Ibai Maruri Bilbao
Angel Mari Unzueta urte askotan Bilboko gotzain izateko kinilietan egon izan da. Baina, lehenik Joseba Segurak Bizkaiko bikario nagusiaren karguan lekukoa hartu zionean eta ondoren Segura Bilboko gotzain laguntzaile izendatu zutenean, aukera guztiak galdu zituen. Dena den, apezpiku izatea ez zegoen haren asmoen artean. Edozelan ere, heriotzarekin Bizkaiko Elizak “lemazaina galdu du”. Hala esan zuen Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain izandakoak, Unzueta hil dela jakin zuenean. Zapatuan zendu zen, 67 urte zituela, Bilbon, Begoñako abade etxean.
Durangon jaio zen, 1952an. 11 urterekin sartu zen seminarioan. 1979an egin zen abade. Deustuko Unibertsitatean Historia eta Geografia ikasketak egin zituen lehenengo; Teologiakoak gero. Alemanian egin zuen doktoretza tesia, Ruhreko Unibertsitatean. Oso ondo menderatzen zuen alemana. Erromako Gregoriar Unibertsitatean Eliz Ikasketak egin zituen. 2006tik 2018ra, bikario nagusi izan da. Ordutik, Urkiolako santutegikoa abadea izan da. Eta irakasle ere ibili da: Gasteizko Teologia Fakultatean eta Begoñako Andra Mari irakasle eskolan.
Abade izatea zuen lehen bokazioa, kazetaritza bigarrena. Bilbo Herri Irratian esatari ibili zen 1970eko hamarkadan. Euskarazko lehen irratsaioen bultzatzaileetako bat izan zen, eta Bizkaia Irratiaren sorreran parte hartu zuen —orain ere kolaboratzen zuen—. ETAren bukaerako bidea errazten lagundu du. 2011n, Aieteko Bake Konferentzian Elizaren ordezkaria izan zen. Euskal gizartean “adiskidetzea” lortzea zuen orain ametsa. Astelehenean egin zioten hileta, Durangon; bihar, In Memorian meza.
Bere sorterria Bilbok anexionatu zuen urtean jaio zen Manolo Legina: 1925ean, Begoñako Arbolantxa auzoko Atxeta baserrian. Inguruko jatorrizko euskaraz hitz egiten zuen. Begoñan bertan, Karrantzan eta Ipar Euskal Herrian hainbat erromeria alaitutakoa da. Astelehenean zendu zen.
Ez zuen musika ikasketarik jaso. Belarriz ikasi zuen trikitia jotzen, gaztetan. Artxandako Gillermin pandero jotzailearekin,Txilibrin eta Leon Bilbao albokariekin eta Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearekin sarri ibilitakoa da. Hainbat lagunekin Alaitasunaren Karaba osatu zuen eta Garaizarko Mahatsorriak abesbatzako kide ere izan da. Gaur egingo diote hileta, Begoñako basilikan, 19:00etan.