Ibai Maruri Bilbao
Bizkaitar gehienen ama hizkuntzak euskara edo gaztelania dira. Baina ez bakarrak. Haiek edo haien gurasoak Euskal Herritik kanpo jaio diren gero eta bizkaitar gehiago dago, eta horrek aberastu egin du herrialdeko hizkuntzen bilduma. Joan den domekan izan zen Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna, eta, data horren abaroan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Hizkuntzen Mapa aurkeztu du. Ez da erraza zenbatzen, baina Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren arabera, 120 ama hizkuntzatik gora entzun daitezke herrialde historikoko kaleetan.
Ikerketa honetan “errealitatera gerturatzen ahalegindu” direla esan du Belen Uranga soziolinguistak. Izan ere, ez dago informazio hau sistematikoki jasotzen duen erregistrorik. Baina Eustat-ek egindako inkestetan atzerritik etorritakoen jatorria jasotzen da. “Datu horiek oinarri hartuta, hipotesiak osatu ditugu. Pertsona horien sorterriaren egoera soziolinguistikoa ere aztertu dugu; izan ere, gehienetan estatu bateko hizkuntza ofizialak baino aberatsagoa izaten da”.
2019an, Euskal Herritik, Espainiatik, Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik kanpo jaiotako 115.686 pertsona bizi ziren Bizkaian —bizkaitarren %10—. Horien artean, hamarretik zortzi soilik hogei herrialdetatik datoz —Espainia, Galizia eta Herrialde Katalanak ez dituzte kontuan hartu—: 93.878 lagun, guztira. Hogei herrialde horietatik erdietan hizkuntza ofiziala gaztelania da: Kolonbian, Bolivian, Paraguain, Nikaraguan, Kuban, Venezuelan, Ekuadorren, Perun, Argentinan eta Hondurasen. 50.230 lagun dira hizkuntza ofiziala gaztelania dutenak, baina, seguruenik, haietako hainbatek gaztelania ez den beste bat dute ama hizkuntza,eta hori zenbatzea ezinezkoa izan da. “Amerikan sortutako askoren hizkuntza ofiziala gaztelania da, baina, esaterako, Mexikotik iritsi eta gaztelaniaz hitz egiten duten pertsonetako batzuen ama hizkuntza nahuatl hizkuntza izan daiteke”. Hori ez da soilik Amerikan gertatzen. Afrikan, Nigerian, adibidez, 40 hizkuntza hitz egiten dira, eta horietako asko Bizkaian entzun daitezke, baina ezinezkoa da zenbatzea zenbat.
Galizieraren presentzia
Etorkin guztiak ez dira beste kontinente batzuetatik iritsi. Bizkaian gehien hitz egiten den hirugarren ama hizkuntza oso gertukoa da: 25.697 bizkaitarrek galizieraz hitz egiten dute. Joan den mendean milaka izan ziren Galiziatik lanera Bizkaira etorri zirenak, eta, gaur egun, haiek eta haien ondorengoetako askok ezagutzen dute sorterriko hizkuntza. Laugarren hiztunen talde handia Marokotik eta Aljeriatik etorritakoek osatzen dute: 13.435 lagun dira, eta arabieraz eta amazigeraz egiten dute berba. 11.000 lagun pasatxok osatzen dute errumanieradunen komunitatea.
Funtsean, mundu osotik iritsitako hizkuntzak daude Bizkaian. Zerrendarik luzeena Europakoek osatzen dute. Izan ere, kontinenteko herrialde gehienetako jendea bizi da hemen, herrialde guztietako hizkuntza ofizialak entzun daitezke, eta Europak hizkuntza aberastasun handia soilik ofizialen artean. Baina, horrez gain, herrialde guztiek dute legezko aitortzarik eta babesik gabeko hizkuntzak. Asko dira. Horien artean, erromantxera, nederlandera, frisiera, galesa eta Eskoziako edo Irlandako gaelikoa jaso dituzte zerrendan.
Hizkuntzetako aniztasun bera dago Bizkaia barruan ere. Izan ere, hiztunak oso hedatuta daude, eta, gainera, eskualde bakoitzak bere hizkuntza mapa du. Hori gertatzen da etorkinek sarri euren sorterriko jendea bizi den lekuak aukeratzen dituztelako. Bilbo Handian eta Arratia-Nerbioi eskualdean arabiera eta amazigera daude lehen postuan. Durangaldean, Busturialdean eta Enkarterrin, errumaniera; portugesa, Plentzia-Mungian, eta Senegalgo hizkuntzak, Lea-Artibain.
Bizkaiko ondare
“Bizkaian bizi diren herritar horien guztien hizkuntzak ez ditugu ezkutatu gura, hizkuntza horien berri zabaldu gura dugu, eta hizkuntza horiek erabiltzen dituzten herritarrak animatu bakoitzak bereari eustera”, adierazi du Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak. Hizkuntza horiek ere Bizkaiko ondare direla esan du. “Gurako genuke hiztun horiek euskara ere etxeko sentitzea, eta zubigile ikustea, euskarara hurbiltzeko gogoa eta ilusioa izatea, eta haien hizkuntzekin batera euskara ere beraientzat hartzea”.
Bizkaian dauden hizkuntzen arteko elkarbizitza aldarrikatu du diputatuak: “Ez dugu euskararen etorkizuna gainontzekoak baztertuta eraiki gura. Sendo gura dugu euskara, baina guztienganako errespetuan eta guztiengandiko errespetuan, guztion aterpe moduan eta guztion arteko zubiak eraikiz, inorena ezkutatu barik, elkarrenganako errespetuan eraikitako aniztasunean”.