“Euri gutxiko garaian, ibaien emari maila ekologikotik ere hartzen da ura Urdaibain”

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Ura Uraren Euskal Agentziak Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoa egin dute. Azken urteetan egindako lan hidrologikoak eta egungo egoera aztertzeaz gain, ur hornidurari, ingurumenari eta uholdeen prebentzio lanari dagozkien helburuak finkatu dituzte. Bizkaian antzemandako gabeziak zein diren azaldu ditu agentziako zuzendari nagusi Iñaki Urrizalkik.

Plan Hidrologiko berriaren arabera, zein egoeratan dago Bizkaia? Ze arazo aurkitu dituzue?

Hasteko, plan hidrologikoak hiru motatako helburuak ditu: ingurumenari dagozkionak, ur hornidura eskaeren asetzeari dagozkionak eta uholde arriskuak gutxitzeari begirakoak. Ingurumenaren arloan, planean esaten dugu azken 15 urteetan asko hobetu dela egoera. Hala ere, Bizkaiko ibaien %50ek baino ez ditu betetzen plan berri horretan euren egoera ekologikoari begira jarri ditugun helburuak. Ez dituzte betetzen, bai industriako eta hiriguneetako isuriak ez egoteagatik behar bezala araztuta, bai ibilguetan eta ibarretan egindako aldaketa morfologikoengatik. Ezinbestekoa da urak arazten jarraitzea, baina baita ur ekosistemak hondatzeari uztea eta horiek berreskuratzen hastea ere.

Hornidurari dagokionez, zer ondorioztatu duzue?

Oreka gorde behar da ur hornidura eskaeraren eta ibaien egoera ekologikoaren artean. Oro har, esan daiteke Bizkaian ur horniduraren bermea ona dela. Baina salbuespen adierazgarri bat dago: Busturialdea. Oro har, Bizkaian ez da behar beste ur iturririk, hiriguneetako hornidura bermatzeko. Hala ere, komeni da istripuen aurkako sareak izan dezakeen babesgabetasuna txikitzeko behar egitea. Komeni da, era berean, sistema nagusien banaketa sarea txikiagoetara zabaltzea, kudeaketa zailagoa eta berme txikiagoak dituztelako. Dibertsifikatze horrek lehorte garaiei hobeto aurre egin ahal izatea ekarriko luke. Beharrezkoa da, azkenik, uraren erabilera eraginkorrari dagokionez, pausoak ematea: bai kontsumoa neurtuz bai ur galerak saihestuz.

Uholde arriskuari erreparatuta, zein egoeratan daude Bizkaiko ibaiak?

Euskal Herrian, oro har, eta, Bizkaian, bereziki, arazo garrantzitsua da uholdeena, ibarrak modu txarrean okupatu ditugulako, bizitzeko zein industria jartzeko. Planean ibaien bideratzeak aldatzea proposatzen da, baina proiektu berriek orain baino ingurumenarekiko errespetu handiagoa izan beharko dute. Gainera, prebentzioari lotuta, lan gehiago egin behar da.

Busturialdeko ur hornidura gabeziari helduta, zerk eragingo luke?

Gaur egungo Busturialdeko sistema ez da nahikoa era berean hornidura eta ur ekosistemek behar duten ur isuria bermatzeko. Lehorte epe luzeak egongo diren aldietan, gaur egungo sistemak ez luke ur hornidura bermatuko. Aurtengo udan bertan ikusi ahal izan da hori; ur mozketak egin behar izan dira, eta aurtengoa ofizialki ez da lehorte urtea izan. Hala, benetan lehortea datorrenean, egoera are larriagoa izango dute eskualdean.

Gaitasun gabezia horren arrazoia da hornitze iturburuek halako egoeretan ur falta izaten duten dutela. Eta eskualdean ur gehiegi hartzen ari dira ibai eta akuiferoetatik, eta horrekin ingurumenari kalte egiten ari dira. Lehorte aldietan ibaiei eta akuiferoei hainbeste ur kentzen zaie, ekologikoki ekosistemek behar duten ur maila baino txikiagoan uzten baitira. Gainera, eskualdeko akuifero garrantzitsuenak, Gernikakoak, kutsadura arrisku handia dauka. Iturri horiek kutsatuko balira, eskualdean ur murrizketa latzak egin beharko lirateke.

Zein da eskualdearen egoera hidrografikoa? Zein baliabide ditu?

Busturialdeak hainbat ibai eta putzu ditu ura hartzeko. Nahikoa dira Urdaibai inguruko herritarren beharrizanak asetzeko, baina garai hezeetan baino ez. Euri gutxiko hilabeteetan iturri horien ur emaria asko txikitzen da, ez direlako handiak, eta ez dira hornidura bermatzeko nahikoa.

Aipatu duzu ekosistemak behar baino ur gutxiagorekin ere gera daitezkeela. Zein kalte ekologiko eragin dezake horrek?

Aurtengo udan gertatu den bezala, euri gutxiko garaietan ibaiek ekologikoki izan beharko luketen emarietatik kenduta hartzen da ura. Hau da, ibaiei hainbeste ur ken diezaiekegu, baina ez gehiago, kalte ekologikorik ez eragiteko. Busturialdean, euri gutxiko hilabeteetan, muga hori gainditzen da. Hainbat kasutan, emari hori izugarri gutxitzen da, larritzeko moduko mailetara iritsiz, eta batzuk erabat lehortzen dira. Horrek eragin dezakeen kalte ekologikoa handia da, eta ahalik eta lasterren konponbide bat ematea komeni dela diogu plan hidrologikoan.

Arestian aipatu duzu Gernikako akuiferoak kutsadura arriskua duela. Ur zikinen sarea osatzen denean, arazo hori konponduko litzateke?

Ez. Arrisku hori inguruko industriak lurrera egin ditzakeen isuriek sortzen dute. Gernika-Lumoko industrialdearen zati handi bat akuiferoaren gainean eraikita dago. Azken urteetan, halako isuriak saihesteko neurriak hartu dira, baina ez dira nahikoa.

Zer konponbide proposatzen duzue eskualdera irits daitekeen ur gabezia egoera hori saihesteko?

Plan hidrologikoak ezinbestekotzat jotzen du Urdaibaiko ur hornidura sarea hobetzea. Ganbe inguruan (Munitibar) aurreikusita dagoen ur biltegia eraikitzea behar-beharrezkoa da, ahalik eta arinen. Hori egindakoan posible izango litzateke Gernikako akuiferoan dauden putzuak erabiltzeari uztea. Hala ere, biltegi hori ez litzateke nahikoa izango ur horniduraren kalitatea eta ibaiaren behe arroko emari ekologikoa bateragarri egiteko.

Arazoa eskualdetik kanpoko ur baliabideetatik edanda konponduko litzateke. Baliabideak aztertu dira, hainbat orekatze behar egin dira, eta erreserban urtegiak eraikitzea baztertu da. Hala, ez dago beste aukerarik. Oizeko akuiferoa eta Zadorrako sistema lirateke aproposenak.