderatzen zuen leinua zen, kostaldetik lehorrera. Historialariak uste du, nolabait, euskararen eta gaztelaniaren arteko muga ezarri zutela bi leinuen jabetzek. “Ez dago lotura frogatuta, baina aiaratarrenak izandako lekuetan euskara mantendu zen. Esaterako, XX. mende hasiera arte Barakaldo euskalduna izan da. Ostera, velascotarrenak izandako Enkarterri aldeko lurretan lehenago galdu zen. Aiaratarrak euskaldunak ziren eta euskaraz egiten zieten euren lurraldeetakoei”.

Velasco leinukoen panteoia

Velascotarrek jaurerri osoa eskuratu nahi izan zuten. Leinuen arteko gerra betean zegoen Bizkaia XV. mendean. 1471n armada bat osatu eta konkistari ekin zioten, Mungiara iritsi ziren arte. Erraz egingo zutela uste zuten. Salazartarrak euren alde zituzten, eta Mungiako billelatarrak ere bai: butroetarrak menderatzearekin nahikoa zuten. “Naiarako jaunak esan zien oinaztarrei eta ganboarrei elkartzeko velascotarren aurka, berak ere babestuko zituela. Lehia albo batera utzi eta elkartu egin ziren: Bizkaiko infanteriak velascotarren zalditeria garaitu zuen”. Mungiako guda hura galdu ez bazuten, velascotarrena izango zen Bizkaiko jaurerria. “Gaur egun, bestelako Bizkaia bat izango genuke”.

'Bizkaiari buruzko dokumentuak'