Luzea da Jose Mari Aranbarri Botx-ek (Ondarroa, 1943) arrantzagaz daukan lotura. Gazte-gaztetan “errekan” egiten zituen orduak eta orduak, marea behean zegoenean. Orduko oroitzapenak asko dira, onak dira.
Urteak pasatuta, tailer batean hasi zen lanean, mekanikari, itsasontzien piezak konpontzen. Ezkondu ostean, itsasora joan zen, “lehorrean baino diru gehixeago irabazteko asmoz”. Urte eta erdian, antxoa kanpaina bi, hegaluze kanpaina bat eta Kanarietako kanpaina bat egin zituen Ondarroako Lau Anaiak itsasontzian. Beste asko modura, “zorabiatuta” egotetik ez zen libratu.
Lehorrean baino gutxiago irabazten zela ikusi, eta portura joan zen lanera. Ikuskatzailea izan zen hogei urte baino gehiagoan. Bere eginbeharra: etxera etortzen ziren txalupak itsasora bueltatzeko prestatzea. Txairu enpresan egin zuen beharra lehenengo, eta Bermeoko Asmor enpresako Larraurin gero. Txalupen sarrera-irteeraren araberako ordutegia eduki zuen urte luzeetan, baina “gustura” egon zen hori lan hori egiten. “Lau txalupa zeuzkaten hemen. Gaur egun ez dago batik”.
Orain dela bost urtetik hona, itsasora joaten da, lantzean-lantzean joan ere; Tobaneku motorraren gidaria da bera. Ez da Ondarroako kostaldetik aparte joaten. Hurrera joaten da ia gehienetan, Ondarroako Arrigorri eta Mutrikuko Saturraran hondartzen babesera.
“Arrantzale ona zara?” galderari, “ez pentsa” erantzun dio, irribarrez. Azken urteetan, hori bai, trebetasuna irabazi du, eta apurka-apurka badoa gainerakoen maila berdintzen.
Txalupa txikia da Tobaneku, motor txikikoa. Lehen, Zubi Barriaren eta Zubi Zaharraren tartean egoten zen lotuta, soka ezker-eskuma zeukala. Orain, Kafeko Atze pasealekuan egoten da, pantalanari lotuta. Kanpotik eta barrutik berdea da.
Itsasoak asko ematen dio Aranbarriri: han egotea “gozamena” da berarentzat. “Itsasoan ondo pasatzen dut. Erraz joaten zaizkit orduak”. Eguna argituz doanean gustatzen zaio gehien joatea. Egunsentia, orduan, Saturraran gainetik etortzen da, gorri-gorri. Normalean, bakarrik joaten da, baina asteburuetan, batzuetan, Martin anaia edukitzen du alboan, udan, oporraldian batez ere. Lagunekin ere joan izan da, eta gonbidapena eginaz, argi dio bera beti prest dagoela bat edo bategaz joateko. “Eurak gustura egonez gero, neu ere oso gustura nago”.
Egunsentian joaten da arrantzara gehienetan. Orduan da eguneko momenturik onena txipiroitarako; horiek orduok edo iluntzeko lehenak, “argiagatik”. Izan ere, eguna eta gaua eginaz, azalerago egoten da txipiroia. Hondotik beso batera bota behar izaten da aparailua, harrapatzeko.
Orain, udazkenez, berandu egiten du eguna, eta 07:00 aldera joan daiteke arrantzara, baina, udan, 06:00etarako egotea komeni da. Txibitara ateratzea da bera zoratzen duena. Txalupa erosi zuenean esan zion lagun batek: “Botx, kontuz ibili, txibi tinta buruan sartzen bazaizu, txarto behar duzu”. Eta sartu zaio, sartu zaionez.
Korain klasikoak eta korain japoniarrak aukeran, azken horiek daude orain momentuan modan txipiroiak harrapatzeko. Kolorez kolore, berde argia du berak gustukoen, bai eta gris argia ere, “zurixka dena”. Botaldi bakoitzean bi bota ditzake gehiengoz.
Hori ez eze, badira arrantzaleek bete behar dituzten arau gehiago ere: Tobaneku, esate baterako, laketontzia da. Hori horrela, ezin da bi miliatik aparteago joan. “Aparteen Mutrikuko Momarrixe kala pareraino joan naiteke”. Horrez gain, arrantzale bakoitzak bost kilo arrain har ditzakete gehienez. Eta bost kiloko arrantzaldia egitea ez da erraza izaten sarritan. Noiz edo noiz, baina, lortzen da: aingira bat harrapatu zuen iaz, ezin kolpe eginda ibili zen, aparailuak elkar korapilatuta. Itsas kabraren bat edo beste ere jaso izan du. Olagarroren bat ere bai: “Txalupan lagatzen baduzu, itsasora doa bueltan”, dio. Fanekak, kabrak, txitxarroak, bobak… denetarik arrantza daiteke kostatik aldendu barik. Eta aukera guztiak zabalik, pazientzia da garrantzitsua. Pazientzia eta amuan ipintzen dena.
Txibitarako korain hutsa erabiltzen da; gainerako arrainentzat, berriz, aparailua sardinagaz, baina “ez buruagaz”, gorputza hiru zatitan eginda baino.
Komeria bat baino gehiago
Galtzuaran partera joaten da Aranbarri, txibi sasoia amaitzen denean. Aparailuak erabiltzen ditu orduan, eta inoiz gertatzen da hiru amuak arrainekin etortzea. Horrek izugarrizko poza ematen duela aitortu du. “Zer ote da?”, pentsatzen du pisua sumatzen duenean.
Eta gehiago ala gutxiago arrantzatu, “inoiz dingili-dangulu” lehorreratu izan da. Ardatzeko hiru torlojuak apurtu zitzaizkion behin Galtzuaranen zegoela. Iluntzen hasita zegoen. Txalupak etxerako bidea hartuta zeuden. Besteei dei egin arren, ez zuten entzuten. Sakelako telefonoa uretara jausi zitzaion. Haizea kontran zeukan. Erramuei egin zien kolpe. Herrirako bidea hartuta zegoela, erramu bat apurtu zitzaion… Eta bakarragaz ezin ezer egin. Portuan arrantzan zeudenek ikusi zuten azkenean. Ezustekoak ezusteko, gauean etxera.