“Urduri bizi gara; batez ere, sarea uretan botata daukagunean”

Pedro Robles Mendezek (Bermeo, 1961) 16 urte zituen itsasoaren mundura sartu zenean. Bermeoko baxurako ontzietan ibili zen lehenengo, hainbat urtetan. Bere ontzia zuen: Motz. 24 urtean baxurako arrantzan ibilitakoa da. Orain dela hamabi urte, ordea, Indiako Ozeanora joatea erabaki zuen. “Kuadrillako lagun gehienak bertan ditut lanean, eta neu ere joateko esaten zidaten”. Orduan hartutako erabakiarekin asmatu zuela uste du. “Piratak egongo ez balira, gustura egongo nintzateke”.

Izurdia atunontzian hasi zen lanean, eta oraindik ere bertan jarraitzen du. Urtarrilera bitartean etxean egongo da; izan ere, lau hilabete egiten ditu itsasoan, eta gero, beste hainbeste etxean. “Baldintzak hobera doaz. Hasi nintzenean, lau hilabete egiten genituen kanpoan, eta etxean, ordea, bi. Hori gogorra da”. Hamabi urtean lan egiteko moduak ere aldatu egin direla dio: “Orain, errazago eta arinago egin dezakegu”.

Erasoa Izurdia ontziari

Urriaren 10ean, Roblesek lan egiten duen atunontziari eraso egin zioten piratek, Somaliako kostaldetik 290 miliara zegoela. “Ni ez naiz egon, baina azaldu didatenez, hiru txalupa hurbildu ziren atunontzira”, dio Roblesek. Hala eta guztiz ere, Izurdia-k alde egitea lortu zuen, zaintzaile armatuek tiroka uxatu zituztelako ustezko piratak. Egun horretan bertan, NATOko Hr Ms Rotterdam erasorako ontzi herbeheretarrak piratak preso hartu zituen, eta Espainiako armadako Castilla ontziaren esku utzi zituen. Joan den astean Espainiaratu zituzten, eta joan den barikuan Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartu ostean, kartzelara bidali zituzten ustezko sei piratak. Javier Gomez Bermudez epaileak pirateria delitu bat egotzi die.

Ez da, gainera, Izurdia-ri eraso egiten dioten lehen aldia. Aurrerago ere, Robles bertan zegoela, ezustekoa izan zuten. “Atunontziaren atzetik ibili ziren piratak, baina alde egiteko denbora izan genuen, eta ez zen ezer gertatu. Zaintza armatuko kideak prest zeuden, baina piratek alde egin zutenez, ez zuten tirorik egin behar izan”.

Roblesek azaldu du Indiako Ozeanoan orain dela hamabi urte beharrean hasi zenean gauzak ez zirela gaurko modukoak: “Piratak egon bazeuden, baina merkantzia ontziei bakarrik egiten zieten eraso. Ondoren, antza denez, atunontzietako jabeek arinago ordaintzen zutela zabaldu zen, eta orduan hasi ziren atunontziei ere eraso egiten. Uste dut 2008an hasi zirela gauzak okertzen”.

Maiatza eta iraila bitartean montzoien denboraldia izaten da, eta Roblesek dio tarte horretan pirata gutxiago ibiltzen direla. “Horrek ez du esan gura montzoien denboraldia denean ez direla etorriko, inoiz gertatu da eta”.

Atunontzian lau zaintzaile armatu dituzte, eta azaldu du montzoien garaian hiru egoten direla. “Egun guztian daude lanean, eta bat beti guardian dago. Beharrezkoak dituzten armak dauzkate, eta gauean ikusteko bisoreak”. Atunontziko radarrak ere erabiltzen dituzte, eta kapitainarekin edota guardian dagoenarekin elkarlanean ari dira etengabe.

Egunak, estu eta larri

Egunak gogorrak eta luzeak direla azaldu du: “Leku guztietara begira gaude une oro. Nik atunontziko makinan lan egiten dut; bigarren makinista naiz, eta hor barruan ez dugu ezer ikusten, baina kanpora ateratzen naizen guztietan zeruertzera begiratzen egoten naiz, badaezpada. Nahiz eta badakidan begira daudela eta zaintzaileak ere baditugula”.

“Urduri” bizi direla dio; batez ere, sarea botata daudenean. “Hori da unerik txarrena, atunontzia geldik dagoelako eta sarea uretan dagoelako. Bestela, ontzia martxan dagoenean, lasaiago egoten gara, nahiz eta beti erne ibiltzen garen”.

Itsasoak eman dion gauzarik onena esperientzia dela dio. “Hori da erabaki eta aukeratu nuena, eta pozik nago”. Beste zenbait lanbide ere izan ditu: ibilgailuak konpontzeko tailer batean ibili zen, baita igeltsero ere, besteak beste. Guztien artean, itsasoko lanbidea aukeratu du. Horrela izanik, lurrera lanera bueltatuko litzatekeen galdetuta, ezezkoa erantzun du: “Ez zait askorik falta, gainera, erretiroa hartzeko; beraz, bertan amaituko dut. Lau urte falta ditut”.

Uretara jausi

Horrenbeste urtean, itsasoan bizitako zenbait une txar ere baditu buruan Roblesek. Horietatik, bereziki, bat gogoratzen du, baxurako arrantzan lanean zebilela uretara jausi zenekoa. Antxoa arrantzatzen zebiltzala izan zen, eta gauez, gainera. “Ez dut gogoratzen zenbat denbora egon nintzen uretan, baina 10 minutu inguru izango ziren. Hainbat gauza etorri zitzaidan burura”.

Gaur egun Indiako Ozeanoan duten egoerak arrantzaleen familiei ere kalte egiten diela adierazi du. “Kanpoan gauden bakoitzean, beldurra dute gorputzean”, dio.