Iñaki Gomezek (Algorta, Getxo, 1951) Portu Zaharrean makina bat ordu eman ditu egurrezko txalupak konpontzen. Aitortzen du hainbat hotzeri harrapatu dituela bertan. Arotza da Gomez, eta aspaldiko altzariak zaharberritzen jardun du bizi osoa, hori izan baitu ogibide.
Alabaina, txipiroitarako erabiltzen diren ontziak zaharberritzen ere badu, bai, esperientzia. Umetan portu inguruan hara eta hona ibiltzen zela dio, eta arrantzaleak ikusten zituela euren txalupak konpontzen. Ordutik datorkio zaletasuna. “Nik ahal nuen moduan laguntzen nien. Luziok [portuan ibiltzen zen arrantzalea] laguntzeko eskatzen zidan, bazekielako atsegin nuela eta ikasteko interesa neukala”. Portu Zaharra izan du bere eskola eta egun, bera da irakaslea; beste batzuei erakusten diena, alegia.
Izan ere, Itxas Egurra Haizean elkarteko sortzaileetariko bat da Iñaki Gomez. Usadioko txalupen elkartea da; egurrezko batelak zaharberritu eta berrerabiltzeko asmoz sortua. Tradiziozko arraun eta belaontziak konpondu ez ezik, hauen erabilpena bultzatu nahi dute, jolaserako zein arrantzarako. Halaber, itsasontzi horien balio historiko eta kulturala ere aldarrikatu gura dute, eta itsas ondarearen parte garrantzitsua direla nabarmendu. “50 urte inguru dituzte hauek, eta baditugu 70 urtetik gorakoak, esaterako, 1933. urtekoa da bat”.
Gaur egun, hogei bazkide inguru ditu elkarteak. Sorreran, ostera, bospasei lagun ziren. “Ontziak zaharberritzen aritzen ginenok ezagutzen ginen eta elkartea sortu genuen”, azaldu du. Elkartea beharrizanetik jaio zen, ontzi mota hauek, goiz edo berandu, galtzeko arriskua zegoelako.
Ontzi bat, jabe bat
2009. urtetik, hau da, elkartea sortu zutenetik, dozenatik gora ontzi konpondu dituzte. Konpontzen duten ontzi bakoitzeko, bazkide batek hartzen du horren ardura. Horixe baita beraien filosofia; batel bakoitzak zaintzeaz eta mantentzeaz arduratuko den jabe bat izatea. “Erabiltzeko zaharberritzen ditugu, ez berriro ere alferrik galtzeko”, azpimarratu du Gomezek. Izan ere, txipiroitarako txalupa hauek, txikiak izan arren, mantentze zehatza eta berezia dutela dio, eta erraz hondatzen direla kontatu du.
Horregatik, txarto dauden txalupak topatzen dituztenean edo ematen dizkietenean, norentzat izango den pentsatzen dute lehenengo. Bazkide bakoitzak ontzi bat baino gehiago ditu dagoeneko, eta, hortaz, nahi duenak badu bazkide egiteko aukera. Gomezen esanetan, “ezagutza ez da beharrezkoa”. Bazkide guztiek ez dute arotz moduan esperientzia, baina interesa duenak denen laguntzaz ikasten duela dio.
Orain bost ontzi konpontzen dabiltza. Horien artean, bat oso berezia da: 1930.urtean, Usotegi ontziolan eginiko zazpi metroko txalupa bat. “Uste dugu hemen inguruan geratzen den tamaina horretako azkena dela “.
Bestalde, dokumentazioa ere biltzen dute Itxas Egurra Haizean elkarteko kideek. Baina, ez dute leku batean gordea, beraien etxeetan dituzte. “Aspalditik gabiltza lokal bat eskatzen”, esan du Gomezek. Portu Zaharrean bertan nahi dute elkarterako egoitza hori. Han, zaharberritze lanak egiteaz gain, nahi duenari lanbidea erakutsi eta dituzten dokumentu guztiak edukitzeko gune bat gura dute.
Gainera, nolabaiteko bizitasuna eman nahi diote Algortako Portu Zaharrari. Horretarako, besteak beste, han eraikin bat egitea proposatu zioten Getxoko Udalari duela bi urte. Itsasontzi itxurako eraikina zen, eta barruan tailerra eta bulegoa egiteko asmoa zuten. Museo edo akuario bat ere egin zitekeela adierazi zioten udalari.
Elkartearen jaia
Ekainean elkartearen jaia antolatzen dute, Gorpuzti egunaren hurrengo domekan. Garai batean, Algortan Portu Zaharreko jaia zen, arrantzaleentzat egun handia. Egun horretan, lehendabizi, parte hartuko duten ontziei harrera egiten diete. Gero, hamaiketakoa egiten dut, eta itsasora irteten dira. Bazkaldu eta berriro itsasora bueltatzen dira, Arriluzeko porturaino. Euskal Herriko elkarteetako ordezkariez gain, banakoek ere hartzen dute parte. Aurten, elkarteko bazkide baten ontzi zaharberritua, Txispas, uretaratu dute.
Era berean, Euskal Herrian zein beste herrialde batzuetan egiten diren topaketetan parte hartzen dute. “Gutxienez, ontzi bat joaten saiatzen gara”, azaldu du algortarrak. Esaterako, Ondarroara, Bermeora, Galiziara eta Bretainiara joaten dira. Herrialde horretan, Europako itsasontzi topaketarik handiena egiten dela dio, eta “zoramena” dela gaineratu du: “Ez du hemengo topaketekin zerikusirik; beste mundu bat da hura”.
Nabari da elkartean ilusioz egiten dutela behar. Seguruenik, Iñaki Gomez bezalako pertsonarik gabe, Algortako Portu Zaharrak beste itxura bat izango luke gaur egun. Txaluparik gabeko portua litzateke.