EAJk eta Bilduk Iberdrolan kexatzeko esan diote Orozkoko Udalari

Orozko haranean hainbat argindar mozketa sufritu dituzte azken hilabeteetan, aurrez ezelango abisurik jaso barik. Herritarren artean haserrea nagusi dela eta, oposizioko bi alderdiek, EAJk eta Bilduk, Iberdrola argindar konpainiari kexa formala agertzeko eskatu diote udalari.

Adie herri plataformako Jose San Pedro da Orozkoko alkatea. Daborduko berba egin du enpresarekin, eta jasotako azalpenen berri emana du osoko bilkuran. Iberdrolak konpromisoa hartu zuen San Pedroren aurrean, argindar mozketak aztertu, zerk eragin dituen ikertu eta gehiago ez gertatzeko konponbideak jartzeko. Gainera, konpainiako ordezkariek esan zioten beste urte batzuekin alderatuz azkenaldiko mozketek eragindako galerak txikiagoak direla, aurten egindako hobekuntza beharrei esker.

Bildu eta EAJ, ordea, ez ditu asebetetzen azalpen horrek. “Herritarrei, dendariei, enpresariei kalte egiten diete mozketa horiek, eta egoera konpontzeko exijitu behar diogu Iberdrolari”. Hala, alderdiotako ordezkariek idatzizko kexa bat bidaltzeko eskatu diote udalari, haraneko argindar sarea behar bezala jartzeko eskatzeko.