Apirila

Igor Elordui Etxebarria

Gaur bat dauka; apirilean gaude jada. Hilabete latza da apirila euskal tradizioan. “Apirila biribilla, jarri bear etzan illa”, dio atsotitzak. Ezer baino lehen, barka diezadatela apirilean urteak egiten dituzten guztiek, eta apirilari beraien bizitzan zerbait on zor diotenek. Gauza eder asko gertatu(ko) dira apirilean. Beraz, barka diezadazue, baina, era berean, jakizue fama txarreko hilabetea dela zuena. Gosearekin eta hotzarekin lotzen den hilabetea da, baita hondamendiekin eta matxinadekin ere. Horrela du izena, adibidez, Iñigo Aranbarriren eleberri batek: Apirila (Susa, 2014); eta horiei buruz ari da, hain zuzen ere. Zehatzago, 1766ko apirilean Azkoitian gertatu ziren errebolten berri ematen du, gosetea izanik, garia eta artoaren prezioa gobernatzen zuten jauntxoek berau jaitsi nahi izan ez zutelako.

Baina denboran hain atzera joan barik, 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika proklamatu zen, eta, haren kontrako altxamendu faxistaren ondorioz, apirileko beste egun batean, 26an hain justu, euskaldunon memoria kolektiboan iltzatuta geratu den mundu mailako krudelkeriarik eta ankerkeriarik handienetakoa gertatu zen: Gernikako bonbardaketa, 1937an. Kondor Legioak Gernika suntsitu eta ehunka hildako eragin zituen. Handik bi egunera sartu ziren faxistak Gernikan, eta, besteak beste, Santa Maria elizako artxiboak erre zituzten, ezinezko eginez hildakoen kopuru zehatza jakitea.

Nik dakidala, Alemaniako parlamentuak eskatu zuen barkamena horregatik, baina Espainiakoak ez.

Bada, gaurko egunez, 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen Espainiako Gerra Zibila. “Gaurko egunean, gatibu eta desarmaturik Armada Gorria…”, zioen Francoren azken parte hark, memoria kolektiboan iraun duena hori ere. Modu horretara eman zitzaion hasiera hamarkadetako diktatura frankistari.

Nik dakidala, ez da egon egiazko justiziarik Gerra Zibilean eta Frankismoan hildako, desagertutako, preso egondako… gorri —edota abertzale— haientzat. Ezta hurrik eman ere. Oraindik orain, Servini epaile argentinarra zarratutako ateak zabaltzen saiatu da. Alferrik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez dio hemeretzi kargu frankistari galdeketa egiteko baimenik eman.

Bidenabar diot, nonbait ahaztu egiten zaie, epaileei ez ezik, hainbat politikariri, memoria, justizia eta erreparazioaren aldarrikapena ez dagokiela soilik terrorismoarekin lotutako gertakariei. Are gehiago, 2007ko Espainiako Memoria Historikoaren legearen baitako deklarazioa dela ahazten zaie. Ez dute harago joan gura. Beldur dira. Ez zaie komeni. Jakin badakitelako batak ekarri zuela bestea. Atsotitzak ere badio: “Apirila bero, negua gero”.

Edozelan ere —atsotitzak atsotitz, esaerak esaera—, apirilari jorraila ere baderitzo. Eta hilabete aproposa da apirila memoria jorratzen segitzeko.