Arratiak bosgarren edukiontzia jarriko du urtarrilean

Arratiako Udalen Mankomunitateak prestatu gabeko hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroia jartzea erabaki du. Arantzazun, Areatzan, Bedian, Diman, Igorren, Lemoan, Ubiden eta Zeanurin egongo dira, gainontzeko edukiontzien ondoan. Osotara, 80 izango dira. Horietako bakoitzak 1.100 litroko edukiera izango duela azaldu du Josune Gorospe mankomunitateko presidenteak. Horrez gain, parte hartuko duen familietako bakoitzari hondakin horiek biltzeko ontzi txikiagoak emango dizkiete. Urtarrilean jarriko dute martxan.

“Egitasmo berri honekin hiri hondakinen kudeaketa zerbitzu moderno eta eraginkor batera egingo dugu salto”, azaldu du Gorospek. Azaldu du bi helburu beteko direla bosgarren edukiontziarekin. Batetik, zabortegira doan hondakin kopurua gutxituko da Arratian. Bestetik, hondakinei baliozkoa den eta ingurumenari kalte egiten ez dion beste irtenbide bat emango zaie: konposta egitea. Izan ere, edukiontzi marroietan bilduko diren prestatu gabeko hondakin organikoak Bizkaiko Foru Aldundiak Artigasen duen konpost plantara joango dira zuzenean.

Dagoeneko informazio kanpaina bat egin dute, eta eskualdeko 500 familiak agertu dute interesa. Mankomunitatearen helburua, baina, urtarrilerako mila izatea da. Eta, gerora, Arratiako familien %50era iritsi gura dute. Horretarako, beste kanpaina bat jarriko dute martxan.

Edukiontziek, dagoeneko jarrita dagoen lekuetan gertatzen den moduan, giltza izango dute. Hartara, egitasmoan parte hartzen duten familiek baino ezingo dute erabili, eta ziurtatuta egongo da bota daitezkeen hondakinak baino ez direla botako: kafe hondarrak, ogia, arrautzen azalak, fruitu lehorrak eta prestatu gabeko barazki eta frutak. Urtarrilean beste kanpaina bat jarriko dute martxan, Arratiako jatetxe, supermerkatu eta fruitu dendek ere parte har dezaten.

Egitasmoak 115.000 euroko gastua sortuko du, edukiontzi marroi, etxeetako kubo, giltza eta informazio kanpainak barne. Oso-osoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ordainduko du. Interesa duenak informazioa eskatzeko edo parte hartzeko eta izena emateko hiru ditu: arratia21.arratia@bizkaia.org helbide elektronikora idaztea, 94-631 17 17 telefono zenbakira deitzea arratsaldez edo goizetan mankomunitateak Igorren duen egoitza nagusitik igarotzea.