Iker Larrañaga: “Ez genuen dena eginda dagoen mendi bat eskalatzera joan nahi”

Iker Larrañaga: “Ez genuen dena eginda dagoen mendi bat eskalatzera joan nahi”

Z. Jainaga Larrinaga

Euskal Herriko zazpi eskiatzailek Kamchatka lurralde ezezagunera beraien pasioaren bila egindako bidaia kontatzen du Elur Goritan. Kamchatka dokumentalak. Iker Larrañagak (Donostia, 1986) zuzendu du. Bideolan ekoiztetxeko bideogilea beste zazpi eskiatzailek osatutako taldera batu zen, eta han bizitakoak grabatu zituen proiekzioa osatzeko. Bidaiarien Txokoan ikusi ahalko da Larrañagaren lana, hilaren 24an; zehazki, 40 minutuko dokumental konbentzional bat aurkeztuko du, Jurek Ziemkiewicz kidearekin batera. Aurrez, iazko Mendi Film jaialdian parte hartu zuten.

Zer erakusten du lanak?

Dokumental hau pertsona arruntek egindako bidaia batean oinarritzen da. Haien helburua sumendietako kraterrak eskiatzea zen. Dokumentalaren bidez, lurralde hartan aurkitutako kontrastea agerian gelditzen da.

Non dago Kamchatka?

Errusia ekialdeko muturrean dagoen penintsula bat da, Alaskaren aldamenean; leku ezezaguna, ia esplotatu gabea eta oso turismo gutxikoa. Hemengoarekin alderatuta, beste errealitate bat dago han.

Zer berezitasun ditu?

1996. urtera arte ezin zen turismoa egitera joan hara; base militar gisa funtzionatzen zuen. Horregatik, natura oso errespetatuta dagoen munduko toki gutxieneko bat da; ez du mugarik. Natura bizia da hangoa, basatia. Ez dago bitarteko artifizialik.

Nolako esperientzia izan zen han grabatzea?

Gogorra. Baliabide urriekin eta kanpadenda batean, egoera ez zen samurra. Orain arte beti ingurune erosoetan grabatu izan dut. Han, aldiz, ezin genuen hurrengo egunean grabatuko genuena planifikatu; desinformazio handia genuen. Inprobisaziotik asko izan zuen bidaiak, eta horrek behartzen gintuen momentu oro tresna denak gainean eramatera: 28 kiloko motxila bat neraman une oro nirekin. Gainera, lurralde hotza da; gauetan zero azpitik 25 gradu inguru genituen, eta, ondorioz, kamerak ez zuten funtzionatzen batzuetan. Hala ere, zorte handia izan genuen, eta asko grabatu ahal izan nuen.

Bidaiatzeko modu arraroa dela pentsa lezake dokumentala ikusten duen norbaitek.

Agian, sumendiak eskalatzea ez da ohikoa, baina gure profila ez da hoteletako turismoa egiten duen jendearena. Abentura bilatzen dugu, eta bidaia honetan benetan abentura intentsoa bizi izan genuen: batetik, sumendiei genien beldurragatik, sumendi biziak direlako, eta, bestetik, herrialdeak jartzen zituen zailtasunengatik. Baina horregatik ere erabaki genuen hara joatea. Ez genuen dena eginda dagoen mendi bat eskalatzera joan nahi.

Gomendatuko zenuke bidaia?

Zalantzarik barik. Baina abenturazalea izan behar zara horretarako.