“Telefonoa ipini aurretik hiru kilometro egin behar ziren deitzeko”

Arrietan Mari Cruz Calvok (Cardeñadijo, Burgos, Espainia, 1944) eta Juan Ramon Agirre senarrak Jainko auzoan zuten tabernan zeukaten telefono publikoa. Bost urte inguruz eduki zuten, “beste baserrietan ipini zituzten arte”, azaldu du Calvok.

Noiz ipini zenuten?

1982. urteko udazkenean jarri ziguten telefonoa. Urri aldera izan zela uste dut.

Noiz arte izan zenuten tabernan?

Bost urte inguru, beharrizana zegoen bitartean eduki genuen guk hemen. Auzoko baserrietan telefonoak ipini zituzten arte.

Zenbat balio zuen telefono zerbitzuak?

Pausoka ordaintzen zen. Bakoitzak berba egindako minutuen arabera ordaindu behar izaten zuen. Badakit lehenengo pausoa izaten zela garestiena eta hirugarrenetik aurrera merkeagoa zela; baina ez naiz akordatzen zenbat pezeta ziren.

Ordutegi jakin bat al zenuten telefono zerbitzurako?

Taberna egun osoan egoten zen zabalik. Beraz, tabernaren ordutegi berbera zegoen telefonoarentzat ere. Gutxi gorabehera, 09:00etatik 22:00ak edo 23:00ak arte deitu ahal izaten zuen jendeak.

Nora deitzen zuten?

Etxekoei deitzen zieten askok; Arrietatik kanpo bizi ziren familiakoei. Halaber, medikuarenera edo albaitariarengana deitzen zuten sarri. Auzokoak oso pozik zeuden, eta gu ere, gustura. Izan ere, telefonoa ipini aurretik hiru kilometro egin behar genituen oinez telefonoz deitzeko.