Maite Berriozabal Berrizbeitia
Umea nintzela Berrizko plazatik gertu zegoen kioskoari Pepillo deitzen genion. Senar-emazteak aritzen ziren bertan lanean, baina dendak senarraren izena zuen. Mandarina bat zuritu bitartean, Encarnak gominolak begiratu ere egin barik zenbatzen zituen. Balea beltza goragoko maila batean zegoen, baina marrubiak, atzamarrak eta arrautzak bost pezetaren truke eskuratzen genituen. Ez zekiten euskaraz, eta, beraz, beti gaztelaniaz aritzen ginen beraiekin. Encarnak euskarazko berbaren bat edo beste bazekiela akordatzen naiz, baina ez elkar euskaraz ulertzeko beste.
Asteburuetan gurasoekin inguruko herriren batera joaten ginen batzuetan, eta domeka gozokiak erosteko eguna zaten zen. Abadiñoko Traña-Matiena auzoan zegoen Uneibi gozoki dendan lehenengoz sartu nintzenean ohartu nintzen bazirela euskaraz zekiten gozoki saltzaileak ere. Beste mundu bat iruditu zitzaidan, eta inguru hartan genbiltzanero pozik joaten ginen berarengana. Ez dakit dendan sartu ginen lehen aldi hartan guk zein hizkuntzatan hitz egin genion, baina berak euskaraz egin zigula badakit. Ordutik, bagenekien Pepillorenean gaztelaniaz eta Uneibin euskaraz egin genezakeela.
Umetatik jaso genuen guk euskara etxean, eta mundua hala ulertu genuen harik eta gaztelania ere gureganatu genuen arte. Ondo ikasi genuen herriko tren geltokiko leihatilan nori egin geniezaiokeen euskaraz eta zeini ez. Amak Conchiren okindegira bidaltzen gintuenean ogi integrala eta ogi zuria gaztelaniaz nola esaten ziren ondo ikasita joaten ginen ahizpa eta biok. Urteetara jakin nuen Conchiren senarrak euskaraz ondo baino hobeto zekiela. Ez zuen ogirik saltzen, baina kalean kasu egiten zigun aldiro guk euskaraz eginez gero euskaraz hitz egiten zigun.
Guk euskaraz egiten genielako edo haiek euskaraz egiten zigutelako joan ginen gure inguruan euskaraz aritzeko espazioak irabazten. Ordutik hona hainbat lekutan sartu naiz lehenengoz eta makina bat jenderekin egin dut berba lehenengo aldiz. Batzuei aurreiritziz egin diet gaztelaniaz eta euskal hiztunak zirela ohartzean pena eta lotsa puntu bat sentitu izan dut. Beste askori aurreiritzia alboratu nahian euskaraz egin diedanean ez dut beti erantzunik onena jaso, baina saiatu gabe ezin jakin. Izan dira euskaraz erantzun ez didaten arren, euskaraz aritzeko aukera eskaini didatenak, eta horrela jarduten ere ikasi dut denborarekin.
Euskaratik eta euskaraz bizi nahiak bultzatu nau ni Euskaraldian izena ematera. Hamabost eguneko ariketak hizkuntza ohiturak aldatzeko edo indartzeko balio diezagula espero dut. Gutako bakoitzak gure ahalmen eta borondatetik ekingo diogu ariketari eta bidean elkartuko gara. Egin gabeko bidea ez da bide bihurtzen sasitzatik lehenengo aldiz pasatakoan, baina joan-etorriak metatu ahala bihurtzen da bidea bide. Hamabost egunek emango diguten aukera baliatuko dut euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen joateko. Badakit uste baino Conchien senar eta gozoki saltzaile euskaldun gehiago dudala inguruan eta denekin aritu gurako nuke euskaraz, Euskaraldiak hasitako bidea euskararen betiereko aldi bihurtzea helburu.