Natalia Salazar Orbe
Gaur bukatuko da 2021-2022 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2018az geroztik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du matrikulazioak. 2.000 ume gutxiago zenbatu dituzte aurreko urteekin alderatuta. Datozen urteetarako %20ko jaitsiera aurreikusi du Jaurlaritzak. Testuinguru horretan iragarri du Bilboko Presentacion de Maria Hijas de la Cruz ikastetxeko kudeatzaileak ikasturte hau izango duela azkena zentroak. Itxi egingo dutela iragarri die zuzendaritzari, langileei eta familiei. LAB sindikatuak salatu du Bilbokoan ez dela egon matrikulazio gutxitze nabarmenik, eta patronalak bultzatutako itxieratzat jo du. Familiak eta langileak protestatan ari dira.
Urtarrilaren 12an iritsi zen jakinarazpena. Haur Hezkuntzako 2 urteko gelatik DBHko laugarren mailara bitartean 200 ikasletik gora dituen ikastetxea itxi egingo dute abuztuaren 31n. Kudeatzaileak azaldu zien azken urteetan nabarmen egin duela behera matrikulazioak. Zenbaki batzuk jarri zituen mahai gainean: Haur Hezkuntzan 21 ikasle daude, eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, 19. Kristau Eskolako kidea da.
Asier San Miguel LABeko gizarte ekimeneko ikastetxeetako ordezkariak adierazi du ezustekoa izan dela iragarpena: “Egia da azken bi urteetan bi gela galdu direla, baina hori besterik ez. Ez dakigu zer gertatuko zen aurten matrikulatzeko aukera zabalik egon izan balitz. Alegia, matrikulazio garaian gaude orain, baina bertan behera utzi dute ikastetxean matrikula egiteko aukera, eta egin dutena izan da ikastetxearen itxiera behartu, behin betiko”.
“Justifikaziorik gabe”
LABeko ordezkariak aitortu du matrikulazioetan beherakada nabarmena gertatzen ari dela orokorrean, jaiotza tasaren apaltzearen ondorioz. “Ikastetxe guztiei gertatzen zaie: batzuei nabarmenago eta beste batzuei gutxiago. Baina esan dezakegu hau hain txarto dagoela ixteko? Agian, hurrengo urtean gela bat galduko litzateke, eta horrekin lanpostu bat, baina ez ikastetxe osoa. Uste dugu erabaki horren bidez patronalak ikastetxearen itxiera bultzatu duela. Inolako justifikaziorik gabe. Beste gela batzuetan ikasleak daude eta”.
San Miguelen arabera, ikastetxeak badu zerbitzua ematen jarraitzeko modua. “DBHko gelak ikaslez beteak dituzte. Eta gainerako mailetan ere badaude ikasleak. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin 2024ra arte ziurtatuak zituen itunak; alegia, finantzaketa”.
Gaur egun Hijas de la Cruz ikastetxeko —zentroa izen horrekin da ezaguna— hezkuntza komunitatea osatzen duten langileei eta familiei ematen dien zerbitzuaz harago, barrutiari berari ematen diona dute gogoan kaltetuek. Hala azaldu du San Miguelek: “Hezkuntza zerbitzua behar da Zazpikaleetako eta Solokoetxeko auzoetan. Ikastetxe honek auzo biak hartzen ditu. Atxuri eta Mujika eskola publikoak daude han, baina gainezka daude, espaziorik gabe. Leku gehiago eskatzeko mobilizazioak egin dituzte oraintsu elkarrekin”.
Hori ikusita, elkarretaratzeak egiteari ekin diote ikastetxeko langileek eta familiek. Egunero elkartzen dira eskola aurrean, goizez eta arratsaldez. San Miguelek azaldu duenez, irtenbide bat nahi dute: “Gaur egun, eskaintza hau pribatua da, baina, desagertuz gero, hezkuntza eskaintza kenduko diote barrutiari. Beraz, ikastetxeari eusteko eskatzen dugu. Bestalde, administrazioari eskatzen diogu bere gain har dezala ikastetxearen kudeaketa”. Itunik gabe, administrazioak zuzenean kudea dezan nahi dute.
Steilas sindikatua ere antzera mintzatu da. Ikastetxearen jabeari eta Kristau Eskolari “arduraz jokatzeko” eskatu die, eta “langileak eta familiak aseko dituen konponbide bat emateko” exijitu diete. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari galdegin diote ikastetxearen egoerari irtenbidea emateko “aukera guztiak” azter ditzala, “publifikazioa barne, hezkuntza komunitatearekin adostuta”.
Sindikatu biek gogoan izan dituzte itxieraren ondorioak pairatuko dituzten familiak eta langileak. Horien artean, 29 irakasleak dira. Administrazio lanetarako eta zerbitzuetarako lau behargin daude, eta beste lau dira garbitzaileak eta jantokiko langileak. San Miguelek esan du denak ez daudela egoera berean: “Irakasleak eta administrazio langileak zuzenean ikastetxeak kontratatuta daude; beste zortziak azpikontratatuta dauzkate. Itxierak langile guztiei eragingo die; beraz, guztira, 41 langile dira”.
LABek ez ditu ahaztu nahi izan ikastetxearen arduradunen erabakiak familiengan dituen ondorioak ere. “Aurrematrikulazio epea zabaltzeko lau egun falta zirenean esan zieten beste ikastetxe bat bilatu behar dutela. Familiak shock egoeran daude”.
Itxierak, tantaka
Gero eta eragin handiagoa du jaiotza tasaren jaitsierak matrikulazioan. Azkeneko urteetan hiru ikastetxe itxi dituzte gutxienez Bizkaian. 2014an Ibaigane itxi zuten, Bilbon, Deustun. Hijas de la Cruzen antzera, hura ere Kristau Eskolako kidea zen. Handik hiru urtera, Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea itxi zuten. LABeko ordezkariaren esanetan, orduan ere arduradunak izan ziren itxiera eragin zutenak. 2019an, berriz, Ondarroako Txomin Agirre ikastolak itxi zituen ateak. Elizbarrutiko ikastetxeetako bat zen hura.
Hijas de la Cruz ikastetxeak bere webgunean jasoa duen bezala, 1859an ireki zituen ateak, Bilbon. Inguruan zeuden neska babesgabeei harrera egiteaz gain, eskolak ere ematen zizkieten, doan. Ikasle pobre haiez gain, hiriko beste neskato batzuk ere hartzen zituzten. Azkeneko horiek ekarpen ekonomiko baten trukean jasotzen zituzten eskolak. Neskentzako Bilboko lehen eskola bilakatu zen, eta hirira “iraultza txiki” bat ekarri zuela diote Hijas de la Cruzekoek.
Orain, ikastetxeak ibilbide hori etengo du. LABeko ordezkariak azpimarratu egin nahi izan du kasu horretan arrazoia ez dela matrikulen beherakada. “Ikastetxea kudeatzen dutenek jakingo dute zein den arrazoia. Guk dakiguna da Bilboko erdigunean dagoela, Alde Zaharrean, eta oso erakargarria izan daitekeela espekulazioa egiteko”.