Ibai Maruri Bilbao
Beste atzerapen bat. Baliteke Bilboko metroa 2026an iristea Galdakaora, Europako Batasunak aurretik 245 milioi ipintzen baditu. Bestela, ez. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogoratu du 5. linearen garapena Europako Batasuneko funtsen mende ipini dutela. Esan du “ahal duten guztia” egingo dutela diru hori lortzeko. Baina argi utzi du ezin dutela proiektua epe laburrean bultzatu Europaren babesik gabe, pandemiaren ondorio ekonomikoek administrazioen inbertsioak “baldintzatu” dituztelako. “Itxaropen faltsuek ez dute ezertarako balio. Momentuz, ez daukagu ezer”. Herenegun egin zituen adierazpen horiek. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuarekin bildu zen Bilbon, Foru jauregian, metroaren linea berriez berba egiteko.
5. linea 2000. hamarkada hasieratik dago zain. Harrezkero, proiektuak hainbat aldaketa izan ditu. Gaur egun, 2012koaren bertsio eguneratua dute esku artean. Etxebarriko geltokitik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera hedatuko du metroaren linea.
Euskotrenen Matiko-Amara linearen desbideratze gisa abiatuko da, aire zabalean, Etxebarriko geltokiaren ondoren. Hala, 3. linearen jarraipen bat izango da. Metro batzuk aurrerago, Sarratuko geltoki intermodala (Basauri) eraikiko da. Hortik aurrera, ibilbidea lur azpitik joango da. Hurrengo tartea bi kilometro izango da luze, eta Galdakaoko Plaza Gorrian amaituko da.
Hirugarren tarteak bi kilometro baino zertxobait gehiago ditu, Usansoloko Ospitaleko geltokia baino apur bat aurreragora arte. Ospitalearen eta Durango eta Bermeotik datorren Euskotreneko linearen arteko lotura izango da linea honen laugarren zatia; obren hasierarekin batera abiaraziko da, eta “berehala” hasiko dira eraikitzeko lan teknikoak.
Ibilbide bi, aukeran
Aspalditik daude metroaren zain Bilbo hegoaldeko auzoetan ere. Baina badirudi, kostatuta bada ere, martxa hartzen hasi dela. 4. linea izango da eurena. Azkenaldian, hainbat ibilbide aipatu izan dira. Baina dagoeneko informazio azterlanaren lehen fasea amaitu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, eta Abandotik Zorrotzara doazen bi ibilbide aukera jaso dira: batek, Renfe (lehengo FEVE) aldirien linea erabiltzen du, eta funikularrak proposatzen ditu Errekalde eta Irala auzoen erdiguneak egungo aldiriko ibilbideekin lotzeko; besteak, berriz, aldiriko linea horren beste ibilbide bat proposatzen du, haitzulo motako bi geltokirekin bi auzoetan. Arriolak iragarri du azterlan hori herritarren esku geratuko dela otsailean, prozesu parte hartzaile baten bitartez ekarpenak egin ahal izateko.