Bilboko aurrekontuak 2006koen parekoak izango dira datorren urtean

Bilboko kontu publikoek ere antzemango dute krisia datorren urtean. 454,8 milioi euroko aurrekontuen proiektua eratu du 2013rako udalak. %3,68 murriztuko dira kontuok aurtengoekin alderatuta —17,4 milioi euro gutxiago—, Iñaki Azkunaren gobernuak proposatutakoa onartzen bada. Eta hala egingo dute datorren azaroaren 30ean, EAJk gehiengo osoa baitu udalean. Beraz, aurrekontuak duela sei urtekoen parera murriztuko dira — 442,4 milioikoak izan ziren 2006an—.

Joan den astelehenean aurkeztu zuen proiektua Iñaki Azkunak. Gogorarazi duenez, krisi ekonomikoak bere horretan dirau. Lan eta kapital errenten galeren ondorioz, administrazio publikoen sarrerak murriztu egin direla azaldu zuen. Hori dela eta, udalak “egoera negatiboei” aurre egin beharko diela adierazi zuen.

Azkunak dioenez, “herritarren bizitza kalitatea eta zerbitzuak bermatzea” dute helburu. Horrez gain, “pobreziaren aurkako planei lehentasuna eman” nahi diete, “Bilboko jarduerei eta dinamismoari eutsi, auzoen arteko oreka planei lehentasuna eman, jarduerak suspertzeko neurrien aldeko apustuak egin, Bilbo hiri bizi eta erakargarri bihurtu eta zorroztasun ekonomikorako politikari eutsi”.

Besteak beste, Kultura eta Hezkuntza Sailerako 32,9 milioi euro baliatuko dituztela iragarri dute —aurten baino %5,94 gehiago—; Euskara, Gazteria eta Kirolerako, 12,2 milioi euro —%15,55 gutxiago—; Berdintasuna, Lankidetza eta Hiritarrak Sailerako 3,5 milioi aurreikusi dituzte —%29,05 gutxiago—.

Bestalde, lau milioi euroko zorra hartzeko asmoa du udalak, hiriburuarentzat estrategikotzat jo duten proiektu bati ekiteko: Deustuko kanala zabaldu eta Zorrotzaurre eremua irla bihurtzeko, hain zuzen ere.

Oposizioaren kritika

Bildu koalizioak kritikatu egin du udalak aurkeztutako proiektua. Txema Azkuenaga bozeramailearen esanetan, aurrekontuetan “hiriburu erdialdeko inbertsioak eta gastuak nagusi dira, auzoen kalterako”. Horrez gain, kontuetan Gizarte Ekintzarako eta “pertsonei eta haien beharrizanei erantzuteko” diru sailek lehentasuna izan dezaten eskatu du.

Aurrekontuen proiektua herritarren parte hartzerik gabe eratu dela salatu du, gainera, Bilduk. Oposizioko alderdien parte hartzea garrantzitsutzat jo du.

Bestalde, Iñaki Azkunari “murrizketen alkatea” izatea leporatu dio PPk. Cristina Ruiz bozeramailearen esanetan, “iragarritako aurrekontu batzuen kronika dugu aurrez aurre”. Alkateak, aurrerantzean diru gutxiagorekin gauza gehiago egin beharko ditu; hala iritzi dio.