Maialen Arteaga
Enkarterriko billano arraza ez da ohikoa. Galtzeko zorian dagoen txakur arraza bat da, eta arraza hori ez galtzeko asmoz sortu zuten Enkarterriko Billanoen Kluba, Sodupen (Gueñes). Txakur horien arraza lantzen duen elkarte bakarra da Euskal Herrian. “Klubak ahal duen guztia egin du billano arrazaren alde, legezko aitormenak egiteko, arrazaren inguruko eskaerak betetzeko… Eta, horretarako, oso landuta dagoen web orrialde bat egitea erabaki genuen”, azaldu du Pedro Lana klubeko presidenteak. Duela hogei urte baino gehiago sortu zuten kluba, 1998-1999 artean. Ordutik, arraza mantentzen eta zaintzen dihardute. Arrazaren ezaugarriei eutsita, gaitasunak indartu egin nahi dituzte: “Beraien aniztasun genetikoa mantenduz, morfologia eta izaera hobetu nahi diegu”. Horretarako, hainbat hezitzailerekin eta profesionalekin elkarlanean dabiltza. Lanarekin batera, beste zazpi kidek kudeatzen dute proiektua.
Baina, zergatik Enkarterriko billanoak? “Lehenago, duela 30 urte inguru, ganadua gidatzeko erabiltzen ziren, baina, teknologiaren garapenarekin, gailu elektronikoek txakurren lana ordezkatu zuten, eta ez zen arraza honen etorkizuna sustatu”, esan du Lanak. Egoera asko aldatu da ordutik, eta orain arraza “gainbeheran” dagoela iruditzen zaio: “Oso egoera kritikoan daude”. Izan ere, klubak 2019. urtean argitaratutako azkeneko txostenaren arabera, 336 billano baino ez zeuden Euskal Herrian; horietatik 161 arrak dira, eta 175, emeak. Kopuru horiek handitzeko helburua daukate klubeko zortzi kideek: “Arraza bat kontserbatzeko modurik onena gehiago zabaltzea da”.
Gidaritza ez da txakur horien gaitasun bakarra, ordea: “Erreskateetarako edo zaintzarako dohain handia dute Enkarterriko billanoek”. Landak esan du aurpegiera “basatia” izan dezaketela, baina azpimarratu du itxura fisikoaren atzean animalia horiek duten izaera “guztiz kontrakoa” dela: “Azkarrak, bizkorrak eta umilak dira”. Egitura fisikoari esker, kirola erraztasunez egin dezakete, eta, ezezagunekin mesfidati agertzen diren arren, jabearen aginduak “zorrotz” betetzen dituzte. Hori dela eta, ehizarako edo jabetzaren babeserako erabiltzen dira. Lanak uste du txakur horien ikuskera aldatuz doala: “Umeekin oso maitekorrak dira, eta ezezagunekin, lotsatiak. Pixkanaka ezaugarri horiek guztiak ezagutarazten dabiltza, eta konpainiarako animalia gisa ikusten hasi dira”.
Ezinbesteko ekitaldiak
Klubaren zeregin garrantzitsuena udalerrietan antolatzen dituzten ekitaldiak dira: Diman, Gueñesen, Mungian, Karrantzan… ibili izan dira, besteak beste. “Txakur hauen jabeei kalifikazioak lortzea errazten diegu. Oso garrantzitsua da txakurrak kalifikatzea, legez elkar gurutzatu ahal izateko, adibidez”.
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, ekitaldi horiek guztiak bertan behera geratu dira, eta klubaren jarduna guztiz aldatu da, Lanak dioenez: “Orain, txakurkumeei buruz galdetzeko deitzen digute, aholkua eskatzeko, txakurkumeen altak eta erregistroak egiteko…”. Orientazio lanetan martxan jarraitzen duten arren, ekitaldiak egin ezin izateak asko eragiten dio taldeari: “Badirudi ezetz, baina ekitaldietan egiten ditugun kalifikazioak oso garrantzitsuak dira. Ez da oso erraza txakur hauen balorazio hori egitea, eta gu hainbat herritara joaten gara jabeei erraztasun hori eskaintzeko”.
Animalien babeserako lana premiazkoa dela azpimarratu du Landak: “Mota honetako klubengatik izango ez balitz, ez legoke Enkarterriko billanoentzako etorkizunik”. Gogorarazi du arraza hori Euskal Herrikoa dela, eta, horregatik, adierazi du “oso garrantzitsua” dela espresuki Enkarterriko billano gisa erregistratzea: “Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aitortuta dauka arraza hau. Hala izendatuta ez badago, txakur hori ez da halakotzat hartu, nahiz eta gaitasun edo abilezia berdinak izan”. Erregistroa “legezkotasunerako ezinbesteko pausu” gisa ikusten du klubeko presidenteak.