Maratoia

Iñakik, New Yorkera bakar-bakarrik joan zen arren, Sandy ezagutu zuen bertan. Ez zuen halako asmorik, erdi ezustean harrapatu zuen haren lurrin arrastoak. Aurreko egunetan, egunean lau aldiz gutxienez begiratzen zituen meteorologiako web orriak. Baina Iñaki beti izan da pertsona burugogorra, eta bere hasierako asmoa bete behar zuen kosta ahala kosta. Joan-etorriko hegaldia eta bost egunetarako egonaldia baino ez zituen hartu. Baita eskuko maleta txiki bat ere, kirola egiteko zapatila estrenatu berriek ia osorik okupatzen zutena, bide batez esanda.

Beste zita garrantzitsu bat zeukan hurrengo domekan. Bera bizi den ondoko probintziako hiriburuan, sikeran hegazkin beharrik gabe iritsiko zen hartara. Hain zuzen ere, domeketan izan ohi ziren azkenaldiko bere zita garrantzitsuenak. Ez zituen alferrik aurretiaz eta hain zehatz prestatzen. Maratoi ezagunaren berrogeita bi kilometroak egitera joana zena New Yorkera. Eta bigarren maratoi bat zeukan zain hurrengo domekan.

Azkenean ez zituen egin. Edo, hobeto esanda, korritu zituen kilometroak, baina astelehenez eta zirkuitu inprobisatu batean. Ez zuen hain erraz ahaztuko hainbeste mimoz prestaturiko zita zapuztu zion Sandy hura. Ez zitzaion espero bezala atera ihesaldia.

Ferminek zita hitzartua zeukan Iñakirekin datorren domeka honetarako. Behobiako hogei kilometroak bere anaiaren ez oso atzetik egin nahi bazituen, hura New Yorken zen bitartean egunero irten beharko zuen asfaltoan zapatila zaharrak urratzera. Eta ez zen motz geratu. Beharretik irteteko unea ailegatzeaz batera, kirol zapatilak jantzi eta arin-aringa ateratzen zen bulegotik, begira zituen lankideei eta mahai gaineko paper mordoari ospa eginda. Askok ez omen zuten ulertzen zergatik eman zion bat-batean galapan egiteari, are gehiago hain konputsiboki entrenatzeari.

Iñakirena, bere anaia gaztearena, betidaniko kontua omen zen. Hamalau urterekin hasi omen zen asfaltoa oinpeko gomarekin erretzen. Antxintxika, galapan, lasterka, karran, korrika, saltaka, arin-aringa beti.

Terek, Iñaki eta Ferminen amak ere, egunean hamar kilometro egiten zituen arineketan. Ibilbidea ez zuen askorik aldatzen, ordea. Etxetik errekaduak egitera, ilobak eskolara eramatera, etxera buelta bazkaria prestatzera, ogia erostera, berriz ilobak eskolatik jasotzera… Une oro arineketan ezagutu zuten beraien ama; bestela esanda, ez zuten beste era batera ezagutu. Lepoa eman eta urruntzen ikusten zuten ia beti.

Gurasoen etxean hirurak batu ziren batean, maratoiak, denborak, kronoak, dietak eta forma fisikoa gora eta behera ari zirela, Tereren gizon eta mutilen aitak sentenziatu zuen gaia, sofako bere eserlekutik mugitu ere egin gabe: “Zuek jakingo duzue zeri egiten diozuen ihes, baina ez izan dudarik azkenean harrapatu egingo zaituela”.