Nerea Ibarzabal
Etxez aldatzeak, galdutzat ematen genituen objektuak aurkitzen laguntzeaz gain, aurreko etxean kasurik egiten ez genien gauzekiko interesa pitz dezake. Nire bizitzako egongela guztietako apalean egon den baina gaur arte ukitu ez dudan liburu potoloa hartu dut eskuetan arratsaldean, efemerideren batek bultzatuta edo, 22 urteren ondoren; Así fueron los 80, dio izenburuak. Bi kiloko liburu honek -pisatu egin dut- historiako klase gatzgabeen bidez baino ezagutu ez nuen hamarkadako gertaera nagusiak biltzen ditu argazkitan.
Orriak pasatu ahala, diapositibatan bezala agertu zaizkit Txernobilgo suhiltzaileen ospitaleko argazkiak, burusoil, plastikozko errezelen atzean. Orria pasatu, eta Hegoafrika, polizia zuriak herritar beltzak borrekin jotzen Apartheid-aren garaian. Orria pasatu, eta bi haur kurduren gorpuak lehen planoan, eta helduen gorpu gehiago pilatuta atzean; Golkoko gerran hegazkin irakiarrek Irango muga inguruko herri kurduei eraso zieten gasezko bonbekin, 5.000 hildako eraginez. 100.000 kurduk Turkiara ihes egin zuten garai horretan.
Hurrengo orrian, Yasser Arafat, estatu palestinar independentea aldarrikatzen Aljerren. Hurrengoan, Michael Jackson, bere urrezko urteez eta azal beltzaz gozatzen. Hurrengoan, otsailak 23 eta Tejero pistola bat eusten. Berlingo Harresia zatitxotan puskatuta. Parisko rue de Rennesen hildakoak eta zaurituak lurrean, haragi zartatua bistan, auto batetik botatako lehergailu baten ondorioz. Cats musikala. Aitona bat begiak erreta Indiako Bhopal hirian, milaka hildako eragin zituen produktu toxikoen ihesaren ostean. E.T. estralurtarraren filma. Dozenaka hegazkin istripu. Amazoniako oihan tropikala erreta, bazkarako larre bihurtzeko. Jane Fonda aerobik egiten, kalentadore eta traje koloretsuekin.
Denboraren makina otxenterotik erdi mareatuta atera naiz. Aspaldian -agian inoiz- ez dut ikusi hainbeste hildakoren irudi hain espliziturik, zuri europarron kontzientziak gehiegi ez astintzeko hain ondo datorren pixelaziorik gabe. Eta aspaldiko hildakoak ere deserosoak dira oraindik, ez pentsa. Ezinbestean, pentsatu dut nolakoa litzatekeen XXI. mende hasiera aldeko gertakarien liburua, zenbat kilo akats eskainiko genituzkeen, zenbat konpondu gabeko arazo zahar, zein gizon irabazlek idatziko lukeen, zenbat harresi bota ditugun eta zenbat zentral nuklear itxi, zein koloretako jendea hiltzen duten poliziek, zeintzuk tratatu ditugun estralurtar gisa, “etxea” eta “telefonoa” eskatu dituztenean. Ziur argitaratua dagoela dagoeneko, eta ez dagoela erantzun beharrik.