Natalia Salazar Orbe
Joan den astean piztu ziren alarmak. Muskizko Marcelo Gangoiti zahar etxeko 93 egoiliarrek eta hamar langilek koronabirusa zutela jakin zen. Handik gutxira, beste kutsatze foku baten berri eman zuten Zamudioko Truiondo egoitzan: egoiliarrak eta langileak batuta, ia beste ehun positibo. Asteon, Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzan eta Durangoko Tabira Berrin sartu da birusa: 30 positibo zenbatu dituzte denera, lehenengoan, eta 32 bigarrenean.
Martxoaz geroztik, datu ofizialen arabera, 500 adineko baino gehiago hil dira Bizkaiko zaharren egoitzetan; abuztutik aste honen hasierara, 159. Astindu horrek berriz jarri du mahai gainean egoitzen sistemaren egokitasuna. Egoiliarrak eta haien senideak, eta langileak eta sindikatuak kezkatuta daude. ELA sindikatuak zalantzan jarri du sistemaren funtzionamendua, eta langileek aldundiaren babes falta salatu dute. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute astearterako, itunpeko sistema publiko bihurtzeko eta zaintza zerbitzu duina bermatzeko.
Langileek azaldu dute baldintza txarretan egin behar dutela lan. Bilboko Erruki Etxea egoitzakoek salatu dute behargin bakarrak artatu behar dituela COVID-19agatik solairuan bakartuta dauden hamahiru egoiliar. Bi errefortzu dituzte, hiru ordu eta erdikoak: bata goizean eta bestea arratsaldean. Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioek egoera horiek baimentzen dituztela diote. Adierazi dute adineko batek kaka edo txiza fardelean eginez gero, pisu handia badu eta garabia erabili behar badute, langile bakar batek ezin duela garbitu, eta ordezkoa etorri arte itxaron behar dutela.
Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzako enpresa batzordeak baliabide gehiago eskatu ditu, bertan 93 egoiliar kutsatu ostean. Eskaera zehatzak mahaigaineratu zituzten asteburuan: enpresa berezitu batek egoitza osorik desinfekta dezala aldian-aldian; langileei eta egoiliarrei PCR proba masiboak egin diezazkietela aldiro; langile gehiago kontrata ditzatela eta baja guztiak lehen egunetik bertatik bete ditzatela.
Gainera, haserre agertu ziren, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak iradoki zuelako balitekeela langileen erruz sartu izana birusa Muskizko egoitzan. “Baliteke akats bat gertatu izana”, adierazi zuen Murillok, langileek agian segurtasun tarteak bermatu ez zituztela iradokiz. Bizkaiko Hitza saiatu da Murillo elkarrizketatzen, baina, agenda arazoak tarteko, ezinezkoa zitzaiola erantzun du.
Muskizko langileek Murilloren adierazpenak ukatu dituzte: esan dute “jarduera guztiak aldundiak ezarritako protokoloei jarraituta” egin dituztela. Foru diputatuak berak zuzendu egin zituen adierazpen horiek egun batzuk geroago. “Egoiliarrak artatzeko, zuzeneko kontaktu estua behar da. Zero arriskurik ez dago. Horregatik, garrantzitsua da gizartea ez lasaitzea”, esan zuen.
Aldundiak uztailetik hona 21.750 baheketa egin ditu egoitzetako langileen artean. “260 langilek, sintomarik gabe, positibo eman dute. Lanean ari ziren, eta, jakin gabe, prebentzio neurri guztiak hartu arren, kutsatzeko arriskua izan da”, azaldu du Murillok.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak, berriz, adierazi du aldundiak “tenkatuta” jarraitzen duela, eta baheketak egiten ari direla eskualde guztietako egoitzetan. Hark ere joan den astean positiboen gorakadaren berri izan zuenean adierazi zuen balitekeela administrazioa, zuzendaritzak eta langileak “erlaxatu” izana.
ELA sindikatuko ordezkari Soraya Garciak langileen inplikazioa nabarmendu du: “Langileak esfortzu bikoitza egiten ari dira egunero, lan karga handiagoagatik eta langile eta baliabide faltagatik”. Beharginen nekea agerikoa dela azaldu du: “Sektorearen akidura izugarria da. Hilabete asko daramatzate oso maila altuan lanean”.
Zaintza sistema
Diru publikoz kudeatutako enpresa pribatuen sistema da nagusi zahar etxeetan. Hala azaldu dute Batzar Nagusietan Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) sindikatuek. GUFE aldundiaren gizarte zerbitzuak eskaintzen dituen erakundea da. Esan dutenez, aldundiak guztira eskaintzen dituen 10.748 egoiliarrentzako lekuetatik %2,66 kudeatzen dituzte GUFEko beharginek zuzenean. Besteetan, itunpeko sistema dute.
Garciak azaldu du egoera horrek eragin zuzena duela langileen lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean: “Pribatizazioak enpresaren irabaziak lehenesten ditu arretaren kalitatearen aurretik. Itunpeko egoitzetan, langile erdiak daude, eta soldata %40 txikiagoa da. Horrek guztiorrek eragina du adinekoei eman diezaiekegun arretaren kalitatean”.
ELAko ordezkariak azaldu duenez, itunpeko egoitza batean zortzi langile badaude, GUFEko batean hamasei daude. “Bikoitza. Lan karga askoz handiagoa da, eta adinekoentzako askoz arreta zuzenagoa eta pertsonalizatuagoa eskaini dezakete eurek”.
Muturreko baldintzak aipatu ditu: “Ikusi dugu egoitza batean lanaldi osoan ez zietela uzten komunera joaten edo ura edaten ere, bestela NBE [norbera babesteko ekipamendua] asko gastatzen direlakoan. Komunera joaten badira, duten NBEa kendu eta berria jarri behar dute. Salatu egingo dugu, zazpi orduko lanaldian emakumeok ezin dutelako komunera joan edota urik edan”.
ELAko ordezkariak uste du pandemia aurretik zeuden gabezien salaketek indarra hartu dutela. Horregatik, zazpi eskaera egingo dituzte zaintza eta gizarte zerbitzuetako greban: zerbitzuok publiko bihurtzea, lanpostuak subrogatzea eta kontsolidatzea, langile gehiago kontratatzea eta lanaldiak handitzea, ratioak hobetzea, osasun baldintzak hobetzea eta langileen egoera emozionala artatzeko plana eratzea.