Foru aldundiko sailek %10,3 gutxiago izango dute 2013an gastatzeko

Bizkaiko Foru Ogasunak datorren urtean 6.220,6 milioi batuko dituela aurreikusi du. “2006ko mailara itzuliko gara”, azaldu du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Diru kopuru horrekin 2013ko Bizkaiko aurrekontu orokorrak osatu dituzte: ia 4 milioi EAEko finantza egiturarako, 406 milioi kupo bidez Espainiari ordaintzeko —aurten baino ia %81,2 gehiago—, 743 milioi Udalkutxarako eta beste zazpi Bizkaiko Batzar Nagusietarako. 1.435 milioi geratuko zaizkio, bada, Bizkaiko Foru Aldundiari, eta horietatik ia herena langileen gastuetarako eta zorra amortizatu zein interesak ordaintzeko izango da. Hala, foru aldundiko zortzi sailek 1.000 milioi eskas izango dituzte; aurten baino %10,3 gutxiago.

Bilbaoren esanetan, “aurrekontu gogorrak, doituak baina posible bakarrak dira” atzo aurkeztu zituenak. Ahaldun guztiek babestuta agertu zen prentsa aurrera. “Pertsonen bizi-kalitatea bermatzea, enplegua sortzea eta inbertsioen bidez ekonomia suspertzea da gure lehentasuna”.

Kolperik latzena Ingurumen eta Kultura sailek hartuko dute. Biek aurtengoaren aldean %25,8ko beherakada sufrituko dute. Hala ere, Bilbaok Kultura Sailekoa honela justifikatu du: “Aurtengo diru sorta handiagoa izan da Euskalduna jauregia handitzeko lanengatik ordaindu beharrekoa ere barnean zegoelako. Beraz, aurtengo aurrekontuari hori kenduz gero, Kultura Sailak izango duen benetako beherakada %11,50ekoa izango da”.

Gizarte Ekintza Sailak jasoko du zortzi sailek duten aurrekontu erabilgarritik %43,5. Hor ere bada jaitsiera: %2,7, hain zuzen. Besteak beste, Adineko adinekoentzako bidaia programa bertan behera geratuko da 2013an. Lankidetzarako eta aukera berdintasunerako programen aurrekontua ere %45 txikituko dute. Azkenik, lehen mailako menpekotasuna dutenentzako laguntzetan ere aldaketa iragarri du. Berez, Espainiako Gobernuak ordaintzen zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak banatu. Mariano Raxoi presidenteak bertan behera utzi zuen laguntza hori, behin-behinean. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundia egin da horien kargu ere. Datorren urtean, ordea, ez du halako asmorik. “Bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek berdin jasotzen jarraituko dute”.

Ondare zerga berritua

Asteon ondarearen gaineko zerga berriaren aurreproiektua ere aurkeztu du Bilbaok berak, herenegun egindako agerraldian. Azken bi urteetakoa urte bukaeran iraungiko da. 2013an indarrean sartu beharko lukeen zerga berriaren bitartez 75 milioi euro biltzea aurreikusi dute; aurten baino 20 milioi gehiago, hain zuzen ere. 7.500 zergadunen ekarpenak jasoko dituzte ondarearen gaineko zergaren bitartez, aurten baino 2.000 herritar gehiagorenak. 800.000 eurotik beherako ondasunak zerga horretatik salbuetsita geratzen dira, eta diru sarrera handienak dituzten zergadunentzat, gehienezko %2ko tarifa ezarri dute. Bilbaok esan zuen aberastasun gehien dutenek Gipuzkoan ordaindu beharko luketen baino gehiago ordainduko dutela Bizkaian. “Propaganda ofizialak bestela dioen arren, aberatsenek gutxiago ordainduko dute Gipuzkoan”, esan zuen, Bilduri aipamen eginez. Ohiko etxebizitzari dagokionez, bestalde, 400.000 eurotik beherakoak salbuetsita daude. PFEZ eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena batera egiteko muga, bestalde, %60tik %65era igaroko da.

Bilduk begi onez ikusi du EAJren aurreproiektua. “Jeltzaleek diskurtsoa aldatu dute; politika orokorreko bilkuran gure progresibitate fiskala demagogikotzat jo zuten”, gogoratu dute.