Oroimeneko hutsa, orain, bitxi

Bada mendexarren oroimenak biltzen ez duen zera bat. Baina ez akordatzeak ez du esan nahi existitzen ez denik. Jendeak ez daki, baina Mendexako errotarrien harrobia hor dago. Hala diote, behintzat, Atabaka kultur elkarteko kideek eta Aranzadi elkarteko Jabi Castrok.

Ignacio Montero Nacho-k eman zuen harrobiaren berri. Joan den uztailean izan zen hori, Mendexako Artzabal inguruko haitzetara oinez zihoan hartan. Hark, orduan, Lekeitioko Guillermo Ruiz de Erentxuni aurkitutakoaz hitz egin zion, eta hark, harrituta, Castrori hots egin zion.

Menedexako itsasertza da harrobi horren gordeleku; hain zuzen ere, Karraspio hondartzatik ekialdera eginda, metro gutxira aurki dezake herritarrak errotarrien harrobia, Artzabal inguruan. Ruiz de Erentxunek azaldu bezala, harri gogorra dago inguru hartan, eta horregatik dago harrobia bertan. Izan ere, gainontzeko harriak kareharriak dira, eta harri mota hori ez da ona errotarriak egiteko, haren biguintasuna dela eta.

Lea erreka bazterrean 30 errota baino gehiago izan zirela dio Ruiz de Erentxunek, baina harrobirik zegoela, ordea, inork ez zekien. Ez da edonolako harrobia, gainera; harrobi berezitzat dute hura ikusitakoek. Marea artekoa da, momentuan lan egitekoa. “Uraren gainean dago; mareak behera egiten duenean, argi ikus daiteke bertan dagoela; mareak gora egiten duenean, ostera, estalita geratzen da”.

133 zentimetroko diametroa

133 zentrimetroko diametroa du aurkitu duten errotarriak, eta 800 bat kilo pisatzen duela uste du Castrok. XVIII. eta XIX. mende hasiera arteko errotarria dela ere esatera ausartu dira ikertzaileak.

Ruiz de Erentxunen arabera, harrobian bertan hasi eta bukatu gabeko harria ikus daiteke, batetik: harri landua, haitzetatik atera gabea. Horrekin batera, gainera, beste harri bat ere bada: “hasi eta ia bukatutakoa”. Horrez gain, aztarnak ere nabari daitezkeela dio lekeitiarrak, “harriak itsasotik ateratzen zituzten seinale”. Harria bera nork edo nork ikusi badu ere, inori ez dio atentzio berezirik eman. “Ni neu ere sarritan ibili naiz inguru horretatik, eta aztarnak daudela ohartu ere ez naiz sekula egin”, aitortu du.

Uztailaz geroztik, Artzabalen aurkitutakoaren inguruan ikertzen aritu dira: zein harri mota den, zein garaikoa… Hemendik aurrera, bestalde, aukera onena “harria dagoen moduan uztea izango da”, Ruiz de Erentxunen ustez. “Harrobiaren historia ondo ezagutu eta ulertu ahal izateko, dagoen tokian utzi behar da, bertatik inora atera gabe”. Izan ere, lekeitiarraren ustez, lekutik ateraz gero, “testuinguru gabe” geratuko litzateke.

Azaldu duenez, Lea erreka bazterreko errotarri guztiekin gertatzen den kontua da; alegia, testuingurutik aterata omen daude denak. “Zoritxarrez”, desmuntatuta daude dagoeneko, eta apaingarri gisa erabiliak izan dira etxeetan, txokoetan eta museoetan, esate baterako.

Historia ezagutzen

Errotarri batek bera bakarrik hartuta ez du esanahirik askorentzat, baina Lea-Artibain garai batean 30 bat errota eta beste horrenbeste burdinola izan zirela ezagutzeak Euskal Herriko aberastasuna nondik datorren ulertzen laguntzen duela dio Atabaka kultur elkarteko kideak.

Halaber, berba txikiekin historia ezagutzea garrantzitsua dela uste duen horietakoa da lekeitiarra. Horretarako, baina, ondare historikoak zeresan handiagoa beharko lukeela ere uste du Atabakako kideak, “gehiago baloratzen hasteko”.