Babesa eta kontrola nahi dituzte

Babesa eta kontrola nahi dituzte

Natalia Salazar Orbe

Baserri giroan ohikoa izan da urteetan katemea erditu eta katakumeak zaku batean sartu eta errekara botatzea, edo harri baten kontra kolpeka hiltzea. Sobera zeuden animaliak akabatzea, alegia. Baserri inguruetatik herrietara, kaleetara egin dute salto katuek. Eraikinen arteko babesean, orubeetan eta kaleetan ezarri dituzte bizilekuak, eta koloniak osatu. Herri eta hiri askotan darabilte kolonia horiek kontrolatzeko HEA (Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu) programa. Beste batzuetan, herritarrak ari dira euren kabuz lan hori egiten, eta udalen inplikazioa eskatu dute. Busturia eta Gorliz dira azken horietako eredu bi.

Kaleko katuen presentziak bi jarrera erabat kontrako sortu ohi ditu: herritar asko kexu dira, zaratak, zikinkeria eta usainak direla eta. Beste batzuek janaria ematen diete, eta, ahal duten heinean, babestu egiten dituzte. Hori bakarrik ez; badira euren kabuz albaitariarengana eraman eta antzutzen dituztenak, baita txertoak jartzen dizkietenak ere. Askotan, mantsoak direnak etxean harreran hartzen dituzte, eta familia bat bilatzen diete. Gorlizen eta Busturian ari dira horretan. Katu Arima elkartea eratu berri dute lehenengoan; Buskat osatzekotan daude bigarrenean. Biek ala biek gauza bera aldarrikatu dute: udalen laguntza behar dute.

Busturian bospasei lagun ari ziren, bakoitza bere kabuz, inguruan aurkitzen zituzten kolonietako katuak zaintzen. Eli Iturraspe da horietako bat. Kontatu duenez, elkartzea, indarrak batzea eta udalari laguntza eskatzea erabaki zuten azkenean. “Gernika-Lumon, Mundakan eta Bermeon HEA programa martxan jartzea lortu zuen Vian Vida Animal elkarteko kide batek hitz egin zuen gure alkatearekin. Eta hark erantzun zion Busturia baserri giroko herria dela, eta inoiz ez dela egon elkarbizitza arazorik animaliengatik. Arazorik egon ez arren, animaliok gutxieneko baldintza batzuk behar dituzte bizitzeko”. HEA metodoaren bidez katuak esterilizatzen dira, eta animalion populazioa kontrolatu.

1.450 euro

Busturian hamalau kolonia identifikatu dituzte boluntarioek, orain arte aztertutako auzoetan. Horietan 60 katu bizi dira. Hamabi esterilizazio ordaindu dituzte, euren kabuz: 1.450 euro, denera. Eta hogei adopzio ahalbidetu dituzte. Orain, negura begira, katuentzako etxetxoak egiten ari dira.

Udalak esku har dezan sinadurak batzen ari dira Busturian. Kalean topatzen dituzten herritarrei eskatzen diete sinatzeko. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, ezin izan dituzte tabernetan jaso. Horrek bidea erraztuko liekeela sinetsita daude. Izan ere, erantzun ona izan dutela nabarmendu du Iturraspek: “Oso harrera ona izaten ari gara. 330 sinadura lortu ditugu [Eustat-en 2020ko datuen arabera, 1.622 biztanle ditu herriak]. Sinatzeko eskatu diegunetatik, hiruzpalauk besterik ez digute eman ezetza”.

Sinetsita daude herri osoarentzako onuragarria dela katuen koloniak kontrolatzeko esku hartzea. “Udalak aitortu zuen jarrera bietako herritarrek deitu dietela: batzuek, guk bezala, katuak jagon nahi dituzte, eta horretarako laguntza gura dute. Beste batzuek kexaka deitzen diete, molestatu egiten dutela esateko. Batzuentzako onena izango litzateke katuak desagerraraztea, hiltzea. Ez, ordea. Katuek euren egitekoa dute naturan. Katuak dauden lekuan ez dago arratoirik”.

