Iraganean pribilegio, egun ezinbesteko

XXI. mende honetan, pentsaezina da telefonorik gabe komunikatzea. Egunero, ia momentu oro, sakelako telefonoari itsatsita bizitzera ohitu da gizartea. Alabaina, aurreko mende hasieran, herri askotan ez zegoen telefonorik. Are gehiago, XX. mende amaierara arte, etxe askotara ez zen zabaldu sarea. Izan ere, orain dela gutxira arte, telefonoa izatea gutxi batzuek zuten pribilegioa zen. Hori horrela, 1980ko hamarkadan Bizkaiko hainbat landa herritako auzo bakartuek ez zuten telefono bakar bat ere. Gabezia hari konponbidea emateko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako telefono konpainiak plan berezi bat jarri zuten martxan, auzoko gutxienez telefono bat bermatuz. Baserrietan edo tabernetan jarri zituzten.

Bizkaira, baina, telefonoa ehun urte lehenago iritsi zen. 1880ko hamarkadan jarri ziren lehenengoak. Begoña Villanueva EHUko ikerlariaren arabera, 1884. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean eta eskuinaldean telefono sare bana zeukaten. Ezkerraldekoa, esaterako, Portugaleten, Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon zegoen; Eskuinaldekoa, berriz, Erandion, Getxon eta Plentzian, besteak beste. 1891. urtean batu ziren sare biak, Compañia Peninsular de Telefonos Bartzelonako enpresaren eskutik.

Begoña Villanueva soziologian lizentziatua da, eta Euskal Herriko telekomunikazioaren historia aztertu du. Egun, 1891tik 1936ra bitartean Euskal Herrian telefoniak izan zuen garapena aztertzen duen tesia lantzen dabil, eta datorren urtean aurkezteko asmoa du.

Haren datuen arabera, Portugaleten ipini zuten lehen aldiz telefonoa. “Garai hartan, Portugalete hiri garrantzitsua zen, burgesia bertan bizi baitzen”, azaldu du Villanuevak. Orduan, Bilbo ez zen gaur egungo hiria. “Oso txikia zen, eta telefono konpainiari ez zitzaion interesatzen sarea han jartzea”, azaldu du. Izan ere, 1896. urtean, Abando elizatea Bilborekin elkartu zenean handitu zen hiria.

Bizkaiko Foru Aldundiak, XIX. mende amaieran, lurralde historikoan tokiko sarea jartzeko beharrizana zegoela ikusi zuen. Aurretik, ez zuen interes nahikorik agertu, telegrafoarekin ondo moldatzen baitziren. Gainera, garestia izateaz gain, telefonoa oraindik ezezaguna zen gehienentzat. Telefono sarea bazuten Bilboko itsasadarreko zenbait herritan, baina Penintsulako Telefono Konpainiaren —Compañia Peninsular de Telefonos mende zeuden enpresek kudeatzen zituzten. Ez zegoen sare bakar gisa antolaturik.

Bizkaiko Sare Probintziala

Hainbat elkarrizketaren ostean, foru aldundiak Bizkairako sare probintziala ezartzea adostu zuen Espainiako Gobernuarekin. Red Telefonica Provincial de Vizcaya deituriko sarea zen. 1915ean hasi ziren martxan jartzen. Zabaltzeko eta antolatzeko, lehendabizi, bost bulego zeuden: Zornotzan, Durangon, Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Areatzan. 1919an beste hamar herritan jarri zituzten bulegoak; tartean, Mungian, Lekeition, Elorrion, Arrigorriagan eta Urduñan. 1915. urtetik 1927. urtera bitartean iritsi zen sarea Bizkaiko herri guztietara.

Tarte horretan, Villanuevaren berbetan, “1924. urteko apirilaren 19an, Compañia Telefonica Nacional de España sortu zen”. Primo de Riberaren gobernuak telefoniaren monopolioa eman zion konpainiari. Bizkaitar bat izendatu zuten konpainiaren presidente uztailaren 31n: Urquijo markesa.

Hurrengo urtean, 1925ean, Bizkaiko Sare Probintziala Compañia Telefonica Nacional de Españaren esku geratu zen. “Azaroaren 1ean hartu zuen bere gain Espainiako telefono konpainiak sare probintziala”, dio Villanuevak. Bilboko Buenos Aires kalean zegoen konpainiaren egoitza.

1936ko gerraren ondoren, eta Francoren diktadura bete-betean, 1947. urtean, Compañia Telefonica Nacional de Españak eta Francoren erregimenak kontratua sinatu zuten.

Bizkaiko Sare Probintziala, baina, ez zen heldu herri denetako auzo guztietara. Horretarako, ezinbestekoa izan zen herri guneetatik urrun zeuden auzuneetan telefonoak jartzeko egin zuten plana, landa eremuetan zerbitzu publikoa zabaltzeko plana deiturikoa. Ekainaren 5eko 1218/1981 Errege Dekretuan zehaztu zuten, eta ekainaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako telefono konpainiak 1981. urteko ekainaren 30ean sinatu zuten akordioa, eta udan zehaztu zuten plana. Hurrengo hilabeteetan, udalei plana azaldu zitzaien, eta horietako batzuek egin zuten eskaria. Auzoek gutxienez 50 pertsonako biztanleria izan behar zuten, planean sartu ahal izateko. Villanuevak dioenez, Bizkaian, Zornotzak, Arrankudiagak, Artzentalesek, Arrietak, Galdamesek, Karrantzak, Morgak, Zaldibarrek eta Zeberiok egin zuten eskaera. Ondoren, foru aldundiak denen eskariak banan-banan aztertu zituen, baldintzak betetzen zituzten ikusteko. Herri batzuk kanpoan geratu ziren; tartean, Zornotza.

1982ko martxoaren 22an, Compañia Telefonica Nacional de Españak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilen sinatu zuten telefonoak jartzeko hitzarmena. Urte amaieran jarri zituzten lehendabiziko telefonoak. Hain zuzen ere, iraila eta urria bitartean, honako herri hauetan: Arrankudiagan, Arrietan, Galdamesen, Morgan, Turtziozen eta Zeberion. Urtebete pasata, 1983an, Karrantzan eta Artzentalesen ere ipini zituzten.

Foru aldundiak 6.106.203 pezeta jarri zituen, finantzaketarako. “Telefono konpainiak eta foru aldundiak erdibana finantzatu zuten proiektua, bakoitzak %50”, zehaztu du Villanuevak. 1990eko hamarkadara bitartean auzo askotan mantendu ziren telefono publiko horiek. Hain zuzen ere, auzootako etxe gehienetan telefonoak ipini ziren arte.