Ibai Maruri Bilbao
Otsailaren 11n hasi zituen Bizkaiko Foru Aldundiak BI-637 errepide nagusia Leioatik igarotzen den tartean —Artatzako errepidea esaten diote— berrantolatzeko proiektuaren bigarren faseko lanak. Helburua da errepide horretan sortu ohi diren auto pilaketei konponbidea ematea. Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Kohesiorako foru diputatuaren esanetan, “segurtasuna eta arintasuna” lortu nahi dituzte. Lanak hasi ziren egun berean, Leioako Auzoak Lotuta STOP Lanak plataformak deituta, protesta elkarretaratzea egin zuten 250 lagun inguruk. Ordutik egunero biltzen dira. Atzo, manifestazioa egin zuten. Errepidearen arazoa konpondu egin behar dutela uste dute, baina ez daude batere gustura diputazioak egin asmo duenarekin. Bilborako noranzkoan, errepide horretatik herrira sartzeko dagoen sarbidea kenduko diete obra hauek amaitzean.
Bilborako noranzkoan, tuneletik irteterakoan, alboko erreira pasa zaitezke. Metro batzuk aurrerago, Leioako auzoetara joateko irteera dago. Irteera hori kenduko dute obra hauetan, alboko errei hori erdikoetako trafikoa arintzeko erabili ahal izateko. “Ezingo dugu autobidea erabili Leioako auzo batzuetatik besteetara joateko. Bi irtenbide izango ditugu, zein baino zein okerragoa”, esanez kexatu da Iker Gonzalez, obrak gelditzeko eskatuz hainbat herritarrek sortu duten plataformako kidea. Leioako auzoak konektatuta. Stop obrak ipini diote izena mugimenduari.
Irtenbide bat, erakunde publikoek eskaini dietena, tuneletik irten ondoren errepide nagusian aurrera jarraitzea da: hurrengo irteera hartu, EHUren Leioako campusera igotzeko bidea hartzen den biribilgunean berriro herrirantz itzuli, eta Getxorako noranzkoan dagoen irteera erabiltzea da. “Horrek bi kilometroko joan-etorria egitea esan nahi du, eta bada jendea egunean lauzpabost aldiz egin beharko lukeena”. Beste irtenbidea, “gehiengoak erabiliko duena”, tuneletik joan ordez haien gaineko bidetik joatea da, eta Leioako kaleetan trafikoa “nabarmen” handitzea. “Horrek kutsadura, zarata eta istripu kopurua handitzea ekarriko luke. Hiri atseginagoa egiteko asmotan abiadura muga orduko 30 kilometrora jaitsi den eta kaleak oinezkoentzako atondu diren honetan, erabaki honek atzerapauso handia ekarriko du”.
Haserre daude plataformakoak, Foru Aldundiak obrak hasi baino bost egun lehenago iragarri zituelako. “Ordura arte ez dugu jakin zer egingo zuten”. Udalak, bai, eta iruditzen zaie hark badituela baliabideak herritarrei informazioa helarazteko. “Udal aldizkaria, web orria eta sare sozialak erabiltzen dituzte beste obra batzuen berri emateko”.
Lanen berri izan zutenean alkatearekin bildu ziren, eta hark ere aitortu zien komunikazioan ez dutela asmatu. Irteera hori mantentzeko eskatu zioten, baina ez dute hark ez die konponbiderik eman. “Ados gaude autobidea estaltzeko proiektuarekin, baina Leioara sartzeko irteera behar du derrigor”. Oposizioko taldeekin ere elkartu dira, eta haiek ere ez dute lanen berririk izan orain arte. “Iaz, Getxorako noranzkoan ere gauza bera egin zuten: Artatzako irteera kendu zuten”, salatu du Leioako EH Bilduko zinegotzi Maria Jose Peleteirok.
Legezkotasuna, zalantzan
Txosten bi eskatu ditu EH Bilduk. Udal idazkariari galdetu diote ea herriko mugikortasunari hainbeste eragingo dion erabaki bat diputazioak eta udalak adostu dezaketen, edo osoko bilkuratik igaro behar duen. “Guk uste dugu osoko bilkuraren babesa behar duela. Ezin dute euren artean erabaki”, esan du Peleteirok. Udal arkitektoari galdetu diote aldaketa horrek izango dituen ondorioak aztertu diren: besteak beste, kaleetan zenbat ibilgailu gehiago ibiliko diren eta horrek zerk kalte ekarriko dituen jakin nahi dute.
Era berean, EH Bilduk salatu du egingo direnak funtsean autobidearen gaitasuna handitzeko lanak direla, eta, horiek egiteko, herritarrei informazioa eman behar zaiela, eta helegiteak jartzeko aukera. “Badakit esango dutela solik irteerak kenduko dituztela, baina, egiaz, horrekin autobideari errei bat gehiago eman nahi diote, autoak arinago joateko”.