Ibai Maruri Bilbao
Iazko maiatzean ikusitako argazkia errepikatu da Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan: udalean ordezkaritza duten bost taldeek COVID-19ak eragindako krisialdi sozioekonomikoari aurre egiteko plana adostu eta sinatu dute; hau da, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. 2020koa izan zen ordu an, eta 2021ekoa izan da oraingoan. Joan den ostiralean izan zen aurkezpen ekitaldia. Bilbo Aurrera 2021 planak hamabost milioi euro izango ditu, pandemiak kaltetutako bilbotarrei eta sektoreei laguntzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez, oro har, aurtengo lehen seihilekorako neurriak eta laguntzak jaso ditu planak. Horregatik, iazkoaren aurrekontu antzekoa duen arren, “indartsuagoa” dela esan du, iraupena laburragoa delako. Dena den, neurrietako batzuk urte osorako hartuko dituzte, eta, gainera, hilabetero elkartuko dira planaren jarraipena egin eta moldatu edo denboran luzatu beharrik dagoen aztertzeko.
Bigarrenez akordioa lortu izana “eredugarria” dela dio Aburtok. “Garrantzitsua da, benetako politikari balioa eman diogulako, politikaren bidez akordioak lortu ditzakegula erakutsi dugulako. Eta garrantzitsua da gehien sufritzen ari diren sektoreen ondoan ipini garela ere; ibilbide zailean daude, eta haien bidelagun izango gara”. Aitortu du ez dela erraza izan. Planaren 20. bertsioa da onartu dutena; bi hilabeteko lanaren emaitza. Iazko planak bezala, aurtengoak ere hiru lan ildo nagusi izango ditu: gizarte kohesioa, ekonomia eta enplegua, eta kultura. Guztira, 43 neurri zehatz.
Pandemiaren ondorioz egoera zaurgarrian geratu diren bilbotarrei laguntzeko 4,2 milioi euroren laguntzak emango ditu udalak. Diru sarrerarik ez duten edo koronabirusagatik diru sarrerak murriztuta dituzten baina gizarte larrialdiko laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak babesteko Udal Laguntza Berezien Programa sortuko da, 425.000 eurorekin; besteak beste, pertsona horiek elikadurarako eta etxebizitza mantentzeko oinarrizko premiei aurre egiteko laguntza jasoko dute.
Egoera zaurgarrian dauden adinekoei laguntzeko Urrats bat gehiago programak 325.000 euro izango ditu. Etxebizitza Komunitarioaren Funtsak 1,6 milioi euroren aurrekontua izango du, beste ostatu bat behar duten adinekoei laguntza emateko, etxebizitza komunitario batean sartzeko edo bizitzeko beste zentroren batean sartzeko. Etxerik gabeko pertsonak hartzeko funts bereziak milioi bat pasatxoko aurrekontua izango du. Etxegabetze arriskuan daudenei, genero indarkeriaren biktimei eta pobrezia egoeran dauden adingabeei laguntzeko diru sorta ere gorde da.
Iazko planean arrakasta handiena izan zuten neurriak kontsumoa sustatzeko bonuak izan ziren. Planak ostalaritzan, merkataritzan, kulturan eta turismoan jaso zituen arren, sektoreak berak eskatuta, ostalaritzakoak eta turismo alorrekoak oraindik ez dira martxan jarri. Beraz, iazko horiek eta 2021ari dagozkion berriak izango dituzte aurten. Aburtok esan du ostalaritza itxita egon arren, ostalariei orain laguntzeko bonuak sortzen ari direla: orain erosi eta gastatu, baina gero kontsumitzekoak. Asteon ireki dute izena emateko epea. Iaztik erabili gabe dauden bonuez gain, aurten hiru milioi euroren balioa duten bonu berriak ere banatuko dira.
Enplegua sustatzeko planak ere ez dira falta: Enplegu Plana 2021-2022 —milioi bat euroko aurrekontua du—, Gazteentzako Enplegu Plana 2021-2022 —beste milioi bat—, eta Gizarteratzeko eta Laneratzeko Plan Berezietarako 2021-2022 laguntza, bereziki zaurgarriak diren eta egoeragatik kaltetuak izan diren kolektiboei zuzendua —250.000 euro—.
Pandemiak etxeak duen garrantzia ageriago utzi du. Etxebizitzak zaharberritzeko programa aurten ere izango da, funts birekin: bata, adinekoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat, eta, bestea, gainontzekoentzat. Aurtengo berrikuntza da hiriburuko barruti guztietakoek eskatu ahal izango dituztela. Guztira, ekonomia eta enplegua sustatzeko 9,8 milioi erabiliko dira.
Arestian aipatutako kultura bonuez gain, beste neurri batzuk ere ezarriko dira kultura sektorea bultzatzeko. Hainbat sektorek diru laguntza zuzenak jasoko dituzte, eta sormena sustatzeko ahalegina egingo du udalak. Era berean, gaur egungo programazioari eusten saiatuko dira. Guztira, kultura arloak milioi bat euroko laguntzak jasoko ditu.