1.500etik gora hil ditu

1.500etik gora hil ditu

Ibai Maruri Bilbao

Martxoaren 7an deitu ziguten [Jaurlaritzako] Osasun Sailetik, esateko kasu positibo bi zeudela herriko erretiratuen etxe batera sarri joaten zirenen artean”; hala gogoratu du Asier Iragorri Basauriko alkateak zelan jakin zuen gaitza herrira iritsi zela. SARS-CoV-2 birusaren Bizkaiko lehen agerraldia eurenean izan zen. Martxoaren erdialderako herrialde historiko osoan zabalduta zegoen. Hilaren 14an eman zuen Espainiako Gobernuak maiatzera arte iraun zuen konfinamendu agindua.

Pandemiaren lehen kolpe hartan, Basauri bereziki zigortu zuen gaitzak. Lehen asteetan, Bizkaian kutsatze berri gehien zituen herria izan zen, hiriburuaren atzetik. “Erretiratuen elkarteetara sartu zen birusa, oraindik gure artean zegoela jakin aurretik. Jendeak sintomak izan arren, bizimodu normala egiten zuen, inork ez zekielako zer zuten. Uste dut horregatik zabaldu zela hainbeste eta hain erraz gurean”.

Basauriko alkatea ohartarazi zutenerako herriko lagun bi hil ziren COVID-19ak jota. Hil ondoren jakin zen gaitza izan zutela. Izan ere, Kareaga auzokoa izan zen Euskal Herrian hildako lehen kutsatua: 82 urteko gizona Galdakaoko ospitalean zendu zen martxoaren 5ean. Egun batzuetara hil zen haren emaztea ere. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako zenbaketaren arabera, 1.500 bizkaitar inguru hil dira pandemia honetan. Estatistika horretatik kanpo geratu dira Bizkaian hil diren gizon eta andre asko, lehen hilabeteetan PCR probak eta diagnostikoa egiteko izan ziren zailtasunen ondorioz. Kasurako, joan den astean INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, soilik martxotik maiatzera 948 bizkaitar hil ziren COVID-19aren ondorioz. Horrek erakusten du 1.500eko kopuru hori ez dela inondik ere erreala.

6f

Bizkaian 49.169 herritarrek eman dute positibo PCR proban edo antigenoen proban, abenduaren 10era arte. Gehien gehienak bigarren olatu deituriko aldi honetan kutsatu dira: martxotik uztail bukaerara, 8.745 positibo zenbatu ziren; gainontzeko ia 40.000k azken lau hilabeteetako kutsatzeak dira. Halere, udaberriko datuak eta gerokoak ez dira erabat alderagarriak, hasierako hilabeteetan oso test gutxi egin zirelako, eta soilik gaitza gaiztotuta ospitaleratzen zirenei egiten zizkietelako probak. Udatik hona, positibo eman duten guztien gertukoen artean gaixo gehiagoren bila ibili da Osakidetza; baita sintomarik ez dutenen kasuetan ere. Eta kutsatze kopuru handiak izan dituzten herrietan test masiboak egin dira.

Udan, hobetzetik okertzera

Konfinamenduari esker pandemiaren bilakaera bideratzea lortu zen arren, udako oporraldiak dena aldrebestu zuen. Uztail bukaeran hasi ziren lehen agerraldiak: Bilboko Bolueta auzoko dantzaleku bat, Erandioko jatetxe bat, Algortako (Getxo) eta Galdakaoko taberna bana… Abuztu bukaeran, Gernika-Lumok eman zuen lehen ezusteko handia: Andra Mari eta San Roke jaiak ospatu ohi dituen egunetan, gau giroko tabernetan egindako parrandek dozenaka kutsatu eragin zituzten. Ondoren ospatu beharreko jaietan neurriak gehiago zorroztu ziren. Dena den, aisialdia ez da izan arrisku eremu bakarra. Lantokietan ere egon dira kutsatzeak: hainbat fabrika, supermerkatu eta dendatan positiboak egon arren, salatu dute gainontzeko langileei ez zaizkiela probak egin.

Irailean, ikasturtea hastearekin batera, eskoletan ipini zen arreta. Kezka zegoen. Ikasturtea hasi bezperan, Mungiako Bentades ikastetxea ez irekitzea erabaki zuten, zenbait langilek positibo eman zutelako. Bi egunera, Zaldibarko eskola publikoa itxi zuten. Ez da berriro hain neurri gogorrik hartu behar izan, ikasgela batzuetako ikasle guztiak etxera bidali diren arren.

Udazkenean, intzidentzia metatua neurtzen hasi zen Osasun Saila, hamabost egunean 100.000 biztanleko zenbat kutsatu egon diren zenbatzen. 500 kutsatutik gorako herriak zona gorri izendatzen ditu. Lehena Durango izan zen, Bizkaian, urri erdialdera. Apurka, gehiago batu ziren, eta urriaren 28an, herrialde osoko intzidentzia metatuak 500 kutsatuen langa gainditu zuen. Azaroaren 28ra arte ez du jaistea lortu. Abendua hobetze bidean hasi bazen ere, azken astean datuak ezkorrak izan dira berriz.