Kontrolik bako ugaltzeak

Gorlizko Katu Arima elkartea ere antzera mintzatu da. Mertxe Soto bertako kideak bi katu kolonia zaindu ditu urteetan, eta esterilizazioak egin ditu haren kabuz, elkartea osatzen duten beste zazpi kideen antzera. Denak dira emakumeak. Argi dute udalak direla ardura hartu behar dutenak. “Kontrola hartu ezean, katuek arazoak sortzen dituzte herritarrentzat. Animaliak gaixotu egiten dira, kontrolik gabe ugaltzen direlako. Eta horrek arazoak dakartza”, ohartarazi du Sotok.

Gutxienez, sei hilero umatzen direla azaldu du Sotok. “Bospasei kume izaten dituzte. Sarri, amek ez diete kasurik egiten, eta hilzorian egoten dira, autoetan sartuta”. Horregatik, gustuko dituztenentzat zein maite ez dituztenentzat onuragarria den sistema dela uste du hark ere: “Animaliok kalean bizi dira, basatiak dira, baina herrietan eta hirietan bizitzeko leku aproposa aurkitu dute. Sistema honek oreka bilatzen du animaliak eta katuak gustuko ditugunon eta katuen ugaltzea arazotzat dutenen artean. Bide honetatik erregulatu egiten da”. HEA metodoari buruz ari da.

Gorlizko Udalak Busturikoak baino jarrera harberagoa izan du. “Zinegotzi batek bereziki interes handia du, eta babesa erakutsi digu. Bileretan ari gara”. Kaleko animalien egoera arautzen duen ordenantza moldatzeko proposamena egin dute. “Erabat zaharkitua zegoen. Herritarrek kexaka deituz gero, enpresa bati deitzen zion udalak; horrek katua hartu eta eramaten zuen. Gehienetan oso animalia basatiak direnez, ezinezkoa zen adopzioan ematea. Orduan, hil egiten zuten. Legeak araututa, gainera. HEA metodoaren bidez, kontrolik gabeko ugalketak eta osasun egoera kaskarra duten koloniak erregulatzen dira”. Metodo hori elkarlanean gauzatzeko hitzarmena ere osatzen ari dira udalarekin batera.

Gorlizko Udalari diru ekarpen hutsa baino esku hartze handiagoa eskatu diote Sotok eta haren elkarteko kideek. Prozesu horretan guztian ezinbesteko hiru oinarri daudela uste dute: udala, Katu Arima elkartea eta katuak harrapatu, esterilizatu eta berriz ere kolonietan askatuko dituen enpresa berezitua. “Askotan, udalak elkarteei diru bat ematen die, eta elkarteak arduratzen dira esterilizazio prozesuez. Lan handia da hori, eta eragindako nekearen ondorioz, proiektuek porrot egin dezakete. Udalak antolaketa eta dirua jarri beharko lituzke”, dio Sotok. “Gu oso kolaboratzaile aktibo eta inplikatuak izango ginateke. Hirugarrenik, enpresa berezituak harrapatu eta esterilizatuko lituzke katuak, eta, dena ondo badoa, 24 orduren ondoren askatuko lukete animalia haren kolonian”.

Kontzientziazio beharra

Proiektua udalean eta herrian errotu behar dela uste du Sotok. “Ezin da zinegotzi baten borondate onaren mende geratu. Herria kontzientziatu behar da. Proiektu hau oso garrantzitsua da, eta herriarentzako onuragarria. Gainera, frogatuta dago funtzionatzen duela”.

Iturraspe lan pedagogikoa egiteko beharrari buruz mintzatu da. “Gaur egungo gizarteak ezin du onartu, lehen bezala, katuak harri batekin jota hiltzea. Belaunaldi gazteekin pedagogia lana egin behar da”. Horretarako ideiak badituzte buruan. Bigarren eskuko produktuen azoka bat antolatu nahi dute, eta paparrean jartzeko feltrozko katutxoak egin. “Umeei erakutsi nahi diegu animaliak zaintzearen beharra”.