Maialen Arteaga
Komunikazioa, gorputza eta dantza. Elkar loturik doazen hiru aldagai dira Bagara kolektiboarentzat. Dantza eta arte eszenikoen sormena ikertzen duen kolektiboa da, eta Durangoko hiru lagunek osatzen dute: Uribarri Atxotegik, Ane Gabilondok eta Maider Etxegibelek. Entsegu bateko atsedenaldian, Durangoko San Agustin aretoan bildu dira Bizkaiko Hitza-rekin.
Duela sei hilabete sortu zuten taldea, ekain eta uztail bitartean. Ordura arte, hiru lagunek bide ezberdinak izan zituzten, baina udaberriko konfinamenduaren bukaeran, Durangon bildu ziren hirurak. Atxotegi eta Gabilondo lehenago ere aritu izan dira dantzaren inguruko ikerketak teorizatzen, eta hiru lagunak herrian batu zirenean, pentsatu zuten elkarte gisa formalizatzea. Proiektua konfinamendu amaieran gorpuztu badute ere, lehenagotik zaletasun berdintsuak partekatzen zituztela kontatu du Etxegibelek: “Dantzarekiko eta gorputz adierazpenarekiko interes komun batek batu gintuen. Bakoitzaren motorra izan da proiektu honen elikagai”. Proiektua jaiotzeko “ikertzeko gogoa” ezinbestekoa izan dela azpimarratu dute hiru kideek. “Espazioa ezagutzeko zein elkar berriro ezagutzeko”, zehaztu du Etxegibelek. Sorkuntzarako eta, oro har, artistentzako baliabide falta dagoela salatu dute kideek; euren taldean ere badela gabezia. “Elkarren arteko eta proiektuarekiko maitasunagatik sostengatzen da hau”, dio Gabilondok. Atxotegik ere sorkuntzarako baldintza duinak aldarrikatu ditu: “Bakoitza bi lanetan ari da. Soldatarik gabe, baina bi lan dira; denbora da. Maitasunak ere baldintza duinak behar ditu sostengatu ahal izateko”.
Sorkuntzaren beharra
Kultur eta sorkuntza proiektu askok ateak itxi dituzte pandemiaren ondorioz. Bagara kolektiboa, ordea, testuinguru zail horretan jaio da: “Proposamen artistikoak mahai gainean jartzeko behar handia egon da. Pandemiak sorkuntzarako behar izan handia sortu du”, azaldu du Gabilondok. Etxegibel bat dator harekin: “Pilaketa horrek eztanda egin du. Preso sentitzeak kanpora joateko eta egoerari buelta emateko gogoa eman digu”. Atxotegik beste perspektiba bat eskaini du: “Nik ez dut egoera erromantizatu nahi; ez da inorentzat erraza izan, eta ez dut uste pandemia baten beharra dagoenik horrelako proiektu bat sortzeko”. Pertsonak norbanako gisa ikusirik ahulak direla iritzi dio, eta hortik proiektuak partekatzeko beharra sortzen dela: “Konfinamenduan gabezia asko egon dira, eta hortik kolektiboaren beharra. Etxean bakarka dantzatzen genuen, baina momentu batetik aurrera ez zen jasangarria. Ematen du zuretzat bakarrik ari zarela hori egiten, baina partekatzeko beharra duzu. Orduan ohartzen gara zer zaurgarriak garen, eta nola dugun albokoen beharrizana”.
Oholtzen falta
Garai zailak dira kulturan; inoiz baino oholtza gutxiago daude. Gabezia horretan jaio da Bagara. “Dantzari dagokionez, behintzat, ez dago entseguetarako espaziorik, oholtza zein lurra izan. Kalean futbol zelaiak edo frontoiak dauden moduan, ez dago dantzarako toki publikorik”, zehaztu du Gabilondok. Gabezia horren aurrean, Durangoko Azoka bezalako plaza batean dantzatu ahal izatea asko eskertu dute. “Bertan parte hartu ahal izatea izugarria izan zen”, gogoratzen du Atxotegik. “Data bat geneukan, agertoki bat, eta hori ere batzuetan beharrezkoa da. Sorkuntza nonbaitera atera behar da”, gehitu du, argi. Bagararen sorkuntzak ikerketatik ere badu. “Gorputzaren mugimenduak non sortzen diren ikertu nahi dugu, ea jatorri emozionala duen, aukera fisiko guztietatik, eta horiek gugan nola gorpuzten diren”, azaldu du Etxegibelek. “Guk gorputza dugu erreminta. Ideia bat edo emozio bat gorputz eta espazio batekin elkartzen direnean nola komunikatzen duten ikertu nahi dugu”, adierazi du Gabilondok.
Gorputza aipatu dute, eta horrekin azalpenak etorri dira. Izan ere, hiru kideen iritziz, gorputzak bestelako rol bat jokatzen du andreentzat. “Gure gorputzarekin dugun harremana talka handi bat da. Gizartean oso kolpatuta dagoen elementua denez, presio handia dago estetika zehatz batzuekin”, esan du Gabilondok. Etxegibelek ere argi dauka: “Guk gorputzarekiko errespetutik egin nahi dugu”. Atxotegik hausnarketa galdera egin du: “Zer dator burura andre dantzari bat imajinatzean? Badirudi dantza garaikidea ez dela uste bezain anitza”.