Abendurik ez kaleetan

Abendurik ez kaleetan

Ibai Maruri Bilbao

Azken urteetan legez, azaroko azken barikuan eta inguruko egunetan black friday delako merkealdi egun bereziak izango dira merkataritzan. Modu horretan abiatuko da Gabonetako salmenta kanpaina, urteko garrantzitsuena. Baina dendariak irrikaz barik kezkaz beteta daude aurten. Herritar asko diru sarrerak urrituta, koronabirusak kutsatzeko beldurra, zenbait produkturen premia txikiagoa, ostalaritza itxita eta etxeratzeko agindua indarrean… Ez da kontsumorako garairik onena. Unai Garcia Arratiako Merkatarien Elkarteko presidentea da, baita Arratek informatika dendako ugazaba ere, eta esan du ez dutela arriskurik hartu gura: “Beste edozein urtetan black friday kanpaina prest legoke, baina aurten inprobisatzen ari gara. Ez dakigu datorren astean dendak zabalik izango dugun!”.

Moda dendak, beste horrenbeste. Balmadenda Balmasedako merkatarien elkarteko presidente Juan Antonio Andrade jostuna da, eta gizonezkoen arropa denda du. Batez ere, ezkontzetarako arropak egiten ditu, eta apiriletik bakar bat ere ez du izan. Salmentarik ez duenez, hark ere ez du erosten ia. “Moda dendetan sei hilean behin egiten ditugu erosketak: irailean erosi genituen datorren urteko udaberriko eta udako arropak. Firmetakoak euren produktuak erakustera datozenean, tentuz erosten dugu, ez dakigulako zer saldu ahal izango dugun. Gainera, aurtengo udaberriko eta udako arropa asko geneukan saldu barik”.

Janaria saltzen dutenak eta zenbait zerbitzu eskaintzen dituzten negozioak dira salbatu diren bakarrak. Are gehiago, janari dendek gorakada izan dute, lehen kalean jan eta edaten zena, orain etxean egin behar delako. Edozelan ere, negozio guztietan estu dabiltza gastuei aurre egiteko. Langileak dituztenek aldi baterako erregulazioan ipini dituzte. Baina, Zatozte Ondarroako merkatarien elkarteko teknikari Eva Aranbarriren esanetan, haienean eta gainontzeko herri txikietan dendari gehienak autonomoak dira, eta ia ez dute langilerik euren kargu.

Dena den, bada egoerari abantaila topatu dionik ere. Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteko teknikari Naira Iturberen hitzetan, Gernika-Lumon ikusi dute orain herritarrek gehiago erosten dutela herrian. “Gernikar gehienek kanpoan egiten dute lan, eta, ondorioz, erosketak ere kanpoan egin dituzte. Orain, denbora gehiago daude herrian, eta hemen erostera itzuli dira”.

Gabonetako argiak piztear daudela, sektoreak garai iluna bizi duela esan diote lau elkarteotako kideek Bizkaiko Hitza-ri. Hala ere, bada argi egiten duen distirarik.

