“Gogorrak, doituak eta posible diren bakarrak”

Astelehenean erregistratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontu proiektua, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ahaldun nagusia dagoeneko elkartu da ordezkaritza duten lau taldeekin, eta gaur hasiko dira ahaldunak euren sailek zenbat eta zertan gastatuko duten azaltzen. “Gogorrak, doituak eta posible bakarrak”: halako aurrekontuak osatu dituzte, Jose Luis Bilbaoren berbetan.

Ahaldun nagusiak iragarri du martxan dauden inbertsioei eutsiko zaiela baina ez dela berririk egingo. Onartu du horrek kalte egingo diola hainbati. “Denok dakigu gastu publikoak ekonomia mugitzen duela. Baina une honetan ez daukagu beste aukerarik. Neurrian inbertitu behar da; ezin dugu ez daukagun dirua bota”. Izan ere, Bilbaok dio “azken hamar urteetako egoera ekonomiko zailena” dela Bizkaiarentzat. “Krisialdia gogor jotzen ari da gure ekonomia. Ondorioz, jarduerak nabarmen egin du behera, lanpostu ugari galdu dira eta langabeziak gora egin du. Zerga bilketak, berriz, behera. Gainera, ez dago laster suspertuko den zantzurik”. Ezkor agertu da oso. Iruditzen zaio Bizkaiko enpresei kalte egingo diela Frantzia, Alemania eta Europa erdialdeko hainbat ekonomia berriz ere atzeraldian sartu izanak, esportazioetan dezente igarriko delako.

Hotzaldi horren eraginez, datorren urteko diru bilketa 2006koaren parekoa izango da; aurtengoa baino %2,3 apalagoa. Diru sarreraren beherakada orekatzeko, urte berriarekin batera ondarearen gaineko zerga berritua sartuko da indarrean, aurten baino 20 milioi gehiago biltzeko asmoz. Eta foru aldundiaren tasa eta prezio publikoak %2 garestituko dituzte. Hala ere, neurriok ere ez dira nahikoa izango.

Bizkaiko aurrekontu orokorra 6.578 milioi eurokoa izango da, aurten baino %4,8 txikiagoa. Hortik, 743 milioi udalen finantzaketarako izango dira. 3.985 milioi Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, haren aurrekontua osatzeko. Espainiari 406 milioi, kupo bidez. Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusiek 7 milioi euro jasoko dituzte 2013an. Hori horrela, foru aldundiari 1.435 milioi euro geratzen zaizkio, berak kudeatzeko; 2012an baino %6,1 gutxiago. Heren bat langileria gastuetarako eta zorraren interesak eta amortizazioak ordaintzeko izango da. Aldundiko zortzi sailek jasoko dituzte beste bi herenak: 1.040 milioi euro; aurten baino %10,3 gutxiago.

Horietatik %78,3 hiru sailek jasoko dituzte: Gizarte Ekintza Saila, Ekonomia Sustapen Saila eta Garraio eta Herri Lan Saila. Izan ere, ahaldun nagusiaren esanetan, foru aldundiaren lehentasuna da “pertsonen bizi-kalitatea bermatzea, enplegua bilatu eta sortzea eta herri lanetan egingo diren inbertsioen bidez ekonomia suspertzea”. Hein berean, oinarrizko “zerbitzu publikoei eusteko konpromisoa” hartu dute, eta, aurrekontuak osatzerakoan, “zorroztasun ekonomikoa” izan dute arau. “2013an ez da zor berririk sortuko”, hitzeman du Bilbaok.

Gizarte Ekintza Saila izango da beherakada txikiena sufrituko duena: %2,7 gutxiago. Sailetako aurrekontuen %43,5 jasoko du Pilar Ardanzaren taldeak: 452 milioi. “Nagusiek, menpekoek, bazterketa arriskuan daudenek, gazteek… Denek jasoko dituzte oinarrizko zerbitzuak, batere murrizketarik gabe”. Baina bada aldaketa nabarmenik.

