Aurreiritziak alboratzeko bidaia bat

Nazioarteko agenda politikoan Iranen programa nuklearra gori-gori dagoen gaia da. Mendebaldeko herrialdeetako komunikabideek egunero egiten dute berba pertsiarren lurraldeaz, eta Iñigo Azkona (Bilbo) eta Pablo Gonzalez (Nabarniz) kazetari bizkaitarrek hurbiletik ezagutu gura izan dute munduko lekurik gatazkatsuenetako bat den hura. Azkonak azaldu duenez, “ezusteko edarra” hartu zuten Iranera heldutakoan, herriaren benetako izaera komunikabideek erakusten dutenaren oso desberdina baita. “Diskurtso ofizialaren azpian ezkutatzen dena ezagutzeko aukera izan genuen”, dio.

Irango Gobernuaren eta herriaren artean alde handia igarri zuten kazetariek. Gobernuaren neurriak oso zorrotzak dira, baina herritarrek bizimodu normal bat daramate estatuaren neurriak alboratuta. “Kapitalismoaren kontrako diskurtso baten bila joan ginen, baina ez dugu aurkitu erregimenaren alde berba egin duen pertsonarik”, azaldu du Azkonak. Hala, harrituta bueltatu dira etxera, inguru gatazkatsu batera zihoazela uste zuten eta.

Ormuzko itsasartera joan zirenean ere, biztanleak oso lasai bizi direla ikusi zuten. Lantzean behin AEBetako ontziak ibiltzen dira handik, baina herritar arruntek ez diete jaramonik egiten maniobra militarrei.

Euskal Herrian bezala gertatzen da kazetari bilbotarraren ustez. “Komunikabideetan egunero agertzen ziren gatazka irudiak, eta kanpotarrek arriskutsu zela pentsatzen zuten. Ikaragarria da komunikabideek izan dezaketen eragina”, dio.

Kazetari bilbotarrak dioenez, irandarrak aiatolen erregimenaren kontra daude, baina beldur handia dute estatuak errepresioaren bidea hartuko duela baitakite. Hala, oraingoz behintzat, ez dute estatuari aurre egiteko modurik, iraultza ez baita aukera bat Pertsiako biztanleentzat.

“Irandarren ustez, petrolioaren jabeek kontrolatzen dute lurraldea, herritarren beharrizanei erreparatu barik. Mendebaldeko herriek ezarritako isunek hango ekonomiari eragin diote dagoeneko, eta bizi-baldintzak okertu egin dira; agintariek, berriz, programa nuklearra sustatzen dute”, adierazi du.

Emakumeen artean, esaterako, zapiagatik igar daiteke nortzuk dauden erregimen zorrotzaren kontra. Gobernu ildoaren alde daudenak aurpegia estalita doaz, baina gutxiengoa direla dio Azkonak. Izan ere, emakume gehienek zapi txikia daramate, eta aurpegia agerian. “Bitxikeria dirudi, baina erregimenaren kontra egiteko modua zirudien”.

Bidaian ezagutu zituzten irandarrak oso atseginak izan ziren, eta, gainera, zenbaiten bizimodua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten kazetariek. Gau batean, hango familia bategaz afaltzeko aukera izan zuten, eta ederto pasatu. “Esperientzia oso positiboa izan da, eta gomendatzeko moduko bidaia bat da”.

Azkonak dioenez, biztanle gehienek badakite Iranek fama txarra duela atzerrian, eta, horrenbestez, harritu egin ziren bizkaitarrak turismoa egiten zebiltzala jakitean. Badaezpada, ez zuten esan kazetariak direla, baina, Azkonak argitu duenez, lan egiteko aukera ere izan zuten, guztia baitzen berria.

Errefuxiatuen gunean

Bidaiari bi hauen helburua Iran ezagutzea zen, baina hara heldu aurretik Turkian eta Kurdistanen ere ibili ziren. Hain zuzen, Ankaran hasi zuten bidaia, bertan Trans Asian tren famatua hartuta. Xede nagusia Teheranera trenez joatea zen hasieran, baina, ondo pentsatu ostean, Kurdistango Van herrian geratu ziren lehenengo.

Vanek lurrikara gogor bat jasan zuen duela urtebete, eta kazetariek hango herritarren bizi-baldintzak hurbiletik ikusteko aukera izan zuten. Azkonak nabarmendu duenez, “duela urtebete bezala daude”. Herria guztiz suntsituta dagoela dio, baina Vaneko alkateak azaldu zienez, ez dute dirurik ingurua berreraikitzeko. Turkiako Gobernuak ez die batere laguntzen, eta, horrenbestez, errefuxiatu guneetan egoera larrian bizi dira.

Trenbideak, esaterako, oso txarrak dira, Azkonak dioenez. “Trenak orduko 20 kilometroko abiadura har zezakeen bakarrik”.