Datorren urterako bost zergari lotutako akordioa egin dute Getxoko Udaleko gobernuak (EAJ) eta Bilduren udal taldeak. Akordioak ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ), jarduera ekonomikoari dagokiona, gainbalioena, obrena eta ibilgailuen gaineko zergak hartzen ditu. Bi alderdiak pozik agertu dira.
Ana Helgera Getxoko Ogasun zinegotziak adierazi duenez, aldaketa horiekin guztira 230.000 euro inguru jasoko direla aurreikusi du udalak.
OHZk ez du igoerarik izango 2013an, zerga bere hartan uztea erabaki dute. Horrez gain, ordenantza berri bat zehaztu dute, zeinen arabera errenta txikiko getxoztarrek diru laguntza izango duten OHZ ordaintzeko. 250.000 euro erabiliko dira laguntza horietarako. Gainera, indarkeria pairatu duten emakumeek, ume txikiak dituzten guraso bananduek, elbarriek, eta etxetik kaleratzeko arriskuan daudenek ere laguntza bereziak izango dituzte.
Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, ibilgailu arruntei KPIaren zenbatekoa igoko zaie, eta lanerako ibilgailuen zerga bere hartan geratuko da. Zilindrada handienetako ibilgailuen zerga KPIaren gainetik igoko da. 2007ko urtarrilaren 1etik aldatu gabe zegoen zerga hori.
Bestalde, obren eta gainbalioaren zergak izoztu egingo dira. Jarduera ekonomikoaren gaineko zergak, berriz, KPIaren igoera nozituko du. Argitu duten bezala, horrek ez die eragingo denda eta enpresa txikiei; salbuetsita egongo dira, euren salmentetatik bi milioi baino gutxiago lortuz gero.
Imanol Lasa Getxoko alkateak eta Maitane Nerekan Bildu Getxoko bozeramaileak ontzat jo dute akordioa, eta “garai hauetan alderdien arteko hitzarmen beharra” nabarmendu dute.
“Oso garrantzitsua” dela deritzote zerga horien inguruan hartutako erabakien informazioa ahalik eta modu argi eta zuzenenean heltzea getxoztar guztiei. Izan ere, udalaren diru sarrera nagusienetako bat da, eta Getxoko familien ekonomian zuzenean eragingo duen erabakiaren inguruan gardentasunez jokatzeko deia egin dute. Hori dela eta, Alderdi Popularraren jarrera gaitzetsi du Nerekanek, “informazio faltsua” zabaldu duelakoan. “OHZ igoko dela eta gutxien duten herritarrek pairatuko dutela esan dute, eta hori gezurra da”.
Aho batez hartutako erabakia
Zornotzan ere tasen inguruko akordioa sinatu dute udal taldeek. EAJk, Bilduk eta PSE-EEk aho batez onartu dute tasak, zergak eta salneurri publikoak abuztuko KPIaren arabera igotzea, irailaren 1eko BEZaren igoeraren eragina ez nabaritzeko. Iragan ostiralean egindako osoko bilkuran hartu zuten erabakia. Datorren urteko igoera, beraz, %2,4koa izango da.