Edadetuen bidaietan, etena

Errenta baxuko erretiratuek Europan bidaiak egin ahal izateko Adineko izeneko programa bertan behera geratuko da, behin-behinean. Bizitza osoan beharrean ibili eta oporrak hartzeko aukerarik izan ez duten bizkaitar andana joan dira egitasmo horri esker leku berriak ezagutzera. Bilbaok aurreratu du 2014an itzuliko dela Adineko, “diru kontuak artezten badira”. Hala ere, edadetuentzako diru sorta 156,7 milioi eurokoa izango dela nabarmendu gura izan du.

Menpekotasunari dagokionez, Espainiako Gobernuak ez dizkio ordainduko foru aldundiari lehen mailakoa dutenei dagozkien diru laguntzak, aurten ere ordaindu ez dizkion bezala. Egoera hobetu arte kentzea erabaki zuen Mariano Raxoi presidenteak. 2012 honetan foru aldundiak bete du gabezia hori, baina Bilbaok ohartarazi du datorren urtean ezingo duela egin. Hala, bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek baino ez dituzte jasoko laguntzok. Bi maila horietan ere, Espainiak ez du bere partea ordainduko, baina foru aldundiak osatuko du hutsunea. Osotara, 41,3 milioi euro izango dira; hau da, aurten baino 6 milioi gutxiago —Espainiak ordainduko ez dituenak—. Azkenik, kolpe latza jaso dute lankidetzarako eta aukera berdintasunerako programek ere: %45 murriztuko dituzte laguntzak.

Beherakadarik nabarmenena Ingurumen Sailak eta Kultura Sailak izan dute: biek aurten baino %25,8 gutxiago izango dute. Hala ere, Bilbaok honako hau argitu gura izan du Kulturari dagokionez: “Aurtengo diru sorta handiagoa izan da, Euskalduna jauregia handitzeko lanengatik ordaindu beharrekoa ere barnean zegoelako. Beraz, aurtengo aurrekontuari 10 milioi horiek kenduta, Kultura Sailak izango duen beherakada %11,5 izango da”. Beste horrenbeste gertatu da Ogasun eta Finantza Sailean. Aurten, EHUri San Mames inguruan campus berria eraikitzeko hitzemandako laguntza ere kontuan hartu dute, baina dagoeneko datorren urtean ez da horren beharrik izango aurrekontuan. Ingurumen Sailaren proiektu nagusietako batek, bestalde, Artigasen eraikitzen ari diren hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako plantak, 2,3 milioi gutxiago izango ditu 2013an.

Ekonomia Sustapen Sailean ere bada doiketa, turismo alorrari lotutako hiru akordio bertan behera geratu baitira: Athleticek, Bilbo Basketek eta Euskadi Fundazioak euren elastikoetan Bizkaia izena eramateagatik ez dute gehiago diru laguntzarik jasoko. Aurten, 5,6 milioi jaso dituzte hiruren artean. “Zuzendaritzekin hitz egin dut, eta ondo hartu dute”, azaldu du Bilbaok. Eta ez da gutxiagorako. Saskibaloi taldeak diru publikoz eta beren-beregi eurentzat eraikitako Bilbo Arena pabiloian jokatzen du. Bide batez, Miribilla auzoko kiroldegia bertan jarri zuten. 38 milioi ordaindu ziren obrak. Aurretik, Casillan jokatzen zuten, baina txiki geratu zitzaien; ostean, BECeko Bizkaia Arenan —gaur egun ia erabilerarik ez du—. Futbol taldearen San Mames Barria proiektuak iaz baino gehiago jasoko du —7 milioitik 7,6 milioira igo da foru aldundiaren ekarpena—.

Nekazaritza Sailak 7 milioi gutxiago izango ditu. Horrela bada, % 19,1eko beherakada sufrituko du Irene Pardoren taldeak. Herri Lan eta Garraio Saileko beherakada, bereziki, errepideetan igarriko da. Aurten ere espero ziren errepide ardatzetako askoren proiektuak tiraderan gorde behar izan dituzte. Eta inork ez daki noiz atera ahalko dituzten. 2013. urtean Autzagane eta Bermeoko saihesbideen obrekin jarraituko dute. Aurrekontuaren txikitzea aintzakotzat hartuta, Bizkaibusek, behintzat, duin eutsi dio.