Merkataritza

OSTALARITZA ITXITA. Akuilua falta
Azaroaren 7tik taberna eta jatetxe guztiak zarratuta daude. Aurretik zita hartuta, etxera eroateko jana baino ezin dute banatu; edo zuzenean haiek etxera eroan. “Kaleak hutsik daude. Eskolatik umeak hartu, pixka batean parkera eroan, eta laster sartzen dira denak etxera. Horrela ez da ezer saltzen”, azaldu du Aranburuk. Andraderen esanetan, ostalaritzak bizitza ematen die kaleei, sozializazioa bultzatzen duten elementu nagusienetakoa dira: “Taberna eta terrazetan inor ez badago, ez dira dendetako erakusleihoak ikusten; beraz, ez da erosten. Gainera, kalera zenbat eta gutxiago irten, arropa gutxiago behar duzu, esaterako”. Dotore janztea eskatzen duen ekitaldirik ez badago, erosteko beharrik ere ez. “Guretzat ostalaritza funtsezkoa da”, esan du Garciak.
BONUAK. Urte osoan badira, hobe
Urtero bezala, Euskadi Bono Denda izeneko kontsumo bonuak atera dituzte Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru diputazioek eta udalek azaroan zehar. Bizkaiko Foru Aldundiak ere ezohiko bonu kanpaina bat abiatuko du abenduan. Lurralde Lehiakortasunerako eta Turismorako foru zuzendari Cristina Mugikak azaldutakoaren arabera, 1,8 miloi euro inbertituko dituzte 210.000 bonu banatzeko. Eta hainbat dira euren bonuak dituzten udalak, merkatari elkarteak eta eskualdeetako garapen elkarteak.Adibidez, Ondarroan Euskadi Bono Dendak ez ezik, Leartibai garapen elkartearenak izan dituzte. Aranbururen esanetan, “oso ondo” funtzionatu dute, ostalaritza zarratu den arte. Garciak ez du izan bonuen kanpainan parte hartzeko aukerarik, konfinamenduan itxita egon zirenentzako direlako. Euren informatika denda premiazkotzat jo zen, baina orduan izan zuten bonuen beste kanpaina bat eta oso ondo joan zitzaiela esan du: “Azkar amaitu ziren salgai ipini ziren bonu guztiak. Laguntza itzela izan zen guretzat”.Andradek ere babestu ditu, baina iruditzen zaio unean uneko laguntza horiek ez direla konponbidea. “Bonuak daudenean salmentek gora egiteak ez digu laguntzen bonuak ez daudenean negozioarekin aurrera egiten. Behar duguna da herritarrek kontzientzia hartzea euren herrietako merkatariei erosteko, eta hori bultzatu behar dute erakunde publikoek urte osoan”.
‘ONLINE’ SALMENTAK. Arazo eta gastu gehiago
Andradek gogora ekarri du konfinamenduan online salmentek goia jo zutela, baina badu orain erosleak bestela jokatuko duen itxaropenik: “Gabonetako erosketak bereziak dira, oparitarako dira. Herrietan, behintzat, jendeari produktua ikustea gustatzen zaio, eta, horretarako, dendak zabalik izan behar ditugu”. Iritzi berekoa da Garcia: “Ezinbestekoa dugu Gabonetako erosketa guztiak ez egitea Amazonen; bestela, guri ez zaigu ezer geratuko”. Hala ere, saihestezina izango da askok eta askok plataforma digitaletara jotzea.Aranbururen ustez, dendari txikientzat ez da aukera on bat. “Gastuak handitzen ditu. Oso ondo kontrolatu behar duzu dendako stocka, eta 24 orduan martxan dagoen zerbitzua da. Horretarako, langile gehiago behar dituzu. Gainera, nork ordainduko du garraioa?”. Aukera bakarra saretzea dela iruditzen zaio. Eta batzuek egin dute.Cecobi Bizkaiko merkataritza patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Digital Market (bizkaiadigitalmarket.com) ataria sortu zuten 2016an. Merkatariei euren produktuak sarean saltzeko aukera eman nahi zieten. Bizkaiko hainbat merkatari elkartek egin dute bat. Tartean dago Gernika-Lumokoa. Duela bi urtetik hona euren ataria ere badute: gernikamarket.com “Ez da market place bat: horietan ez daude dendak bereizita, eta gurean bai. Amazon market place bat da, esaterako, produktuak hartu eta zuzenean altzen dituelako”. Bi atari horietan, denda bakoitzak bere tokia du, dagokion azalpenarekin, kontaktuarekin, erakusleihoaren argazkiekin. Eta aparte dago salmentarako aukera. “Bagenekien guztiek ez zutela online salmenta egin gura izango, eta, behintzat, euren produktuak sarean erakusteko aukera eman nahi genien”. Tipsarekin dute banaketa kontratua. 80 denda inguru daude plataforman eta igarri dute azken hilabeteetan gora egin dutela salmentek.
Garciaren dendan web orriak ere egiten dituzte, eta esan du erakunde publikoetatik Internet bidezko salmenta sustatzen denean, “oso herren” ibiltzen direla: “Modernizaziorako eta digitalizaziorako laguntzak badira laguntza, baina ez behar bestekoak. Profesionalizazioaren aldeko apustu bat falta da benetan online salmenta serio eta lahiakorra egin nahi bada”. Pandemia garaian eta ondoren ere, Internet bidezko erosketak gero eta garratzitsuagoak izango dira. Beraz, merkatariek ezinbestean heldu beharko diote denda digitalari.

Gernika Market ataria